
RAQUEL SERRANO OLIVARES zuzenbideko doktorea da, eta Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzenbideko irakasle titularra Bartzelonako Unibertsitatean. Horrez gain, hizlari jardungo du MUTUALIAK urriaren 25erako antolatu duen mintegian: “BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA”.
1.- Laneko eta Gizarte Segurantzako zuzenbideko irakasle zaren aldetik, nola definituko zenuke zuk langile bereziki sentibera (LBS)?
LAPLren 25. artikuluaren arabera, LBSak dira beren ezaugarri pertsonalak (adina, desgaitasuna edo beste batzuk) edo egoera biologiko jakina (haurdunaldia/edoskitzaroa) direla-eta laneko arriskuekiko sentiberatasun handiagoa duten langileak; hau da, istripu bat edo gaixotasun bat izateko probabilitate handiagoak izan ditzakete. Kontzeptuak muga oso zabalak ditu; izan ere, ezaugarri pertsonal mota guztiak hartzen ditu barne, iraunkor nahiz iragankor: adibidez, alergia bat, migrainaren moduko gaixotasun kroniko bat, edo tratamendu farmakologiko jakin bat. Ildo horretan, interesgarria da nabarmentzea azken urteetan zabaldu egin dela “desgaitasun” kontzeptua araudi-mailan, eta iraupen luzeko mugaren bat dakarren gaixotasun sendagarri nahiz sendaezin oro sartu dela barruan. Hala, LBStzat har daitezke hala desgaitasun aitortua duten pertsonak nola, desgaitasun aitorturik izan gabe ere, iraupen luzeko gaixotasun bat dutenak.
2.- Gure lan-ingurunean kolektibo berriak agertu dira; adibidez, beste herrialde batzuetatik (nagusiki garapenbidean daudenak) datozen langileenak, edo adin aurreratuko langileenak. Horiek ere LBStzat hartzen al dira?
LAPLren 25. artikuluak ez du ezartzen laneko arriskuekiko sentiberatasun handiagoa ekar dezaketen egoera edo ezaugarri pertsonalen zerrenda itxi bat; beraz, hasiera batean, lan jakin baten arrisku zehatzekin elkarreragiten duen ezaugarri pertsonal orok eragin lezake sentiberatasun handiagoa. Horixe da adin aurreratuko langileen kasua. Gaitasun psiko-fisiko jakin batzuen narriadura agertzen dute, adin aurreratuarekin loturan. Horixe da, halaber, beste herrialde batzuetatik datozen pertsonen kasua. Baliteke maila txikiagoan ezagutzea hizkuntza, eta horrek ulertzeko zailago bihurtzen ditu laneko arriskuak eta horiek segurtasunean eta osasunean izan dezaketen ondorioak. Horrez gain, gerta liteke beste herrialde batzuetatik datozen pertsonek laneko arriskuak txikiagotzeko joera izatea, eta horiekiko tolerantzia handia agertzea. Aintzat hartu beharreko beste elementu bat da laneko arriskuak ugaritu ere egin daitezkeela, zenbait erlijio-ohiturari jarraitzearen ondorioz.
3.- Zer erregulazio-maila ezartzen du laneko araudiak LBSentzako lan-baldintza eta prebentzio- eta mugikortasun-neurriei buruz? Zure ustez, hutsune legalak daude?
Erregulazio-mailan oreka falta da laneko arriskuekiko bereziki sentiberak diren langileentzako prebentzio- eta mugikortasunneurrien zehaztapen-mailari dagokionez. Bai langile haurdunak nahiz edoskitzaroan daudenak, bai langile adingabeak nahiz iraupen mugatuko kontratuen bitartez kontratatutakoak, erregulazio zehatzagoa dute enpresaburuak jarraitu beharreko prebentzio-bideari buruz. Hala, prebentzioaraudiak argi eta garbi zedarritzen ditu enpresaburuak zer berariazko betebehar dituen kolektibo horiei dagokienez mugikortasunaren eta informazio/prestakuntzaren alorrean. Hala ere, gainerako LBSei dagokionez, araudiak ez du oso ondo zehazten zenbaterainokoa litzatekeen enpresaburuaren babes-betebeharra mugikortasuneko neurriak hartuko balira (zeregin- eta/edo lanpostu-aldaketa). Begien bistan da LBS bat izateak ez duela zertan areagotu nahitaez enpresaburuaren babes-betebeharra. Dena dela, legediko zehaztapen faltak, praktikan, segurtasun juridikoko falta handia dakar. Jarduera-sektore eta enpresa batzuetan soilik leuntzen da, aplikatzen den hitzarmen kolektiboan alderdi horiek erregulatuta badaude.
4.- Zer berezitasun eduki beharko lituzke enpresa bateko laneko arriskuen ebaluazioak, langile bereziki sentiberak baditu, halakorik ez duen enpresa baten aldean? Eta osasunaren zaintzari dagokionez?
Enpresa guztiek ikuspegi bikoitzetik heldu behar diote arriskuen ebaluazioari: objektibotik eta subjektibotik. Horrek esan nahi du arriskuen ebaluazioan ezinbestean hartu behar direla aintzat lanpostu jakin bat beteko edo betetzen dutenen ezaugarri pertsonal bereziak. Horretarako, bereziki baliagarria da zerrenda bat izatea, eta bertan jasotzea enpresaren arrisku-ebaluazioan hautemandako arrisku guztiekiko eta bakoitzarekiko sentiberatasun berezia ekar dezaketen egoera edo ezaugarri indibidualak. Ezaugarri indibidual horietako zenbait hautemateko, hala behar denean, arrisku-ebaluazio gehigarri bat egin beharko da, sentiberatasun berezi horri egokituta, ezartzeko ea beharrezkoa den babesa indartzea edo ez. Osasunaren zaintzari dagokionez, esan daiteke tresna abantailatsua dela sentiberatasun berezia hautemateko ere. Behin hori hautemanda ere, sarri ezinbesteko tresna da osasun-zaintza, LBS pertsonen osasun-egoera ebaluatu eta babesteko, beren lanpostu eta lantokietan aurkitzen dituzten arrisku espezifikoei dagokienez. Testuinguru horretan, nahitaezko azterketa medikoak ezar litezke, borondatezkotasunaren arau orokorra hautsiz. Ezarpen hori justifikatuta egongo da azterketa medikoak ezinbestekoak direnean lan-baldintzek langileen osasunaren gain eragiten dituzten ondorioak ebaluatzeko, ez badago eragin hori neurtzeko beste ordezko bide egokirik, edo benetako arrisku objektibagarri bat hautematen denean, langilearen nahiz besteren osasunerako.
5.- Noraino iristen da enpresaburuaren betebeharra LBSak babesteari dagokionez, eta zer berariazko neurri har ditzake?
Jada esan dudan moduan, prebentzio-araudian ez da argi zehazten LBSen babesaren norainokoa, kolektibo jakin batzuentzat izan ezik. Hala ere, indarrean den arau-esparrutik erraz ondorioztatu daitezke hiru prebentzio- edo babes-neurri hauek: 1) Arriskuen ebaluazioak aintzat hartu behar ditu lanpostu jakin bat beteko edo betetzen dutenen ezaugarri pertsonalak horiek eragina izan badezakete lanpostu horren arrisku espezifikoen eguneraketan. 2) Osasunaren zaintza eta, batez ere, azterketa medikoak funtsezko tresna dira LBSak hautemateko, ebaluatzeko eta babesteko, eta nahitaezkotasunez ezar daitezke. 3) Enpresaburuaren betebeharra da LBSei bere osasunegoerarekin bateraezinak diren lanpostuetan lanik ez ematea; hala ere, araudiak ez du zehazten betebehar horren norainokoa eta, beraz, zalantza sortzen da: enpresaburuak lanpostua aldatu behar dio edo ez? Eta zer baldintzetan? Lanbide-maila berean? Jatorriko lanpostuko eskubide ekonomikoei eutsita? Lanpostu libre bat dagoenean soilik, edo betiere? -. Doktrina judizial nagusiak ildo horretan interpretatzen duenez, enpresaburuak, “egokitasun falta”ren adierazpen bat jasotzen badu prebentzio-zerbitzutik, LBSari beste enplegu edo lanpostu bat ematen saiatu behar du, hura ondoren agertutako trebetasunik ezagatik kaleratzen hasi aurretik.
6.- Zer-nolako erantzukizunak ondorioztatu daitezke LBSen arloko ez-betetzeengatik? Nor izan daiteke subjektu erantzule, erantzukizun motaren arabera?
Nabarmendu beharreko lehen kontu garrantzitsua da enpresa ez dela erantzukizunetik libratuko azterketa medikoak eskasak eta desegokiak izate hutsagatik, ezta LBS bat dagoela ohartzen ez badiote ere. Enpresak osasunaren zaintza kanpora atera arren, halakoetan, inguruabar soil horrek ez du erantzukizunez gabetuko. Bestalde, aintzat hartu behar da honako hau: laneko istripu edo gaixotasun profesional bat gertatzen denean LBS arloko prebentzio- edo babes-betebeharrak ez betetzearen ondorioz, lau erantzukizun mota posibleri egin behar dio aurre enpresak: a) Penala: delituak eta faltak. Enpresaburua edo administratzaileak edo zerbitzuaren arduradunak edo neurriak har zezaketenak izango dira erantzule penal nagusiak, enpresaburua pertsona juridikoa bada; enpresaburuarekin batera, erantzule penal izan daitezke arauzko betebehar jakin batzuk betetzera legez behartutako pertsonak, bereziki, laneko segurtasuneko eta osasuneko arloko espezialistak: izendatutako langileak; prebentzio-teknikariak, direla enpresaren prebentzio-zerbitzukoak, direla kanpokoak; laneko segurtasuneko eta osasuneko arloko koordinatzaileak (eraikuntza) eta prebentzioko baliabideak. Nolanahi ere, aipatu behar da LBSek lesio edo kalterik jasaten ez dutenean ere ezar daitekeela erantzukizun penala; izan ere, Kode Penalak berdin tipifikatzen du langileen segurtasuna eta osasuna arriskuan jartzea –arrisku-delitua–. b) Administratiboa: Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzaren jarduketaren ondoriozko zehapen administratiboak. Nagusiki, arauak hautsi dituen enpresaburuari egokituko zaizkion isun ekonomikoak dira. Erantzukizun administratiboak ere ez du eragindako kalteren beharrik; nahikoa da prebentzioko edo babeseko betebeharren bat ez betetzea. Baldintza jakin batzuetan, ezin da ezarri zehapen administratiboa enpresa jada erantzule penaltzat jo bada gertaera berberengatik. c) Gizarte Segurantzakoa: Gizarte Segurantzako prestazioen errekargua. Prebentzioko betebehar orokor edo espezifiko bat ez betetzea eta kalte bat eragitea eskatzen du. Honelako erantzukizunak enpresaburu arau-hauslearen gain erortzen dira eta ezin dira aseguratu. Horrez gain, gainerako erantzukizunetatik bereizia dago eta horiekin bateraezina da, baita penalarekin ere. d) Zibila: kalte-galeren ordaina. Horretarako, kalte bat eragin behar da; aldi berean, enpresaburuaren erruz edo zabarkeriaz gertatu behar da. Erantzukizun aseguragarria da.
MUTUALIAKO Prebentzio Sailak egindako elkarrizketa
