Itzuli

Pedro Monzón, AZTIko Segurtasunerako eta Osasunerako arduradunari, elkarrizketa

Mutualia Sariaren hainbat ediziotan saritu eta aitortu dute AZTI. Laneko Arriskuen Prebentzioan ikerketarako, garapen teknologikorako edota berrikuntzarako proiektuak garatzen dituzten erakundeen lana aitortzea da sariaren helburua.

Pedro Monzonekin egin dugu hitzordua, AZTIko Segurtasunerako eta Osasunerako arduradunarekin, zeinak OSALAN-en aurtengo Kongresuan hitzaldia eskainiko duen. 

-Zertan dihardu AZTIk, nola eta noiz sortu zen, eta zein profesionalek osatzen dute? (kopurua, soslaia…)

Elikadurako eta itsaso zein arrantzako balio-katean aditua den Teknologia Zentroa da AZTI. Hau da: itsasotik eta bestelako lehengaietatik hasi eta platereraino doan prozesu osoan egiten dugu lan.

Duela ia 40 urtetik dihardugu gizartearen erronka handienetako batzuei erantzuteko helburuz, besteak beste, klima aldaketari, ozeaneon babesari, elikagaien ekoizpen eta kontsumo arduratsuari, osasunari eta ongizateari. Horretarako, 250 pertsona inguruko lantaldea daukagu: hainbat ezagutza-arlotako ikertzaileek eta euren laguntzaileek enpresa pribatu zein administrazio publikoekin egiten dute lan, hainbat esparrutan modu iraunkor eta osasuntsuan erabil litezkeen irtenbide berritzaileak garatzen.

 –Zein da Lan Arriskuen Prebentzioarekiko zuen ikuspegia, eta nola garatzen duzue?

AZTIn beti ahalegindu gara laneko arriskuen prebentzioa modu osatu eta integratuan lantzen: helburua ez da sistemen egitura batean modu dokumentalean agertzea, baizik eta prebentziorako eta babeserako aldagaiak jardueretan euren diseinutik bertatik txertatzea, gerora gauzatzen direnean presente egon daitezen, bai eta euren itxieran ere, ikasteko. Ekintzarako printzipio gisa funtzionatzen duen segurtasun osatu batera hurbiltzea da helburua; erreaktiboak baino, proaktiboak izanez, osasuna gure balio nagusietako bat baita.

-“Euskadiko 2025erako Lehen Sektoreko Laneko Arriskuen Prebentziorako Sektorekako Planaren” barruan, OSALANek eta AZTIk elkarlanean diharduzue lehen sektoreko segurtasuna eta osasuna hobetzeko. Nola sortu zen ekinbide hau?

Beharrezkoa da historiari zertxobait erreparatzea; izan ere, ekinbide berri honek badu aurrekari argi bat, besteak beste, Nekapreben, Itsaspreben eta Elikapreben laneko arriskuen prebentziorako sektorerako planak. Plan horiek basoen eta nekazaritzaren sektoreari, arrantzari eta elikagaien lerroa horietan txertatzeko moduari zegozkien, hurrenez hurren, eta 2008tik 2012ra arte garatu ziren (amaitu gabeko jarduera-lerro batzuen kasuan, 2013ra arte).

Plan hauek sektorearen beraren zein gizartearen beraren kezka batetik sortu ziren, eta 2006ko agindu parlamentario baten ondotik gorpuztu ziren. Agindu hark Euskadiko lehen sektorean gertatzen ari ziren ezbeharren aurkako plan espezifiko eta eraginkor bat sortu eta indarrean jartzera behartzen zituen OSALAN eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila.

Planak erabilgarriak izan ziren, eta hala frogatu zuten estatistikek: indarrean iraun zuten artean, ezbeharren proportzioa gutxitzea eta mantentzea lortu zen. Alderdi horrek nabarmenago uzten du haiek berreskuratu eta indartzeko beharra, eta OSALANek dihardu horretan berriro sustatzaile nagusi gisa.

Oraingoan, AZTI OSALANen lankide teknologikoa izango da berriz, eta berriro batuko ditu, alde batetik, bere zeharlerroko ezagutza eta segurtasun eta osasun arloko gaitasun estrategikoa, eta, bestetik, hurbiltasuna eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politiken arloko sektorekako eskumen eta ezagutzak, bai eta Eusko Jaurlaritzaren Portu eta Itsasoko Gaien arlokoak ere. Horrekin guztiarekin ekingo zaio etapa berriari, zeinak orain arteko ikasgaiak eta elikagai zein basogintzako sektoreko balio-kate osoko aktore berri guztiak batuko dituen. Horren bidez lortuko dugu laneko ingurune eta jarduera seguruago eta osasuntsuagoak sortzea, gaitasun handiko profesionalekin, eta, gainera, posizioa hartzeko eta sektorearen beraren iraunkortasunerako lagungarria den aitortza sozial eta sektorialarekin.

-Zein da helburua?

 Estrategia honen helburu nagusia da “0” ikuspegi batekin lan egitea, hau da, istripu hilgarririk gabeko gizartea eta laneko inguruneak sortzea, eta modu nabarmenean murriztea laneko ezbehar eta gaixotasunen adierazle nagusiak: planaren arabera, gutxienez %15 murriztea da helburua. Hitz errazeko helburuak dira, baina erronka handiak; horregatik, ahalegin eta baliabide handiko inbertsioa eskatzen dute.

-Zeintzuk dira jarduera-lerro nagusiak?

Plan honek lau ardatz nagusi ditu:

  • Kultura eta gizartea, eragile sustatzaile nagusien kulturizazio, gaitze eta aktibazio prozesuetatik eta sektoreko prebentzioa sustatzetik hasi eta genero ikuspegia txertatzeraino.
  • Laneko ingurune seguruak, osasuntsuak eta iraunkorrak: ingurune profesionaletan aldaketa gerta dadin, sektorea konbentzitzen eta bertan engaiatzen ahalegintzen gara, autohobekuntzako eta aitortzazko prozesuen bidez eta berrikuntza eta garapen teknologikoaren bidez.
  • Prebentzioaren eta babesaren arloko ezagutzaren kudeaketa osoa, praktika erabilgarrien transferentzian eta erabileran pentsatuta.
  • Engaiamendu eta konpromiso instituzional, sozial eta sektoriala.

Lau ardatzoi helduta, ezarritako helburu eta mugarriak bete ditzakegula uste dugu; erronka handia da, zalantzarik gabe.

-Azaroan, OSALANek Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko IV. Kongresua egingo du, “Etorkizuneko lan erronken aurrera begirako azterketa” izenburupean. Prebentzioaren esparruko ezagutza, esperientzia eta praktika onen trukerako topagunea izango da. Zure ustez, zeintzuk dira erronka horiek?

OSALANen iazko udako ikastaroan ere egin zen gai honen aurrerapen bat eta hari buruzko hausnarketa bat. Zalantzarik gabe, aldaketa handiak gertatzen ari dira jarduera profesionalean, industrian, zerbitzuetan zein beste sektore guztietan (baita lehen sektorean ere); haietako asko, teknologiek eta euren garapenak baldintzatuta.

4.0 industriak, robotikak eta hark langileekin duen harremanak, hala nola, errobot kolaboratiboek, informazioaren eta komunikazioaren teknologiek, gauzen internetak eta bigdatak aldarazi egingo dituzte gure arrisku-mapak; etengabe adi egon beharko dugu, eta legediak eta araudiak aldatu beharko dira, baina lagungarri ere izango zaizkigu laneko arriskuen gobernantza hobetzeko. Erronka horiek aldaketa-eragile zehatz batzuek baldintzatuko dituzte, eta guk gai izan beharko dugu haiek identifikatzeko. Etorkizuneko beharrak, teknologiak edota legeetan gerta daitezkeen aldaketak erabakigarriak izango dira prebentzionisten lanean, eta gu gai izan beharko gara horretara modu bizian egokitzeko, laneko mundu berriari erantzunak eta irtenbideak eskaini ahal izateko.

-Biltzar honetan, gainera, arrantza sektorearen etorkizuneko laneko arriskuei buruzko hitzaldi bat emango duzu. Nola heltzen zaio Laneko Arriskuen Prebentzioari arrantza sektorean?

Prebentzioa beti da zaila eta konplexua, are gehiago arrantzaren moduko sektore batean. Baina egia da, baita ere, ilusioz heltzen zaiola. Orain estrategia berri bat abiarazteko zorian gaude —zeinak barne hartzen dituen segurtasuneko, osasuneko, prebentzioko eta babeseko aldagaiak—; sektore askok ez daukate halakorik, eta sektoreko elkarbizitzarako tresna bat izango da, besteak beste, sistemak, prozesuak, tresnak eta teknologia nabarmen hobetzekoa. Indar handiko tresna izango da, aktore guztien parte-hartzea eta konbentzimendua izango dituena, gizartea, instituzioak eta sektorea bera inplikatuz.

-Zeintzuk dira etorkizunerako erronka nagusiak lehen sektorean?

Lehen sektoreko erronka nagusia iraunkorra izan dadin lortzea da, baina ingurune seguru eta osasungarrietan, ezagutza arriskua modu aurreratu eta trebean gobernatzea ahalbidetuko digun moduan kudeatuz eta ustiatuz. Berrikuntza eta garapen teknologikoa egokitze-baliabide moduan erabiltzea da helburua, eta ingurune sozial zein laneko ingurune erakargarri eta aitortua sortzea ahalbidetuko duen jarduera lortzea, zeinak pertzepzioan aldaketak eragingo dituen eta profesionalen etorrera zein belaunaldien arteko aldaketa ahalbidetuko dituen. Planaren apustua erronka horiek beteko dituzten ekintzak dira.

 

Lotutako berriak