Nerea Garmendia Goñi
Itzuli

Plastigaur, berrikuntzaren eta jasangarritasunaren erreferentea 

Plastigaur enpresari eman berri dizkiote Platinum Ecovadis 2022 Domina –enpresaren gizarte-erantzukizunaren eta erosketa jasangarrien alorrean ematen den aitorpen gorena– eta Garapen Jasangarriko Enpresaren Adegi Saria. Andoainen du egoitza (Gipuzkoa) enpresa berritzaile eta jasangarri honek, eta ontzi eta bilgarri malguak egiten ditu bai industriaren sektorerako bai kontsumorako.

Elkarrizketa egin diogu Plastigaur enpresaren finantza-zuzendari Nerea Garmendia Goñiri.

  • Nola sortu zen Plastigaur?

Plastigaur familiarteko enpresa bat da; 4 bazkidek sortu zuten 1989an, eta Andoainen (Gipuzkoa) dago kokatuta. Sorrera berezia izan zuen, izan ere, 2 anaiak sortu zuten, Antxon (nire aita) eta Juan Mari Garmendiak, eta haiek, aldi berean, bi ahizparekin zeuden ezkonduta, Maite (nire ama) eta Mª Antonia Goñi; horrek senitarteko ukitu nabarmenagoa ematen dio enpresari. 80ko hamarkadan, lau sortzaile horiek paperezko ahozapiak eta poltsak egiteko proiektuari ekin zioten, eta, handik urte batzuetara, plastikozko bilgarri malguekin zerikusia duen proiektua abian jartzeko aukera sortu zitzaien; horixe izan zen gaur egungo Plastigaurren abiapuntua. Garai hartan oso bizkor hazten ari zen materiala zen plastikoa, eta, horren ondorioz, arreta guztia material horretan jarri, eta alde batera utzi zuten paperaren proiektua.

  • Giza taldea da Plastigaurren funtsezko balioetako bat. Zenbat lagunek osatzen dute enpresa? Zein da lan metodologia?

Gaur egun 155 lagun gara guztira. Orain dela 7 urte 90 baino gutxiago ginen; beraz, guretzat harro egoteko modukoa da gure ingurunearentzat eta 155 familientzat aberastasuna sortu izana.

Jasangarritasunaren aldeko apustuak bultzatutako negozio-eredua berritzearen ondorioz, gaur egun aldaketa sakonak egiten ari gara antolamendu prozesuetan, prozesuen eraginkortasuna optimizatzeko helburuarekin, eta zalantzan jartzen ari gara gaur egun arte gidalerro izan ditugun irizpide eta ziurtasun guztiak. Horretarako, Lean metodologia dugu ardatz nagusia.

  • Plastigaurrek berrikuntzaren, kalitatearen eta jasangarritasunaren aldeko apustua egin du, eta jasangarritasuna eta ingurumenarekiko konpromisoa funtsezko alderdiak dira plan estrategikoan. Plastikozko ontzi eta bilgarrien sektorearentzat guztiz zaila izanik gaur egungo testuingurua, zer neurri aplikatzen ari zarete planeta babesteko ekonomia zirkularraren aldeko apustu honetan?

Plastigaur proiektu osoa dago gaur egun EKODISEINUAk gidatua, enpresak eta egiten ditugun produktuek ingurumenean uzten duten arrastoa murrizteko asmoz.

Bi helburu ditugu: alde batetik, jatorri fosileko lehengaiaren erabilera murriztea. Horretarako, dagoeneko garatuta eta merkatuan ditugu edukiaren % 70 birziklatua duten film paperak; hainbat irtenbide lortu ditugu hondakin plastikoak, landare hondakinak, sukaldeko olio erabilia… kimikoki birziklatuz. Era horretara, murriztu egiten da petroliotik eratorritako lehengaia, eta nabarmen hobetzen da ingurumenean uzten dugun arrastoa eta karbonoaren arrastoa.

Bestetik, egiten ditugun material guztiak eta batez ere lehen mailako ontziak (besteak beste, elikagaietarakoak) birziklagarriak izan daitezen lortzea, gaur egun oso zaila baita birziklagarria izatea. Horretarako, % 100 birziklagarria den material bakarreko irtenbideak garatu ditugu.

  • Lortu berri dituzue Platinum Ecovadis 2022 Domina –Trantsizio Ekologikoko Ministerioaren aitorpena–, karbono arrastoa murrizteko egindako lanagatik, eta orain gutxi Adegi Saria, Garapen Jasangarriko Enpresari emandakoa. Zer esanahi dute zuentzat aitorpen horiek guztiek?

Beti sentitzen da ohorea zure enpresarekin gogoratzen direnean sariak edo aitorpenak emateko, eta pozgarria da benetan, horrek esan nahi baitu iraganean hartutako erabaki estrategikoak egokiak zirela eta bide onetik goazela. Baina batez ere indar handia ematen dizu, eta energia erantsia, etorkizunean ere bide beretik jarraitzeko.

Sortzaileen ausardiari eta Plastigaur familia osatzen duen giza taldearen lanari eta ahaleginari egindako aitorpena da, inondik ere.

  • Nola ikusten duzu sektorearen eta Plastigaurren etorkizuna?

Gaur egun, plastikoa bidegabe deabrututako materiala da. Material arina, isolatzailea, malgua eta ingurumen arrasto txikikoa da. Hau da, ezinbesteko materiala da gizartearentzat; beraz, plastikoak badu etorkizuna. Benetako arazoa hondakin plastikoaren kudeaketa da; erabili eta gero, lehengai bat da guretzat, eta modu egokian kudeatua izatea behar dugu, guregana irits dadin. Gai horretan, gizartea oro har eta balio katea gara irtenbidearen parte.

Plastigaurren ikuspegitik, urte asko daramatzagu gai horretan lanean, eta enpresaren negozio eredua aldatu dugu jasangarria izan dadin ikuspegi ekonomiko, sozial eta ingurumenekotik; hori dela-eta, ondo posizionatuta gaude packaging-aren sektorean, gaur egungo erronkei eta etorkizunekoei aurre egiteko.

Lotutako berriak