horas sindicales
Itzuli

Ordu sindikalak ordaintzeak zilegi egiten dio enpresari haien erabilera justifikatzeko eskatzea?

Langileen Estatutuaren (LE) 37.3.e) artikuluan, lan-baimenen testuinguruan, aukera jasotzen da langilea lanera ez joateko zeregin sindikalak edo langileak ordezkatzeko zereginak bete behar dituenean, dagokion ordainsarirako eskubidea duela. LEren 68.e) artikuluan xedatutakoa osatzen du, zeinean ezartzen baita enpresa-batzordeko kideek eta langileen ordezkariek, langileen legezko ordezkari gisa, beste berme batzuen artean, hileko ordu ordainduen kreditu bat izango dutela lantegi bakoitzean, beren ordezkaritza-zereginetarako.

Konstituzioan jasotako askatasun sindikalerako eskubidearen (EKren 28.2 artikulua) eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 143. gomendioaren isla dira, zeinak ezartzen baitu langileen ordezkariek beren funtzioak eraginkortasunez egin ahal izateko behar adina denbora libre izan behar dutela, bai langileak ordezkatzeko ideiari stricto sensu lotzen zaizkion lanetarako, bai bilera, prestakuntza-ikastaro, mintegi, biltzar eta hitzaldi sindikaletara joateko, eta ahalegina egingo dela horregatik langile horiek ez dezaten galdu soldatarik, prestaziorik eta bestelako abantaila sozialik.

Arauetan ordu sindikalen kreditua baimen ordaindu gisa zehazten denez, zalantza sortzen da lanera ez joateko eskubide orokor bat den ala enpresak kontrolatu dezakeen, modu ez-intrusiboan, eskubidea modu egokian erabili den egiaztatzeko.

Alderdi hori argitu du, hain zuzen, Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salak 2024ko ekainaren 11ko epaian (472/2021 errekurtsoa): enpresak uko egiten dio ordezkari sindikal bati ordu batzuk ordaintzeari, behar bezala ez dituela justifikatu jotzen baitu. Enpresaren ohitura izan da ordu horiek ez justifikatzea, harik eta 2019an jakinarazpen bat atera zen arte; jakinarazpen horretan, azpimarratu zen erabilitako denborari jarduera-mota bat (asanblea, biltzarra, bilera, etab.) generikoki esleitzeko beharra.

Kontrol generikoa askatasun sindikalaren aurkakoa dela jo zen, eta langileak demanda bat jarri zuen, ordu horiek eta kalte moralagatiko kalte-ordain gehigarriak ordaintzea exijitzeko. Lehen auzialdian ukatu egin zen, baina Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzat hartu zuen uzia; enpresa ordainsariak eta dagozkion interesak ordaintzera behartu zuen, eta 6.250 €-ko kalte-ordaina ezarri zion kalte moralagatik.

Enpresak epaia errekurritu zuen, eta Auzitegi Gorenak, 2024ko ekainaren 11ko epai horretan, lehen auzialdiko epaitegiaren irizpidearekin bat egin zuen, eta enpresaren jokabidea baliozkotzat jo zuen, zehaztu baitzuen ordutegi-kreditua zertan erabiltzen den modu orokorrean eskatzeak ez duela urratzen askatasun sindikala; justifikatu gabe geratu den denborari dagokion ordainsaria ordaindu gabe utz dezakeela dio, betiere diziplinazko neurri gehigarririk gabe eta haren erabilera baldintzatu gabe. Hala ere, horrek ez dio enpresari zilegitasunik ematen justifikazio itogarri bat eskatzeko, askatasun sindikaleko injerentziatzat hartzeko modukoa.

Epaia argigarria da ordu-kredituaren erabilera justifikatzeko garaian enpresek duten eskubidearen mugak ezartzeari dagokionez. Orduak egoki erabili izanaren presuntzioa eta enpresaren aurretiazko baimenaren beharrik eza babestu du, baina enpresari justifikazio formala eskatzeko aukera ematen dio; horretarako, lanera huts egin duen orduetan langilea non izan den ziurtatzen duen probaren bat aurkeztu beharko litzateke. Jardueraren beraren edukiari buruzko informazioa erreklamatzea baztertu du epaiak, ordezkaritza-funtzioaren ezinbesteko independentzia eta askatasuna urratuko bailuke. Kredituaren erabilerak ezin du berekin ekarri ordezkariaren independentzia arriskuan jarriko duen enpresaren kontrol zorrotzik, ordezkariak bere zereginerako ekimena eta hura garatzeko askatasuna izan behar baititu.

Iñaki Esnal Zalakain   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak