Apirilaren 28an, laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko egunean, Mutualiak Bilboko Metroko hainbat geltokitatik pasako den erakusketa ibiltaria antolatu du, beste ekitaldien artean.
Ekimen horren helburua da Laneko Arriskuen Prebentzioak langileen egunerokotasunean duen garrantzia nabarmentzea. 15 argazkik osatuko dute erakusketa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualiaren 12 argazki-lehiaketetan parte hartu duten 1.000 argazkien artean aukeratuak.
Argazkiak formatu handian inprimatu dira eta hainbat testu, datu eta gogoetarekin batera aurkeztuko dira, gutako bakoitzak duen eta izan dezakeen eginkizunaz kontzientziatzearren, laneko istripuak eta lanbide-gaixotasunak saiheste aldera.
Mutualiak prebentzioari erreparatzera animatzen zaitu.
Erakusketa maiatzaren 16a arte bisitatu ahal izango da Abandoko geltokiko sarbideetan, eta, ondoren, San Mamesen ekainaren 17a arte eta Moyuan uztailaren 1etik 29ra.
Erakusketa hori apirilaren 28an laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko eguna ospatzeko antolatutako jardueren artean kokatzen da, eta aurken honako goiburu hau izango du:
«Laneko estresa: taldeko erronka bat».
Gaur egun, langile askok presio handia jasan behar izaten dute lan-bizitza modernoaren eskakizunak betetzeko. Lantokietako giroak gero eta estresagarriagoak dira, lehiakortasun handiagoaren, errendimenduaren inguruko itxaropen handiagoen eta lan-ordu luzeen moduko arrisku psikosozialen eraginez.
Laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko eguneko ospakizuna urtero antolatzen den nazioarteko kanpaina batean datza, lan seguru, osasuntsu eta duina sustatzeko helburuarekin. Apirilaren 28a da, era beran, munduko sindikatuen mugimenduak hautatutako data laneko istripuetako eta lanbide-gaixotasunen biktimei omenaldia egiteko.