
Pandemiaren ondoren, itzultzen ari dira poliki-poliki kirol lehiaketak, eta jarduera ere pixkana lehengoratzen ari da, hainbat modalitatetan. Unión de Federaciones Deportivas Vascas/ Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan hainbat aholku ematen dizkizuegu, forma fisikoa berreskuratzeko eta oso gustukoak dituzuen kiroletan segurtasunez jarduteko, besteak beste txirrindularitzan, jarraitzaile ugari baititu gure lurraldean. Udan gaudelarik, handitu egiten da bizikletarekin errepidera ateratzeko eta une atseginak igarotzeko grina. Eta horrek eragin handia du gure ongizate pertsonalean.
Zaleak itzultzeko irrikaz zeuden, eta geldialdiaren aurreko mailara itzultzeko behar izan den denbora ez da gehiegizkoa izan, ez behintzat hutsetik hasten denak edo noizean behin ibiltzen denak beharko lukeena adinakoa. Beraz, ohiko tropela zoriontsu dabil geldialdiaren ondoren. Ez da hala gertatu, ordea, Euskal Federazioaren lehiaketetan, maila horretako hainbat ekitaldiren itzulera hilabete honetarako aurreikusita baitago.
Gure forma fisikoa ez da soilik osatzen bizikleta gainera igotzen garenean, eta, errendimendu galeraren ondoren, hainbat alderdi landu behar dira, jarduerara modu seguruan eta arriskurik gabe itzuli nahi izanez gero: indar lanak, elikaduraren ezinbesteko oreka eta plangintza kardiobaskularra. Errepidera irten aurretik, berotzeko eta gure giharrak behar bezala jartzeko ariketak egitea komeni da. Eta ahaleginaren ondoren, berriz, luzaketek giharrak berreskuratzeko funtzioa betetzen dute. Aurreko argitalpenetan aipatu bezala –eta berriro ere azpimarratu nahi dugu gaia–, itzulerak progresiboa izan behar du, nahiz eta kirolari asko ezin hobeto dauden dagoeneko.
Eta, bereziki, txirrindularitza atsegina eta osasunerako onurak ematen dizkigun jarduera gomendatuenetako bat delako. Txirrindularitza, gainera, edozein adinetako pertsonentzat da egokia, eta bereziki giltzaduretan (belauna) eta bizkarrean mina dutenentzat; izan ere, beste kirol batzuetan ez bezala, mina eragiten duten inpaktuak saihesten dira txirrindularitzan. Pedalei eragitea lagungarria da sistema immunologikoa indartzeko, eta onuragarria da gantza galtzeko, nahiz eta abantaila zerrenda handiagoa den: kolesterol mailak jaisten dira, biriken gaitasuna eta bihotzaren indarra handitzen da, onuragarria da odolaren zirkulazioarentzat, giharrak sendotzen ditu, eta hezurren dentsitateari eusten dio.
Gainera, Euskal Herriko ibilbide ederretan barrena eragiten diegunean pedalei, bigarren mailara igarotzen dira egunero kezkatzen gaituzten arazoak, eta gozatu egiten dugu: erlaxatu egiten gara, arazoei ihes egiten diegu, eta, dutxa berritzailea hartu eta gero, konturatzen gara zein ondo sentitzen garen eguneroko lanari ekiteko. Kirolariek beren baldintza eta asmoetara egokitu dute itzulera, betiere zentzuz eta modu progresiboan; ondo pentsatuz nola hobetu modu seguruan gure forma fisikoa. Mina edo lesioren bat badugu, izotza jarri behar da mindutako artikulazioetan, luzaketa arinak egin behar dira pedalei eragin ondoren, oinak ur hotzetan jarri behar dira ahaleginaren ondoren, eta ondo jan eta edan gogor jardun eta gero.
Horrez gainera, ibilbidean zehar taldean jardun badugu, laguntasuna sendotzen dugu, eta hobetzearen sentipen atsegina eta euforia sentitzen ditugu, hori baita bizikletan ibili ondoren sentitzen diren sentipen positiboetako bat; ia hiru hilabetez asko igarri ditugu faltan sentipen horiek, nahiz eta askok arrabolarekin eta bizikleta estatikoarekin jardun duten etxe barruan.
Baina aire zabalean bizikletaz ibiltzea, hain ongi ezagutzen ditugun errepide eta mendate horietan barrena –erneguka bada ere, behin eta berriz igotzen ditugunak–, horrek guztiak estresetik urruntzen gaitu, autoestimua handitzen du, eta bazterrean uzten dugu antsietatea, endorfinak ugaldu egiten baitzaizkigu.