piernas peatones- paso de cebra
Itzuli

Oinezkoak agerian

Ikusmena eta bide-segurtasuna estu-estu lotuta daude, eta gidatzearekin lotzen ditugu beti. Baina ongi ikustea funtsezkoa da, eta ez bakarrik gidatzen dugunean; baita oinezkoak garenean ere.

Helsinkiko Unibertsitateak duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, bide-istripuen ia % 24 ikusmen-akatsen edo ikusmen-arretaren faltaren ondorio dira. 

Oinezkoak dira bideetako erabiltzaile ahulenak. 2019an, 387 oinezko hil ziren Espainiako errepideetan, urte horretan izandako trafikoaren biktima guztien % 22. 

Ildo horretan, Andrés Gene doktoreak, INTRASera atxikitako ikertzaileak, oinezko gisa bereziki zaurgarriak diren 2 biztanleria-talde aipatzen ditu: 70 urtetik gorakoak eta gazteak. Lehenak, jakina, beren adinagatik, eta, bigarrenak, distraituta ibiltzen direlako. 

Gazteen kasua bereziki kezkagarria da; bizi-itxaropen handiagoko belaunaldikoak dira, inoiz ez bezalako mugikortasuna dute eta prestakuntza handia jaso dute, baina beren gurasoek eta aitona-amonek baino askoz ikusmen kaskarragoa dute. 

Duela urte batzuk egindako ikerketa batean, honakoa ondorioztatu zen: ibilgailu handi bat (autobusa, kamioia) eta arin bat (bizikleta) abiadura berean hurbiltzen direnean, oinezkoek pertzepzio desberdina dute. Egoera horretan, oinezkoak beti sumatzen du ibilgailu handia “lehenago iristen dela”, eta, ondorioz, lehenago babesten du bere burua. Hori ez da gertatzen ibilgailu txikienekin, eta, horregatik, harrapatzeko arriskua handiagoa da. 

Konfinamenduaren ondoren, Visión y Vida elkartearen arabera, herritarren % 57k konfinamenduaren aurretik baino okerrago ikusten dute. Gazteenen artean, datu hori % 77ra igo da, konfinamenduaren ondoren gailu digitalen erabilera ikaragarri handitu delako. 

Bide-segurtasunaren ikuspuntutik, datu horiek guztiak kezkagarriak dira; izan ere, “ondo ikustea” funtsezkoa da trafikoan, bai gidari gisa, bai oinezko gisa, kale bat gurutzatzeko, seinaleak bereizteko eta erne egoteko, edozein ezustekoren aurrean garaiz erantzuteko. 

Hori dela eta, “ondo ikusteak” garrantzi handia duela eta ikusmenari lotutako patologiak areagotzen ari direla ikusita, profesional guztiek uste dute aldizkako azterketak direla ikusmena zaintzeko bide bakarra, bai eta garrantzitsua izaten hasi den arazo hori arintzeko ere. Gainera, aldizkako azterketa horiei esker, adinaren berezko gaixotasunak antzeman daitezke, hala nola presbizia eta larriagoak diren beste batzuk, hala nola glaukoma (alboko ikusmena mugatzen du), makula-endekapena eta diabetesarekin lotutako beste batzuk. 

Hausnartu dezagun sakon eta eman diezaiegun azterketa horiei merezi duten garrantzia, geure bizia jokoan baitago. 

Bukatzeko, begi-nekearen aurkako aholkua: ez ahaztu, pantaila eta/edo gailu digitalen aurrean gaudenean, 20/20/urrun araua: pantaila baten aurrean gauden 20 minuturo, 20 segundoz atseden hartu eta urrunera so egin. 

Lotutako berriak