Itzuli

Prevencion10.es berritu da

ETE-ek eta autonomoek laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako betebeharrak euren baliabideekin kudeatu ahal izateko doako zerbitzu publikoa sortu zenetik egon diren aldaketa azkarretara egokitu da.

 

2010etik, Gizarte Segurantzaren Estatu Idazkaritzak Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalari eman dio Prevencion10.es izeneko Gizarte Segurantzaren zerbitzua kudeatzeko ardura.

Proiektu hori 2007-2012 aldirako Espainiako Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategiarekin abiarazi zen. 10 langile edo gutxiago zituzten enpresariei prebentzio-jarduerak antolatzeari buruzko aholkularitza emateko zerbitzu publiko gisa sortu zen. Egungo 2015-2020 aldirako Espainiako Laneko Segurtasun eta Osasun Estrategiak, oro har, beharrezkotzat jotzen du jarduketak laneko arriskuen prebentzioaren araudiari buruzko informazioa ematera eta sentsibilizatzera bideratuta egotea, batez ere enpresa txiki eta ertainei dagokienez. Halaber, araudian sartzen eta hori ezagutzen zein aplikatzen lagunduko duten tresnak garatzea eta zabaltzea beharrezkotzat jo du estrategiak.

Testuinguru horretan, Prevencion10.es aplikazioaren ahalmena ahalik eta gehien aprobetxatzeko, eta urte hauetan lortutako esperientziatik abiatuz, web-plataforma berritu da, oraindik ezagutzen ez duten enpresetara heltzeko eta enpresa erabiltzaileen zerbitzuak zabaltzeko.

Web-plataforma berritu da

Prevencion10.es plataformak laneko arriskuen arloko aholkularitza eskaintzen du. Zerbitzu publikoak aukera hauek ematen ditu:

• Prebentzio-jarduera kudea daiteke, norberaren baliabideekin, 25 langilera arteko enpresetan, indarrean dagoen araudiari jarraituz.

Ardurapean enplegaturik ez duten langile autonomoei enpresa-jardueren koordinazioaren arloko araudia betetzen laguntzea.

Gainera, interesdun guztien esku jartzen da laneko arriskuen prebentzioari buruzko informazio erabilgarria, prebentzio-kultura sustatzeko eta lantokietan segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko helburu argiarekin.

Gaur egun, Prevencion10.es plataformak hainbat jarduera ekonomikorentzako 85 ebaluazio-galdetegi eta norberaren kontura aritzen diren langileentzako 42 galdetegi ditu.

Web-atari berriak nobedade nabarmenak dakartza:

• Sarbidea oso ona da telefono mugikorretatik eta tabletetatik, web-orriaren responsive diseinuari esker.

• Plataformaren nabigagarritasuna hobetu da; intuitiboagoa eta naturalagoa da.

• Erregistratzeko urratsa kendu da erabiltzaile gonbidatuentzat, eta horrek zerbitzua erabilerrazago egiten du eta edukietarako sarbidea bizkortzen du.

• Erabiltzaileak erregistratzeko urratsa erraztu da, helbide elektronikoa baino ez baitzaie eskatuko.

• Ebaluazio-prozedura hobetu da, eta, horrela, askoz denbora gutxiago beharko da galdetegiak betetzeko.

• Deskargatu daitezkeen dokumentuen (laneko arriskuen prebentzio-plana eta enpresa-jardueren koordinazio-dokumentua) maketazioa berritu da, eta dokumentu bakar batean sartu da enpresako prebentzioa kudeatzeko beharrezko informazio guztia.

Mutualiak hainbat ekimen egiten ditu ETE eta autonomo bazkideek zerbitzua erabiltzea sustatzeko. Informazio gehiagorako, jar zaitez harremanetan Prebentzio Sailarekin:

PREBENTZIO SAILA:

prevencion@mutualia.es

944 042 105 | 943 440 526 | 945 009 077

Lotutako berriak