– Surf egiteko garaia heldu da gure hondartzetara. Euskal Herriko Surf Federazioak hainbat txapelketa programatu ditu udarako.
Uda betean gaude dagoeneko, eta garaiotan gehien praktikatzen den kiroletako bat surfa da. Negu gogor bat eta ia nabaritzerik ere izan ez dugun udaberria igaro berri, Euskal Kirol Federazioaren Batasunaren baitako Euskal Herriko Surf Federazioak helburu argi bat dauka: surflariek udako hilabeteetan gure hondartzez ahalik eta gehien goza dezaten ahalbidetzea. Ildo horretan, kontuan izan behar da espazio hau surfari eskaini genion aurreko aldian zehaztu genuen bezala, Euskal Herriko Surf Federazioan 3.000 surflari baino gehiago daudela federatuta. Orain, azkenean, eguraldia lagun izatea besterik ez da falta! Surf denboraldia apirilean hasi zen Euskal Herrian eta abendura bitartean izango da indarrean. Euskal Herriko Surf Federazioak hainbat lehiaketa ditu programatuta euskal hondartzetan surflariek entrenatzeko eta euren kirol maila hobetzeko aukera izan dezaten. Federazioko teknikarien lanari, sistema teknologiko berritzaile bati eta profesional talde zabal bati esker, surflariek kalitatezko lehiaketez gozatzeko aukera izango dute. Zehazki, denboraldi honetako egutegia 23 probek osatuko dute, eta horietako bederatzi udan jokatuko dira. Proba horiek, honako hiru zirkuitu hauetan banatuko dira: surfa, bodyboarda eta SUP Race (Stand Up Paddle) modalitatea. Azken zirkuitu hori gero eta onarpen zabalagoa lortzen ari dira, eta, uda honetan zehar, bertako lau proba jokatuko dira. Lehendabizikoa Sestaokoa izango da, uztailaren 1ean, Euskal Herriko titulua jokoan dela. Uztailaren 7an, SUP Race modalitateko zirkuitua Aldaieta Arabako Klub Nautikora helduko da, Gasteizetik oso gertu, Uribarri Ganboako urtegian. Irailean, berriz, beste bi proba jokatuko dira, bat Debako hondartzan eta bestea Plentziakoan. Bestalde, Donostiako Zurriolako hondartzan Billabong Gazte Surf zirkuituko bigarren proba jokatuko da, zaleentzat erakargarrienetako bat, Gipuzkoako hiriburuko hondartza baita kategoria honetako lehiaketak hartzeko euskal kostaldeko leku onenetariko bat. Udaren amaierarekin bat, urteko hitzordu garrantzitsuenetariko bat ere helduko da: kultura eta surfa uztartzen dituen Sopela Kostafest jaialdia. Sopelako Udalak antolatutako jaialdia irailaren 22ko eta 23ko asteburuan ospatuko da Bizkaiko herrian. Euskal Herriko Federazioak, bere aldetik, lau hitzordu antolatu ditu Sopelan, Arriatara eta Atxabiribil hondartzen artean banatuta. Lehendabizikoan Euskal Surf Zirkuituko bigarren proba jokatuko da; hain zuzen ere, bertan erabakiko da zein surflarik eskuratzen dituzten rankingeko lehen postuak eta lortzen duten Orruan eta Mundakan jokatuko diren proba berezietan parte hartzeko txartela. Kontuan izan behar da Euskal Surf Zirkuituan nazioarteko lehiaketetan parte hartzen duten surflariak ere lehiatzen direla. Atxabiribil hondartzan, berriz, bodyboard zirkuituko lehendabiziko proba jokatuko da. Azpimarratzekoa da aipatu bi zirkuituon helburu nagusien artean parekidetasunaren eta berdintasunaren alde egitea dagoela. Irailean, Atxarabilen jokatuko dira ere beteranoen eta longboardeko txapelketak. Euskal surfa oso osasun ona duen kirola da, eta horren erakusle dira Aritz Aranburu, Imanol Yeregi, Ruben Vitoria, Natxo Gonzalez, Axier Muniain, Garazi Sanchez, Ainara Aymat, Nadia Erostarbe eta Maddi Aizpurua bezalako surflari bikainak.
Horrez gain, aipatu beharra dago FederArte Euskal Surf Kultura egitasmoak jaialdi zirkuitu oso bat antolatzea ahalbidetu duela, lehiaketa eta kultura uztartuz. Horren erakusle dira honako hitzorduak: Gipuzkoako Txapelketa, Donostian egingo dena uztailaren 6an, 7an eta 8an; abuztuak 11n Deban egingo den SUP Race proba; urriaren 6an jokatuko den Euskal Herriko SUP Race zirkuituko finala; eta urriaren 20an Zumaian egingo den bodyboard txapelketa.
Surfak onura ugari ditu, naturarekin harremanetan jartzen baikaitu eta gure bihotza eta nerbio-sistema indartzen baititu, bide batez osasun mentalarentzat berarentzat ere onuragarria izanik. Izan ere, surf egiteak estresa gutxitzen laguntzen du: kanpoko guztiarekin deskonektatzea lortzen du surflariak eta olatu on bat hartzeak eragindako adrenalina deskarga aparta da tentsioa ezabatu eta egunerako buruhausteak uxatzeko. Surfarekin muskulatura ere indartzen da, batez ere gorputz-enborrean, baina baita hanketan, besoetan eta bizkarrean ere, arraun eta surf egitean indartzen direnak. Muskulu-masa eta indarra areagotzea lesioak saihesteko ere bada onuragarria. Azken finean, surfak norbanakoaren egoera fisikoa hobetzen du, eta, bide batez, bizitza bere ere aberasten du. Adrenalina askatu eta naturarekin kontaktuan etengabe ikasten jarraitzeko kirol bikaina da surfa. Horrenbestez, badakizue, surf egiteko garaia da!
