Itzuli

Programa Terapeutiko Lagundua abeletxe inklusiboetan

Mutualiak bere Programa Terapeutiko Lagundua egin du aste honetan, Prestazio Berezien Batzordeak bultzatuta. Ekimen hau laneko istripu baten edo gaixotasun profesional baten ondorioz baliaezintasun handia edo ezgaitasun iraunkor eta absolutua aitortua duten pertsonei eta haien zaintzaileei dago bideratuta.

Aurreko irailean, lehen talde batek Termalismo Programaz gozatu ahal izan zuen, hori ere Prestazio Berezien Batzordeak bultzatua, eta, oraingo honetan, bigarren talde batek, 36 pertsonak osatua, Programa Terapeutiko Lagundua baliatu du, zeina Nafarroako zenbait herritan garatu den abeletxe inklusiboetan. Hau izan da Mutualiak animaliekin egindako terapia bere Programa Terapeutiko Lagunduan txertatu duen lehen aldia, eta nabarmentzekoa da esperientziak oso harrera ona izan duela. Onura asko eragiten dute animaliekin egindako terapia lagunduak eta naturarekiko kontaktuak, aldarte emozional positiboen presentzia handitzen baitute eta baliabide psikologikoak eta sozialak zabaltzen baitituzte. Estresa murrizten dute, autoestimua hobetzen dute, enpatia sustatzen dute, bakardade eta isolatze sentimendua apaltzen dute, eta talde-jardueretan integratzen ere laguntzen dute.

Urriaren 7tik 11ra bitartean, parte hartu dutenek jarduerak inguru natural batean egitearen esperientziaz gozatu ahal izan dute, bai eta animaliekiko harreman zuzenean egoteaz ere, abeletxe inklusiboak bisitatuz Ollon eta Lezaunen, eta zaldi gainean ibiliz Arangurengo Ekinoterapia zentroan. Zaldiak saldoan eta askatasunean zirela ere egin dituzte dinamika batzuk, konfiantza, erlaxazioa, ahalduntzea, talde-lana eta bizikidetza lantzeko.

Aipatutako abeletxeetako jardueren ondoren, eta irteerari amaiera emateko, taldeko kideek Iruñea bisitatzeko aukera izan zuten, eta, han, entzierroaren ibilbidea egin zuten eta Sanferminetako agertoki tipikoak ikusi ahal izan zituzten.

Lotutako berriak