Oreka, azkartasuna eta dibertimendua

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, oraingoan, patin-hockeyan aritzeak zer-nolako onurak dakartzan azpimarratuko dugu. Kirol horretan diharduen klub askotxo daude Euskadin, eta hari buruzko informazioa lor dezakezue Euskal Herriko Irristaketa Federazioan. Patin-hockeya pista gogorrean egiten den kirol bat da; bosna kideko bi talde lehiatzen dira, eta kide horietako bat atezaina da. Lau gurpileko patinen bidez mugitzen dira, eta stick izeneko makila banarekin eta bola batekin jokatzen dute, aurkarien atean sartzeko helburuz. Partidu bakoitzak 25 minutuko bi zati ditu, dibertsioz eta lehiakortasunez beteak. Patindun oinetakoak eta makila edo sticka dira funtsezko materialak, baita kaskoa, ukondoetarako babesak, zangoetarako babesak eta eskularruak ere, jokalariak balizko kolpe eta erorikoetatik babesteko. Patin-hockeya kirol aerobikoa da, gurean tradizio sendoa duena, besteak beste Jolaseta, Santutxu, Loiola Indautxu, Urdaneta, Gurutzeta, Iusturi, Gasteizko Aurrera eta Mundaiz klubetan. Normalean federatutako klub horietan jokatzen da, eta aukera dago haien kategoria guztietan lehiatzeko, bai gizonezkoen bai emakumezkoen sailetan. Edozein hockey-modalitate da gomendagarria txikienentzat, hainbat balio positibo sustatzen dituen talde-kirola baita: partekatzea eta sozializatzea, beharrezko diziplina, eta modu osasungarrian elkarrekin helburu bat betetzeko jardutea. Talde horietako kide izanda, handitu egiten da norberaren erantzukizuna, taldeak denen beharra baitu, eta ez pertsona bakar batena. Modalitate guztietan bezala, bete beharreko zenbait arau daude, eta horregatik, talde-kirol hau atsegingarria eta hezigarria da oso adin txikikoentzat. Hazi ahala, abiadura handiko eta, ondorioz, intentsitate eta emozio handiko norgehiagoketan lehiatzen hasten dira. Horrenbestez, egoera fisikoaz den bezainbatean, sasoi egokiaz gain (etengabe patinatzen baita pista osoan), trebetasuna eta mugimenduen koordinazio handia eduki beharra dago. Makila edo stick batekin jokatzeak, gure gorputz-atal bat ez denez gero, besoak eta hankak diren bezala, aukera ematen du are gehiago garatzeko koordinazioa eta oreka, zeinak bestela ere beharrezkoak diren, aurkariak saihestu ahal izateko pilota edo diskoa eramaten den bitartean (espezialitatearen araberakoa da hori, modan jarri baita lerroko hockeya ere).
Patin-hockeya kirol osasungarria da bihotzarentzat, eta oso onuragarria zirkulazio-sistemarentzat. Pisua galtzea ere eragin dezake, mugimendu bakoitza egiteko intentsitate handia behar da-eta. Hockeyan arituz gero hobetuko den beste ezaugarri bat iraupena da, gorputzaren goiko eta beheko atalak lantzen baitira, eta, horrela, hainbat muskulu-talde aktibatzen baitira (hankak, besoak, ipurmasailak…). Hori dela-eta, oso kirol konpletoa dela uste dugu. Gainera, honelako modalitateetan, zeinetan ez den lasterka egiten, patinatu eta irristatu baizik, artikulazioek inpaktu txikiagoa jasaten dute, eta, ondorioz, lesioak eragin ditzaketen zametatik eta pisuetatik babestuago daude. Kirol honek daukan bertuteetako bat koordinazioa da, mugitzeko trebetasuna hobetzen baitu, eta, horrez gain, lagundu egiten baitu gorputzaren mugimendua, oreka eta egonkortasun fisiko nahiz psikologikoa kontrolatzen. Eta garapen kognitiboa errazten du, arreta eta oroimena sendotzen baititu. Azkenaldiko aldaera bat lerroko hockeya da. Haren berezitasunik behinena gurpil-lerroko patinak erabiltzea eta pixka bat azkarragoa izatea da, beharbada izotz gaineko hockeyaren antzekoagoa. Ohiko kirolen oso bestelakoa da, haurren jakin-mina pizten du, eta elkarrekin joka dezakete mutilek eta neskek. Azkartasunari esker, garapen fisikorako alternatiba ona da, arestian azpimarratutako dohain guztiak izateaz gain. Gogora dezagun komenigarria dela segurtasun-ekipamendu egokia erabiltzea, lesioak saihesteko, baita aurretik berotze-ariketak egitea ere, zaintiraturik ez izateko. Irristaketa-teknika ona izateak lesioak gutxitzen ditu. Horri guztiari esker, eskola askotan uste dute harreman sozialak sustatzeko abantaila gehien ematen duen jardueretako bat dela, umeen prestakuntza fisikoagatik, heziketagatik, eta joko dibertigarri hau jolasaren aldetik eta kirolarenetik baloratzeagatik. Saiatzera animatzen zaituztegu.
