Itzuli

Ongi etorri SUEÑON proiektura

Pazienteen arreta humanizatzeko duen konpromiso sendoa jarraituz, Sueñon proiektuarekin bat egin du Mutualiak, paziente bakoitzak era berezi eta pertsonalean tratatzen dugula senti dezan.

Zer da Sueñon proiektua?

Carlos III.a Osasun Institutuaren Osasun Zainketa Ikertzeko Unitateko lantalde batek sustatu duen proiektua da Sueñon.Ospitaleratutako pertsonen loaldia errazteko eta zaintzeko helburuarekin sortu zen.

Hainbat ikerketaren arabera, honako hauek dira ospitaleratutako pertsonen loaldian eragina duten arrazoi nagusiak:

  • Argi gehiegi izatea.
  • Ospitaleratze unitatean zarata izatea.
  • Erizaintzako errutinak eta zainketak.
  • Ohea erosoa ez izatea, logelaren tenperatura egokia ez izatea, mina, nekea edo ardura ere arrazoi aipagarriak dira.

Helburu zehatzak

Proba zientifikoetan oinarritutako artikuluak aztertu ostean, egoera hobetzen hasteko hainbat neurri erraz ezartzea proposatzen dugu.

  • Ospitaleratuta dauden paziente, profesional eta, oro har, gizartea loaldiak duen garrantziaz jabearaztea.
  • Erizaina ahalduntzea, erizaintzako zainketek ospitaleratuta dagoen pazientearen loaldia eta atsedena errespeta ditzaten.
  • Loaldia eten dezaketen arrazoien eragina murrizteko gomendioak ezartzea (argia, zarata eta zainketen antolaketa).

Nola eramaten dugu proiektua aurrera?

Arazoaren arabera, honako ekintza hauek egiten ditugu:

Gehiegizko argia

  • Ospitaleko fotoperiodoa ezarri dugu, goizeko eta gaueko argi-orduak desberdintzeko. 23:00etatik 07:00ak arte.
  • Behar-beharrezkoak ez diren argiak itzaltzen ditugu (jenderik gabeko korridoreak, gelak, biltegiak, bulegoak, logelak, komunak, etab.).
  • Kanpoko argia sar ez dadin, logeletako ateak ixten ditugu.
  • Begietako mozorroak eskaintzen ditugu.

Zarata

  • Profesionalek egiten dituzten zaratak gutxitzen ditugu.
  • Aparatuek eragiten duten zarata gutxitzen dugu. Horretarako, alarmen bidez kontrolatzen dugu aparatuen zarata.
  • Pazienteek hobeto lo egin dezaten, haiei zuzendutako neurriak ezartzen ditugu.
  • Logeletan edo logelen inguruan hitz ez egiten ahalegintzen gara.
  • Orgetako eta beste aparatuetako gurpil karrankariak aldatzen ditugu.
  • 23:00etatik aurrera, langileen, pazienteen eta familien mugikorren bolumena jaisten dugu.
  • Tapoiak eta hari gabeko entzungailuak eskaintzen ditugu.
  •   Musika suabea

Erizaintzako errutinak eta zainketak

  • Erosotasuna. Pazientearen erosotasuna errazten dugu, giro atseginak sortzeko baliabideak eskainiz.
  • Loaldiaren balorazioa. Pazienteen lo-kalitatea ebaluatzen dugu. Loaldia errespetatzeko garrantziari eta pazienteen osasunean izan ditzakeen ondorioei buruzko prestakuntza ematen diegu osasun-langileei.
  • Laguntza-harremana. Informazio egokia emateaz gain, langileek gertuko eta errespetuzko tratua ematen dute.
  • Oheko arropa garbia eta erosoa ematen dugu.
  • Nahi izanez gero, eta, ahal den neurrian, pazienteek beren pijamak erabil ditzakete.
  • Giroaren tenperatura kontrolatzeko, ez ditugu muturreko tenperaturak jartzen.
  • Pazientearen mugikortasuna mugatzen duten eta beharrezkoak ez diren gailuak kentzen ditugu.
  • Pazienteen lo-kalitatearen ebaluazioak egiten ditugu.

Beste faktore batzuk

  • Klinikako sarrera-atea 22:00etan itxiko da. Hala ere, 22:30ak arte, klinikatik ateratzeko aukera egongo da. Ordutik aurrera, ate guztiak itxiko dira (larrialdietako sarrera izan ezik, eguneko 24 orduz baitago irekita).
  • Bisita-ordutegia: 08:00etatik 21:00etara.
  • 22:00etako txandan, entzungailuak, begietako maskara edo tapoiak erabiltzeko aukera eskainiko zaio pazienteari. Horrez gain, 23:00etan telebista itzali edo entzungailuak erabili behar direla gogoraraziko zaio.
  • 22:00etako txandan, zerbait jateko aukera eskainiko zaio pazienteari. Horrez gain, gelan libre dagoen ohean gaua igarotzeko aukera emango zaio laguntzaileari; izan ere, ahal den neurrian bakarrik egongo dira pazienteak logeletan.
  • 23:00etan, beharrezkoak ez diren argiak itzaliko dira.
  • Logeletan 23:00etatik aurrera sartzen diren langileek, argiak ez pizteko, linterna bat erabiliko dute.

Hori guztia Loturako Osasun Unitateak koordinatuko du. Horrez gain, proiektua aurkeztu eta azaldu beharko dio pazienteari.

«Loaldia defendatzea ere zainketa-lana da, eta guztion artean lortu behar dugu»

Lotutako berriak