radon
Itzuli

Radonaren aurkako Plan Nazionala 

Abenduaren 20ko 1029/2022 Errege Dekretuan, zeinak onesten baitu osasuna erradiazio ionizatzaileekiko esposizioak eragindako arriskuetatik babesteari buruzko araudia,  radonetik babesteari dagokionez, dagoeneko ezartzen da Gobernuak Radonaren aurkako Plan Nazional bat bultzatzeko eta onesteko betebeharra, gas horrekiko esposizioak epe luzera biztanleriarentzat duen arriskua murrizteko. Ezartzen da, halaber, esparru itxietako radon-kontzentrazioaren erreferentziazko maila, eta maila hori betetzeari buruzko betebeharrak zehazten dira, eta, radonaren laneko esposizioei dagokienez, langileen esposizioa urteko zer dosi-mailatatik aurrera kudeatu beharko litzatekeen esposizio-egoera planifikatu gisa.

Betebehar horren ondorioz, 2024ko urtarrilaren 9an, Ministro Kontseiluak Radonaren aurkako Plan Nazionala onetsi zuen. Plan horretan jasotzen dira biztanleriak radonarekiko esposizioagatik duen osasun-arriskua murrizteko ezarri diren estrategiak eta administrazio publikoek garatu beharreko jarduerak.

Radona jatorri naturaleko gas erradioaktibo bat da; uranio-238a deskonposatzean sortzen da, zeina radio-226an desintegratzen baita, eta hura radon-222an. Prozesu hori lurrazalean gertatzen da, uranio-238aren kantitate txikiak baitaude mota askotako arroka, zoru eta materialetan. Material horietatik, radona atmosferarantz joaten da. Atmosferan, sakabanatu egiten da, eta bere ondorengoetan desintegratzen da (haiek ere erradioaktiboak), zeinak aireko partikuletan (aerosol atmosferikoa) itsasten baitira. Horrenbestez, radona eraikinen barrualdean eta lantokietan kontzentra daiteke; batez ere, sotoetan.

Ebidentzia zientifiko zabal batek frogatzen duenez, lotura dago barrualdeetan radonarekiko esposizioan egotearen eta birika-minbiziaren artean. Radona 1. kategoriako eragile kartzinogeno gisa sailkatuta dago gizakientzat (gizakien kartzinogenizitatearen froga nahikoa daudenean aplikatzen da kategoria hori). Radonarekiko esposizioaren efektuak nabarmen areagotzen dira erretzaileengan, radonak eta tabakoak eragin sinergikoa baitute.

OMEren arabera, gasa iragaz dadin prebenitzea eta guneak aireztatzea dira radon-kontzentrazioa murrizteko neurrietako batzuk. OME: Radona eta osasunean dituen eraginak

1029/2022 Errege Dekretuaren 19. artikuluan (lantokietako neurriei buruzkoa) jasotzen denez, babes erradiologikoaren ondorioetarako, aldez aurretiko ebaluazio bat egin beharko da erradiazioarekiko esposiziopean dauden langileentzako arrisku erradiologikoaren izaera eta garrantzia zehazteko. Titularrak identifikatu, mugatu eta sailkatu beharko ditu urte ofizial bakoitzeko 1 mSv-etik gorako dosiak izateko aukera dagoen laneko gune guztiak, eta aplikatu beharreko babes erradiologikoko neurriak ezarriko ditu. Sieverta (Sv)​da erradiazio ionizatzailearen unitate baliokidea nazioarteko unitate-sisteman, eta kilogramoko joule bati dagokio. Maila baxuko erradiazio ionizatzaileek giza gorputzaren osasunean duten eragina neurtzen du.

Erradiazio ionizatzaileekiko esposizioak duen arriskua eta babes erradiologikoko neurriak barne hartu behar dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ezartzen dituen laneko arriskuen prebentzio-planetan, ebaluazioetan eta prebentzio-jardueren planifikazioetan.

Radonaren aurkako Plan Nazionalean, barne hartuko dira zenbait neurri urteko radon-kontzentrazioei dagokienez abenduaren 20ko 1029/2022 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritako erreferentziazko maila gainditzen duten etxebizitzak, erabilera publikoko eraikinak eta lantokiak identifikatzea. Hauek dira erreferentziazko mailak:

a) Esparru itxietako radonarekiko esposizioa: 300 Bq/m3 (becquerel metro kubiko aireko); aireko radon-kontzentrazioaren urteko batezbestekoa, bai etxebizitzetarako, bai erabilera publikoko eraikinetarako, bai lantokietarako.

b) Esparru itxietan, eraikuntza-materialetatik datorren gamma erradiazioarekiko kanpo-esposiziorako, 1 mSv urteko, aire zabaleko kanpo-esposizioaz gainera.

Hauek dira Radonaren aurkako Plan Nazionalaren helburu estrategikoak:

  1. Arazoa zenbatekoa den jakitea eta kontrolak eta behin betiko soluzioak aplikatzeko gabeziak eta zailtasunak konpontzea.
  2. Eraikinetako radon-kontzentrazioa murriztea.
  3. Laneko radon-esposizioak murriztea eta bermatzea ezartzen dela radonarekiko esposizioa duten langileentzako erreferentziazko maila eta betetzen dela dosi-muga.
  4. Lehentasunezko jardute-eremuetan radonarekiko esposizioa murrizteko ekintza-neurriak garatzea.
  5. Publikoaren, profesionalen eta administrazioen kontzientziazioa bultzatzea.

Plan nazional horretako helburu estrategiko bakoitza zenbait helburu espezifikori lotua dago, zeinak erlazionatuta baitaude honako hauekin: biztanleriak duen radonarekiko esposizioa ebaluatzea, prestakuntza-programa espezifikoak bultzatzea, lehendik dauden eraikinetan esku hartzeko programak egitea, lantokietan aplikatu beharreko legedia eta araudia bete daitezen bultzatzea, erraz aplikatzeko moduko metodologiak sustatzea eta radonak osasunean dituen eraginei (batez ere, tabakoarekin konbinatuta) buruzko kontzientziazio publikoa areagotzea.

Radonaren aurkako Plan Nazionalaren helburu nagusia da biztanleriaren eta langileen osasuna babestea radonarekiko esposizioak osasunerako dituen arriskuetatik.

Bibliografia:

1029/2022 Errege Dekretua, abenduaren 20koa, erradiazio ionizatzaileen eraginpean egotearen ondoriozko arriskuetatik osasuna babesteko Erregelamendua onesten duena.

© OSASUN MINISTERIOA 2024 Idazkaritza Tekniko Nagusia Argitalpen Zentroa Paseo del Prado, 18, 28014 Madril

NTP 533: Radona eta osasunean dituen eraginak, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala.

Lotutako berriak