Mutualiak podcastaren edizio berri bat aurkezten du. Oraingoan, Gema del Pozo Mutualiako Pakea Klinikako erizainaren eta Educator taldeko arduradunaren eskutik, Educator Proiektua sakonago ezagutzeko.
Educator programa osasun-hezkuntzako programa bat da, eta oinarrizko ezagutzak, jarrerak eta ohitura higieniko-sanitarioak zabaltzea du helburu, lan-istripu baten lehen unean nola jokatu jakiteko eta pazientearen eta haren familia-ingurunearen sendatze-prozesua hobetzen laguntzeko.
Zer da Educator Programa?
Educator hezteko proiektu bat da; pazienteak eta haien zaintzaileak ez ezik, enpresak eta enpresetako langileak ere heztea du helburu.
Guretzat, Educator oinarrizko ezagutza, jarrera eta ohitura higieniko-sanitarioak hedatuz egiten den prestakuntza-prozesu bat da. Sorrerako helburua zen suspertzen laguntzea eta lan-istripu baten lehenengo uneetan nola jardun irakastea.
Educator programaren bidez, gure ezagutzaren zati bat gerturatzen diegu hura gutxien ezagutzen dutenei, hobeto ezagutu behar dutenei eta osasunaren arloko profesionalak izan gabe osasunari garrantzi gorena ematen diotenei.
Bi jarduera-eremu nagusi ditu programak:
Bata, Educator ENPRESAK: enpresei eta bertako pertsonei zuzenduta dago; prestakuntza-ekintzen eta aholkuen bidez, erakusten zaie zer egin behar duten lan-istripu bat gertatzen denean, eta, batez ere, zer ez duten egin behar. (Laburbilduz, nola nahi dugun guregana iristea istripua izan dutenak.)
Eta bestea, Educator PAZIENTEAK: pazienteei eta haien zaintzaileei zuzenduta dago. Oinarrizko prozedura eta ohitura higieniko-sanitarioak hedatuz, suspertze-prozesua hobetzen lagundu daiteke.
Educator programak argi du informazioa oso tresna garrantzitsua dela osasun-prozesu bati heltzeko orduan, eta zenbait euskarriren bidez osatu nahi dugu informazio hori, hala nola posterren, triptikoen, bideoen eta abarren bidez, komunikazio argia eta hizkera erraza eta eskuragarria erabiliz.
Nola sortu da proiektu honen ideia?
Osasun-hezkuntza pazienteak ahalduntzeko funtsezko faktoretzat jotzen da. Uste horretatik sortu da prestakuntza hori senitartekoei eta enpresari ere zabaltzeko kezka.
Osasun-hezkuntzak jokabide eta bizimodu osasungarriei buruzko informazioa ematen die herritarrei, eta horiek bere egiten eta mantentzen laguntzen die.
Gure plan estrategikoaren barruan, garrantzitsua da gure mutualistak ahalduntzea, haien ahotsa eta esperientzia gure zerbitzuen prestazioan txertatzeko.
Osasun-arloan, lan-istripuak izan dituzten langileak jasotzen ditugu gure klinika eta anbulatorioetan, eta, kasu askotan, ohartzen gara aldez aurreko ezagutza- eta prebentzio-neurriekin sendatze-prozesuaren emaitza askoz hobea eta eraginkorragoa izan daitekeela.
Nork osatzen duzue Educator Programa?
Proiektua gauzatzeko, lantalde bat sortu da, honako hauek osatua:
- Bezeroak kudeatzeko arloa: enpresekin hitz egiteko eta enpresen eta langileen beharren berri emateko.
- Komunikazio-taldea: materiala lantzeko eta zabaltzeko.
- Erizainak: zenbait zerbitzutakoak, hala nola ebakuntza-gela, ospitalizazioa, larrialdiak, zentro anbulatorioak, kontsultak eta kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunak; aldi berean, zenbait lantaldetan parte hartzen dugu: prestakuntza eta irakaskuntza, pazienteen segurtasuna, osasun-arretaren pertsonalizazioa, larrialdiak eta abar. Elkarrekin, edukiak landu eta gainbegiratzen ditugu, larrialdietako taldeko medikuekin eta gure erizaintzako zuzendariarekin batera.
Edukiak lantzeari dagokionez, eta zuk esan bezala, Gema, desberdin jokatzen duzue aurrean duzuenaren arabera. Enpresei eta langileei dagokienez, zer eduki-mota ari zarete lantzen?
Batez ere, enpresan osasun-larrialdiei aurre egitearekin lotutako edukiak.
- Nola jokatu anputazio eta berrezartze txikien aurrean.
- Erredurak: zer egin lehenengo uneetan.
- Nola jokatu helduei gorputz arrotzak eztarrian trabatuz gero.
- Nola egin bihotz-arnasetako bizkortzea helduei.
- Zer egin begietako istripuetan.
Pazienteari eta senitartekoei begira, zer premia hautematen dituzue?
Pazienteei eta haien zaintzaileei begira, helburua da asistentzia-prozesuaren parte aktibo izan daitezela eta beren burua zaintzen eta sendatzen inplika daitezela, horrek, aldi berean, haien segurtasunean lagunduko baitu. Jendeak eskatzen du osasun-profesionala hurbilagokoa izan dadila eta osasun-informazioa maitasunez eta profesionaltasunez trata dezala, hizkera ulerterrazean emanez.
Zenbait eduki prestatuak ditugu, hala nola heparina nola eman, nola egin sendaketak etxean eta nola prebenitu erorketak. Halaber, beste gomendio batzuk lantzen ari gara: zer egin traumatismo kranioentzefaliko arin baten aurrean, traumatismo toraziko baten aurrean…
Pazientea osasun-arretaren segurtasunean inplikatzea dakarren prestakuntza guztia: ospitaleratzean, prozesu terapeutiko eta/edo kirurgikoan eta ospitaleko alta jasotakoan etxean egiten zaion jarraipenean.
Esan duzu pertsonok tratu hurbila eta profesionala eskatzen dugula, eta, bereziki, informazioa hizkera ulerterrazean eman dakigula. Ulertzen dut osasun-arloa humanizatzea helburu oso garrantzitsua dela Mutualian.
Bai, hala da. Horrekin, gure osasun-arreta pertsonalizatzea bultzatzen dugu, eta alderdi guztien arteko harremanak hobetzen ditugu: osasun-profesionalak, pazienteak, haien senitartekoak, langileak, enpresak eta gizartea.
Eskerrik asko, Gema. Educator Programari buruzko informazio guztia gure web-orrian dago eskuragarri, prestakuntza-bideoak eta fitxak barne: www.mutualia.eus, “zerbitzuak/osasun-zerbitzuak” atalean.
Elkarrizketa: Gemma del Pozo