Una balanza de la justicia sobre un calendario, simbolizando la relación entre derechos imprescriptibles y plazos legales.
Itzuli

Preskripzioa eta oinarrizko eskubideak 

Herritarrek ezer argi badute, zera da, oinarrizko eskubideak direla bizi-arau gidari gorenak. Alabaina, jurisprudentziako zenbait aipamen ikusita, eskubide horien denborazkotasunaren gauzatzea hartuko dugu aztergai; hau da, eskubide horien preskribaezintasuna eta horren nondik norakoak. 

Argi dugu oinarrizko eskubide oro dela preskribaezina; alegia, lege-printzipio horrek ezartzen du eskubide jakin batzuk ezin direla bazter utzi denborak aurrera egite hutsagatik. 

Hori bai, eskubide horiek preskribaezinak izateak ez du eragozten haiek babesteko egin litezkeen ekintza zehatzak preskribatzea; alegia, mota horretako eskubideren bat kaltetu diotelako erreklamazio judiziala egin nahi duenak arauz ezarritako preskripzio-epeak errespetatu behar ditu. 

Baiki, eskubideak ez du indarrik galduko denborak aurrera egite hutsagatik, baina ekintza baten kalteak pairatzen dituenak lesioa gertatu den datatik urte bat igarotzen uzten badu —hori da Langileen Estatutuaren 59.1 artikuluan adierazten den epe orokorra—, ekintza preskribatu egingo da. 

Berebiziko garrantzia du, halaber, aipatutako ekintza gauzatzeko epearen hasiera zehaztea; kontu horrek garrantzia duen seinale, hona bi jurisprudentzia-aipamen interesgarri, gaiarekiko lotura dela-eta: Auzitegi Gorenaren 07/2025 epaiak, 2025eko urtarrilaren 14koak, dioenaren arabera, jakina da gatazka kolektibo bati loturiko prozedura bat izapidetzeak gatazka horri berari lotuta jada abian diren banakako prozedurak gelditzen dituela, bai gatazka hori gatazka kolektibo gisa izapidetzen hasi denean jada abian direnak, bai etorkizunean abian jarri litezkeenak, eta auzi horretan balia litezkeen banakako ekintzen preskripzioa eteten duela, baldin eta langilea gatazka hori dagoen lurralde-eremukoa eta eremu subjektibokoa bada. Gainera, kontuan hartu behar da banakako ekintzak gauzatzeko epea berriz ere jartzen dela abian, gatazka kolektiboari buruzko epaia irmoa den datatik aurrera. 

Horren adibide da jarraian aipatzen den kasuari loturiko erreklamazioa, oinarrizko eskubideak (zehazki, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluan jasotakoa) babesteko banakako ekintza dena: enpresa batek, arrazoizko justifikaziorik izan gabe, aldi baterako langile bati soldata-tratu desberdina ematea. Kasu horretan, ekintza kolektiboak banakako ekintza gauzatzeko preskripzioa eteten du, zeina berriz jarriko baita abian, ekintza kolektiboaren epaitza ematen denetik aurrera. 

Bigarren aipamena Auzitegi Gorenaren 330/2025 epaia da, 2025eko apirilaren 22koa. Kasu horretan, oinarrizko eskubideak urratzearen ondoriozko kalte-galerak ordainarazteko ekintza preskribagarria da, baina epearen zenbaketa jokabide diskriminatzailea amaitzen denetik aurrera egin behar da; beraz, jokabideak bere horretan jarraitzen badu, ekintza-aukerak zabalik dirau. Ondorioz, horren gaineko doktrina berresten da. 

Hala bada, denbora-muga jakin bat dago ekintza gauzatzeko; oinarrizko eskubidea preskribaezina da, ez, ordea, hura babesteko ekintza zehatza. 

María Urizar Pérez 

Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua      

Lotutako berriak