Itzuli

Prebentzioa eta lehen laguntzak ostalaritzan liburua editatu du Mutualiak

Bilboko Mediku Zientzien Akademiak antolatutako 2017-2018 ikasturtearen inaugurazio-ekitaldiaren barruan aurkeztu zen liburua. Bertan egon ziren Jacinto Batiz liburuaren idazleetako bat, Jorge Arbaiza Mutualiako Operazio zuzendaria, Alberto Alonso Osalaneko zuzendari nagusia eta Fernando Canales Etxanobe proiektuko chefa.

Ostalaritza ez da bereziki nabarmentzen lan ezbehar ugariko sektorea izateagatik, baina, aldiz, sektorea Euskadin izaten ari den hazkundearen ondorioz, istripuen intzidentzia gero eta handiagoa da urtetik urtera. Iaz 163 istripu gertatu ziren hoteletan; zorionez, bat bera ere ez larria. Jatetxe eta tabernetan, ordea, 1.048 istripu izan ziren; horietako bi, larriak. Mutualiako Operazio zuzendari Jorge Arbaizak honakoa adierazi zuen aurkezpenean: «Enpresek iaz adierazitako istripu bajadunen % 4,64 eman ziren ostalaritza sektorean. Horien % 99,82 arinak izan ziren; % 0,18, aldiz, larriak. Istripuen % 85 azaleko lesioak, zaintiratuak eta erredurak izan ziren».

Aipatutakoa eta sektoreko enpresak gehienbat enpresa txikiak direla eta gaian eta bezeroengan eragiteko baliabide mugatuak dituztela kontuan izanik, aurkeztutako liburuak sektorean istripuak prebenitzeko oinarrizko gida izan nahi du. Gainera, beste sektore eta elkarte askotan ere aplikatzeko baliagarria izan daiteke.

Mutualiak argitaratutako liburuak honako egile hauek izan ditu: Jacinto Bátiz Cantera (medikua), Ainhoa Bátiz Cano (medikua), Gorka Bátiz Cano (sukaldaria eta chefa) eta Olatz Bátiz Cano (psikologoa). Bilboko Mediku Zientzien Akademiako Alergologia Saileko presidente eta IMQko mediku Pedro Gamboa Setién ere liburuaren egilekidea izan da. Pablo Barredo arduratu da irudiez eta maketazioaz, eta Ricardo Franco Vicariok idatzi du hitzaurrea.  Jatetxe eta hoteletan gerta daitezkeen arrisku-egoerak biltzen dira liburuan; esaterako, intoxikazioak, erredurak, elektrokuzioak, ebakiak, traumatismoak, itotzeak, konorte-galerak, istripu baskularrak, alergiak, eta abar. Horretaz guztiaz gain, langileen arrisku psikosozialak lantzen dira, bereziki, estresa.

Obrak 148 orrialde ditu, eta bi bertsiotan editatu da: bata gaztelaniaz, eta, bestea, euskaraz. Mutualiak Bilboko Mediku Zientzien Akademiarekin eta Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundearekin (Osalan) batera garatzen duen Gizarte Segurantzako Prebentzio Jardueren Plan Orokorraren barruan sartzen da liburuaren argitaratzea.

Laburbilduz, hitzaurrean Ricardo Franco doktoreak nabarmendu bezala, «establezimenduotako langileentzako prebentzioa eta lehen laguntza lantzeko gida erabilgarria izateaz gain, publikoarentzat berarentzat ere, alegia, establezimenduetako erabiltzaileentzat, baliagarria da».

Lotutako berriak