UFDV-EKFBren atal honetan, euskal kirolaren berri ematen da hilero. Oraingo honetan azpimarratu nahi dugu Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskal Kirol Federazioen Batasunarekiko lankidetza bultzatu duela, bost kirol federaziotan euskara prestatu, sustatu eta kudeatzeko helburuarekin. Horretarako, elkarlanean hasi da Euskadiko Euskal Pilota Federazioarekin, Euskadiko Errugbi Federazioarekin, Euskadiko Gimnastika Federazioarekin, Euskadiko Txirrindularitza Federazioarekin eta Euskadiko Surf Federazioarekin.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak eta Euskal Kirol Federazioen Batasuneko Leire Gerenabarrenak eman zuten lankidetza horren berri, bost federazioetako ordezkariek ere parte hartu zuten ekitaldian.
“KIROLETIK, bagoaz euskarara” lelopean, pilota, errugbi, gimnasia, txirrindularitza eta surf federazioek euskarazko prestakuntza emango diete etorkizuneko entrenatzaileei, erakunde bakoitzak hartutako konpromisoaren arabera. Guztien helburua da talde teknikoak estrategiaren erdigunean jartzea, horiek baitira kirolari gazteenengandik hurbilen dauden pertsonak, eta baita giltzarriak ere taldea hizkuntzari dagokionez aktibatzeko zereginean.
Honako lau hauek dira lankidetza akordio horien helburuak: Prestakuntza: federazio bakoitzak gutxienez entrenatzaile ikastaro bat emango du urtean, oinarrizko mailakoa; Hizkuntza prestakuntza: ikastaroarekin batera, federazio bakoitzak hizkuntz estrategien modulua antolatu eta emango du; Hizkuntz kudeaketa: federazio bakoitzak hizkuntzaren faktorea txertatuko du erakundearen kudeaketan, eta egoeraren diagnostiko bat eta kudeaketa berri bat diseinatuko du (euskara planak), eta Sustapena: proiektuan parte hartzen duten federazioek hainbat ekimen egingo dituzte beren esparruan euskararen erabilera sustatzeko, UFDV-EKFB-ek koordinatuta. Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta bost federazioetako arduradunak helburu horietan aurrera
egiteko lanean ari dira, eta Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 100.000 euroko dirulaguntza emango dio UFDV-EKFBri proiektu hori aurrera eramateko.
Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu zuen legegintzaldi honetako Gobernu Programan zehazki jasotzen dela hizkuntza eskubideak bermatzeko aurrerapausoak emateko premia eta euskararen erabilera ahalbidetzea gure bizitzako esparru guztietan. 2020-2024 aldirako helburuetako bat da: eremu sozioekonomikoa eta lanaren eremua; ingurune digitala, aisialdia eta denbora librea eta familiako transmisioa dira euskararen normalizazioan aurrera egiteko hurrengo urteetako erronka nagusiak. Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak nabarmendu zuen kirola funtsezkoa dela euskararen erabilera zabaltzeko bai aisialdian bai espazio ez-formaletan. Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 2021ean aurkeztu zuen Kirolean Euskara Sustatzeko 2021-2024 Plana, 18 urte bitarteko gazteen artean euskararen erabileran eragiteko helburuarekin, eta proiektu honek entrenatzaileen prestakuntzan du bereziki eragina.
Kirol federazioek dute eskumena hainbat kirol diziplinatako talde teknikoei ikastaroak emateko, eta Zupiriak adierazi zuenez, “entrenatzaile horiengan eragin nahi bada, ezinbestekoa da kirol federazioen lankidetza. Eta horretan guztiz bat gatoz Euskal Kirol Federazioen Batasuna eta Eusko Jaurlaritza. Hizkuntzaren ikuspegitik kirol federazioetan eragitea lortzen bada, federazio horiek erreferente bihurtuko dira bai klubentzat bai kirolarientzat euskararen erabilerari dagokionez”.
