Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) azken txostenean iragarri duenez, aurtengo uda —zehazki, aurtengo uztaila— mende honetako beroen eta lehorrenetan bosgarrena izan da, eta seigarrena erregistroak daudenetik. Bi bero-bolada izan dira jada penintsula osoan.
Abuztua hasi orduko, beste olatu bat iragarri zuten. Nola eragiten digu beroak errepidean joan-etorri gehien gertatzen diren garaian? Zer neurri har dezakegu gidatzean beroaren ondorioak arintzeko?
Egun hauetan errepidera irtetean, gogoan izan behar dugu beroa arriskutsua dela, eragin kaltegarria egiten baitie gidariei, bidaiariei eta ibilgailuei. Beroak, oso handia denean, kalte egiten dio gidariari, agresibitatea eragin baitiezaioke eta nekea areagotu. Bestalde, erreflexuak moteltzen ditu: denbora gehiago behar izaten dugu erreakzionatzeko, eta, ondorioz, akats gehiago egiten ditugu. Gainera, 35 °C-an gidatzen dugunean, ez ditugu ikusten trafiko-seinaleen % 10 eta % 20 artean.
Zenbait azterlanen arabera, istripu-arriskua % 20 ere igotzen da tenperatura altuetan.
Ez dugu ahaztu behar ibilgailuari ere eragiten diotela tenperatura altuek. Horregatik, bidaia hasi aurretik, ibilgailuaren zati guztiak berrikusi behar ditugu, eta, kasu honetan, arreta jarri behar diegu bereziki bero handia egiten duenean gehien sufritzen dutenei:
- Pneumatikoak: beroarekin, asfaltoak tenperatura altua hartzen du, eta higadura handiagoa eragiten du.
- Alternadorea: aire girotua, motorra hozteko sistema eta beste pieza elektriko batzuk gehiegi erabiltzean, ohi baino lan handiagoa egiten du alternadoreak udan. Egiaztatu ez daudela hondatuta alternadorea eta haren uhala. Saihestu gehiegizko esfortzuak eragindako matxurak.
- Bateria: egiaztatu beti erabiltzeko baldintza onetan dagoela.
- Hozte-sistema: motorraren hozte-sistemak huts egiten badu, motor osoa honda daiteke. Horregatik, funtsezkoa da sistema hori baldintzarik onenetan dagoela kontrolatzea. Autoa geldirik dagoenean motorra hozten duen haizagailu elektrikoa da udan gehien hondatzen den piezetako bat.
Ikusi dugunez, beroa erronka da ibilgailuarentzat zein gure organismoarentzat. Hori dela eta, neurri batzuk hartu behar ditugu geure ongizatea handitzeko. DGTk gomendatzen du udan neurri osagarri hauek hartzea:
– Gidatzen hasi aurretik, jaitsi autoko leihatilak, bidaiari-lekua aireztatzeko eta barruko eta kanpoko tenperaturak berdintzeko.
– Aire girotua pizten baduzu, eduki jaitsita leihatilak lehenengo segundoetan, aire beroa kanpora botatzeko.
– Klimatizagailuaren tenperatura 22-24 °C-an eduki, hoztu ez zaitezten auto-kanpotik barrura dagoen bat-bateko tenperatura-aldaketa dela eta. Ez orientatu haizebideak aurpegira edo bularraldera.
– Aireztatu bidaiari-lekua bidaian zehar, leihatilak jaitsiz. Kontuz bidaiariek atera ez ditzaten besoak edo burua.
– Programatu irteerak, bero handien egiten duen orduak saihesteko.
– Erabili arropa erosoa eta zabala, eta oinari behar bezala eusten dioten oinetakoak.
– Eraman alkoholik gabeko edari freskoak.
– Egin geldialdia 200 km-an behin edo 2 orduan behin, hidratatzeko, ibilgailua aireztatzeko eta erlaxatzeko.
– Edozein unetan neke- edo logura-sintomarik nabaritzen baduzu, gelditu berehala atseden hartzeko edo lo egiteko.
– Geldialdiak egitean, saiatu autoa itzaletan uzten. Autoa eguzkitan badago, ez utzi adineko pertsonarik, haurrik edo animaliarik ibilgailuaren barruan.
Gogoan izan uda bakoitzak duela bere istorioa eta beste asko kontatu behar ditugula.
