Itzuli

Piraguismoa: Sentsazio atseginak eta dibertsioa

ekfb

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hileroko atalean, oraingo honetan, piraguismoan jarduteak dituen abantailei eta onurei erreparatuko diegu; izan ere, dagoeneko hemen dugun uda-sasoiarekin lotuta dago kirol hori. Urteko garai honetarako oso modalitate egokia da, ontziok gure ibai, aintzira eta hondartzetara iristen baitira, onura asko dituen kirolean aritzeko.

Uretan egitea du berezitasuna, eta, horregatik, pertsona askok bere aisialdirako nahi duten jarduera da. Gainera, piraguismoa kirolik osoenetako bat da, alde ludikoa, turistikoa eta osasunarena uztartzen baititu. Horrenbestez, horretan aritzea oso positiboa eta berezia da. Ontziak uretan aurrera egiten duela igartzen dugu, gure arraunkaden erritmoan; sentsazio atsegina da, eta oso dibertigarria. Gainera, familiarekin edo lagunekin eginez gero, piraguismoa primerako aukera izan daiteke, horretan jardun gaitezkeen lekuak bisitatzean kirolean aritzeko. Zale asko dituen kirola da, eta hari buruzko informazio gehiago lor daiteke Euskal Federazioaren webgunean .

Espezialitate honek aukera ematen digu naturarekin harreman betea izateko eta gure paisaia hobeto ezagutzeko, pribilegiozko ikuspegiak ematen dizkigu eta. Hasiberriak bagara, hobe da tituludun begirale adituek laguntzea. Haiek gidatuko gaituzte une oro, gure abentura gutiziatuaren ibilbidean zehar.

Aire zabalean eta ura bezain ingurune berezian kirolean jardutea arrazoi ona da hartan aritzeko, eta naturaz, ibaiaz edo piraguismoa egiteko aukeratzen ditugun urez gozatzeko. Gainera, bakarrik edo beste norbaitekin jardun daiteke, eta gure gorputzaren sasoia hobetzen du, giharrei dagokienez. Bestalde, kaloria asko erretzen da. Izan ere, ariketa gogorra da, zeharkaldiak edo probak luze irauten du, eta gorputz-atal ugarik hartzen dute parte piraguismoan aritzeko eta hartaz gozatzeko orduan. Hartara,  oso bide egokia da pisua galtzeko. Piraguismoa eginda, 300 kaloria erre daitezke, gutxienez, intentsitate ertaineko ordubeteko ariketan.

Ongi egiten bada, piraguismoa lagungarria da gure koordinazioa hobetzeko, eta aukera ematen du gure muskuluak indartzeko, soin-enborrekoak eta besoetakoak batez ere. Printzipioz, arraunlari bakoitzak egin beharreko mugimendua simetrikoa da, zorigaiztoko lesioak saihesteko. Hori horrela, piraguan goazenean, enbor guztia, abdominalak eta bizkarra barne, lanean ari da orekari behar bezala eusteko. Arraunkada bakoitzerako indar- eta koordinazio-dosi bat behar dugu, besoen eta eskumuturren mugimendua zehatza izan dadin.

Kontuan izan behar dugu, arraunkada egoki egiteko, jarrera eta gauzatzeko era oso jakinak behar direla. Beraz, ongi eginez gero –eta zenbat eta gehiago aritu, hobeto–, indarra eta koordinazioa handituko ditugu. Horregatik, oso modalitate gomendagarria da modu dibertigarrian entrenatzeko. Lasai has gaitezke, pixkana-pixkana, eta sasoia hobetu ahala intentsitatea areagotuko dugu, modalitate guztietan (itsasoko kayaka, kayak poloa, kayak surfa, eslaloma, ur bareak, ibaiak…).

Euskal Kanoe Federakuntzak erreferentea izan nahi du piraguismoa egiten duten guztientzat eta piraguismoa sustatzen duten klub eta erakundeentzat. Gainera, oinarria izan nahi du goi-mailako kirolarientzat eta etorkizun oparoko gazteentzat, eta erreferentea bai lehiaketa eta ekitaldien antolaketan, bai epaileen eta entrenatzaileen trebakuntzan. Beraren helburuak dira Federakuntzako afiliatu-kopurua handitzea, baliabide propio gehiago eratzea, kirol honetan aritzeko azpiegitura gehiago lortzea, federazioaren arlo guztietan emakume-kopurua handitzea, eta entrenatzaileen trebakuntza-maila hobetzea. Asmoa maila guztietako ikastaro gehiago antolatzea da, eta piraguismoa hesirik gabeko kirol bihurtzea, hainbat balio transmititzen dituena: esperientzia, konpromisoa, zintzotasuna, ahalegina, lankidetza, gardentasuna, berdintasuna eta gizarteratzea. Baita dibertimendu handia ere, honako onurak ekartzen dizkigun kirolean: besoetako giharrak indartzea, koordinazioa hobetzea, zangoak eta abdominalak sendotzea, eta estresa gutxitzea, artikulazioei kalte egin gabe. Gainera, osasun kardiobaskularra zaintzen du, oreka hobetzen du, eta beste diziplina batzuen primerako osagarria da.

Lotutako berriak