
Zein dira oldarkor gidatzearen kausa nagusiak? Zergatik gidatzen dugu oldarkortasunez? Galdera horiei erantzuten eta arazoa konpontzen saiatzeko modurik onena, hain zuzen ere, arazoa ezagutzea eta arretaz aztertzea da.
Gidatzea bera eta haren hiru jarduera-mailak hartuko ditugu abiapuntutzat:
- kontrolaren maila,
- maniobraren maila
- eta planifikazioaren maila.
Hiru maila horiek ondo funtzionatzea zenbait aldagairen araberakoa da, hala nola informazio-kantitatearen, informazio-kalitatearen eta gidariaren nortasunaren araberakoa. Azken horrek zehazten ditu gidatzean izaten diren azken erabaki eta jokabideak, gidariaren sinesmen eta espektatibek baldintzatuak.
Nabarmentzekoa da ibilgailua bigarren azal bihurtzen dela, isolamendu eta anonimatu jakin bati bide ematen diola, eta horrek erraztu egiten duela bestela inhibituta dauden bulkadak agertzea. Bulkada horiek jokabide oldarkorrak eragin ditzakete gidatzean, eta arrisku-faktore horrek harremana izan dezake trafiko-istripu ugarirekin. Zenbait azterketaren arabera, oldarkortasunak nabarmen egin du gora azken urteotan; baina ez hori bakarrik, izan ere, Europako batez besteko gidarien berezko jarrera bihurtzera irits daiteke.
Azpimarratzekoa da oldarkor gidatzearen kontzeptuak barne hartzen dituela bai hitzezko adierazpena, bai adierazpen fisikoa, bai ibilgailuaren erabilera bera.
Jarrera oldarkor horren eragina balioesteko, hura eragiten eta areagotzen duten faktoreak ulertu behar dira, eta bereizi egin behar dira gidariaren mendekoak, barne-faktore deritzenak, edo kontrolatu ezin diren kanpoko inguruabar zehatzak, kanpo-faktore deritzenak.
Barne-faktoreak: Zenbait faktore bereiz daitezke haien barruan:
- Egoera emozionala eta nortasuna: pertsona batzuk, nortasunaren ezaugarri jakin batzuen eta bizitzako garaiaren arabera, beste batzuek baino errazago izaten dituzte zirkulazio-istripuak. Horregatik aipatzen da “istripua izateko aldez aurretiko joera”. Ildo horretan, oldarkor jokatzeko joera handiagoa duten pertsonek errazago interpretatuko dute besteen jokabidea mehatxu gisa.
- Egozteak: errepidean gertatzen diren egoerei buruz egiten den interpretazioa erabakigarria da ondorengo erreakziorako. Horregatik, ezinbestekoa da kontuan izatea egozte horiek ez direla beti zuzenak eta, horrela, liskar-maila murriztea.
- Enpatia-falta: enpatia faktore erabakigarria da errepideko gatazken prebentzioan. Eraginkortasun handiagoz gidatzea sustatzeaz gain, lagungarria da beste erabiltzaileen mugimenduei aurrea hartzeko, egoeren kudeaketa positiboa eginez, besteen ekintzak errazten baititu.
- Inpunitate- eta anonimatu-sentsazioa: gidatzean sortzen den anonimatuari esker, sen primarioak azaleratu daitezke, eta gerta daiteke errepideaz bestelako esparruetan kontrolatuko liratekeen zenbait bulkada ez erreprimitzea.
Kanpo-faktoreak: oldarkor gidatzearekin harremana duten kanpo-faktoreek kontrolatu ezin diren egoerak aipatzen dituzte; batez ere, zirkulazioa, presa izatea, aparkalekurik ez aurkitzea, inguruko zarata eta tenperatura desegokia. Gidarien erdiek baino gehiagok gidatzeko estiloa aldatzen dute arrazoi horiengatik. Egoera horiek frustrazioa eragiten dute, eta, ziurrenik, jarrera oldarkorragoak izatera bultzatzen dute.
Ondorioak:
Jarrera oldarkorrek biktimadun istripu bat izateko arriskua areagotzen dute. Gidariaren jokabidea zenbait motibazio pertsonalek bideratzen dute, eta egiten dituen aukerak erabakigarriagoak dira gidatzeko jardueraren ezaugarri zehatzak baino.
Aurreko guztia kontuan hartuta, eta kasu bakoitzaren inguruabarrak bakarrak izan arren, badira zenbait aholku oldarkortasuna hobeto kontrolatzeko eta, hartara, arriskuak murrizteko.
- Kontzientzia osoz gidatzea, arreta gure jokabidean jarriz.
- Kontrolatu daitezkeen faktore guztiak (sor litezkeen auto-ilarak, tentsioak ibilgailuaren barruan, zarata, tenperatura…) albait gehien doitzea.
- Jabetzea haserre-mailak gora egiten jarraituko duela, eta arnasketa- edo erlaxazio-teknikak aplikatzea, haserrea kontrolatu ahal izateko.
- Beste gidarien inguruabarrak ez epaitzea. Gidatzeko orduan izaten den tolerantzia lantzeak murriztu egingo du frustrazio-maila.
- Gidatzeko arauak errespetatzea: horrela, istripuak saihesteaz gain, liskar-giroa kontrolatua izango duzu.
