Carlos Sarabiak, mediku eta Mutualia Osasungarria taldeko kideak, gakoak azaldu dizkigu: jarduera fisikoa, nutrizioa, ongizate pertsonala.

Nola eutsi diezaiekegu ohitura osasungarriei Eguberrietan, kontuan izanda sasoi horretan errutina ahaztu, gehiegi jan eta edan eta bizimodu sedentarioagoa izan ohi dugula?
Egin daiteke, eta gomendagarria da. Eguberri osasungarriak izateko gakoa da oreka aurkitzea ohitura osasungarrien hiru zutabe nagusien artean: nutrizioa, ariketa fisikoa eta ongizate pertsonala.
Hitz egin dezagun nutrizioaz. Zer egin behar dugu gehiegikeriak saihesteko? Betekada horiek, alkohol eta guzti…
Garrantzitsua da menua planifikatzea. Menu orekatu bat pentsa dezakegu, sasoiko produktu freskoak barne, non frutak, barazkiak, ortuariak eta fruitu lehorrak nagusituko diren. Prestatzeko, hobe da plantxa, lurruna eta labea erabiltzea, saltsak eta gisatuak baino, horiek digestio mantsoagoa eta astunagoa eragin baitezakete. Garrantzitsua da, halaber, azukre gehiegi ez hartzea, eta Gabonetako postre tradizional gehiegi ez jaten saiatzea. Iradokizun on bat izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, etab.
Alkohola saihestu behar dugu. Garrantzitsua gehiegi ez hartzea. Alkoholaren kontsumoa neurritsua izan dadin saiatu behar da, eta otorduetan edan; gogoratu behar da kaloriak baino ez dituela ematen, eta digestio- eta nerbio-sistemei kalte egin diezaiekeela epe laburrean. Hidratazioa funtsezkoa da; ura edan behar da, heste-igarotzea errazten duelako eta janariarekiko antsietatea gutxitzen duelako. Beste likido batzuk ere har ditzakegu: zuku naturalak, infusioak edo zopak.
Jarduera fisikoari dagokionez, eta bizimodu sedentariotik aldentzeko, zer motatako ariketak izan daitezke eguneroko errutinaren alternatiba?
Egia da ospakizun-egunotan gure jarduera fisikoko errutina alda daitekeela, baina sedentarismoa saihestu dezakegu, zenbait ideia oinarri hartuta. Ibili oinez, paseatu zure hirian erritmo bizian, opariak erosteko aprobetxatu, joan Gabonetako merkatu txikietara… San Silbestreko lasterketaren batean parte hartzera ere anima zaitezke, edo urte berria inauguratzeko mendi-irteeraren batean. Ahaztu igogailuaz; eskaileretatik igo eta jaistea jarduera egokia da. Ariketa aerobikoa primerakoa da, kaloriak erretzen eta tentsioa eta kolesterola gutxitzen laguntzen du eta.
Ez dezagun ahaztu gure alderdi emozionala. Jai egunak, bazkariak eta opariak antolatzeko estresa. Nola mantendu oreka gure ongizate emozionalean?
Garrantzitsua da egin nahi dugun guztia aldez aurretik planifikatzea, zereginak banatzea, perfekzionismotik ihes egitea eta gure denbora gehien behar dutenekin partekatzea. Egun horietan, gehien maite ditugun pertsonak izaten ditugu inguruan, eta haiekin hitz egiteak, barre egiteak eta gauzak partekatzeak ondo sentiaraziko gaitu. Erlaxatzeko eta gozatzeko egunak dira.
Eta lo-ohiturei dagokienez, zer?
Jaietan, atseden-ordutegia aldatu ohi dugu. Gaizki lo egitea, edo gomendatutako orduak baino gutxiago, gure osasunaren etsairik okerrena izan daiteke. Horregatik, garrantzitsua da pauta bati eustea loaren higieneari dagokionez. OMEk egunero gutxienez 6 orduz lo egitea gomendatzen du, eta, ahal bada, 8 orduz. Lo hartzea kostatzen bazaigu, meditatzeko eta erlaxatzeko teknikak erabil ditzakegu, ariketa batzuk egin eta liburu on batez edo bainu lasaigarri batez gozatu. Eta nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta ongizate emozionalaren arteko orekari eutsiz, atseden ona lortuko dugu.

