Pentsioen erreformari buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuan, zeina 2023ko urriaren 1etik aurrera aplikatuko baita, Gizarte Segurantzaren sisteman sartu dira prestakuntza-programen barruko prestakuntza-praktikak eta praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak.
Hala, praktikaldian dauden bekadun guztiek kotizatuko dute 2023ko urritik aurrera, praktika ordainduak nahiz ordaindu gabeak egiten dituztela ere.
Zer ikasleri eragingo die?
Unibertsitateko ikasleek egiten dituztenak, bai graduko, masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzekoak, bai unibertsitatearen beraren titulu bat lortzekoak, dela etengabeko prestakuntzako master bat, espezializazio-diploma bat edo aditu-diploma bat.
Lanbide-heziketako ikasleek egiten dituztenak, betiere ez badira egiten lanbide-heziketa trinkoaren erregimenean.
Praktikak egiten dituzten pertsonak besteren konturako langileen pareko gisa jasoko dira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, sistema bereziak kontuan hartu gabe, salbu eta praktika edo prestakuntza ontzietan egiten bada; halakoetan, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartuko dira.
Atzeraeraginezko izaera du?
Arauan ezartzen denez, xedapena indarrean sartu aurretik (2023ko urriaren 1a) hartan adierazten diren egoeran zeuden eta xedapenean erreferentzia egiten zaien pertsonek hitzarmen berezi bat sinatu ahalko dute, behin bakarrik eta Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak zehazten dituen epean eta baldintzetan, xedapena indarrean sartu aurretik, gehienez ere bi urtez, egindako praktika ez-laboralak eta praktika akademikoak kotizazioko zenbaketan sartu ahal izateko.
