Azkenaldian nabarmen egin dute gora sarna-kasu eta -agerraldiek, bai gizartean oro har, bai lan-ingurunean. Horrek ezinegona eragin die erakundeei eta agerraldien eragina jasan duten enpresei; bereziki, egoitzei, osasun-zentroei eta zentro soziosanitarioei dagozkien sektore eta jardueretako enpresei.
Baina zer da sarna eta nola kutsatzen da?
Sarna edo hazteria azaleko gaixotasun bat da, parasito batek eragiten duena —Sarcoptes scabiei akaroa—; azala azalarekin kontaktuan izatean kutsatzen da batez ere. Sarna duen norbaiten ohe-jantziekin, arropekin eta bestelako gauza pertsonalekin kontaktuan egoteagatik ere kutsa daiteke, baina ez da hain ohikoa.
Sarnaren sintoma nagusia eta bereizgarriena azkura da, zeina biziagotu egiten baita gauez. Oro har ez du sortzen arazorik, baina desatsegina izan daiteke; tratamendu egokiarekin sendatzen da.
Zer egin lan-ingurunean agerraldi bat izanez gero?
Sarna ez da nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna, betiere ez badago agerraldirik. Agerraldiak Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaizkio. Honela definitzen da sarna-agerraldia*: zentro bereko bi pertsonari edo gehiagori bi hilabeteko epean sarna diagnostikatzea (probablea edo baieztatua).
Agerraldi bat kontrola daiteke, baldin eta hura azkar hauteman, deklaratu edo ikertzen bada. Beraz, beharrezkoa da jardutea, bereziki, bizikidetasuna eta harremana ohikoak diren lan-inguruneetan: egoitzak, ospitaleak, osasun-zentroak, ikastetxeak, etab.
Hala, mota horretako erakundeetan agerraldi bat izanez gero, ekintza hauek egin beharko dira, besteak beste:
- Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaio agerraldiaren berri.
- Agerraldi guztietan gainerako pertsonek gaixotzeko duten arriskua baloratuko da. Horretarako, autonomia-erkidego bakoitzeko zaintza edo jarduketa epidemiologikoko protokoloan ezartzen diren irizpideei jarraituko zaie, eta, agerraldiaren ebaluazio indibidualizatuaren ondoren, neurri egokiak hartuko dira tratamenduari, isolamenduari, gainazal eta ehunen garbiketari, higieneari eta NBEen erabilerari dagokienez.
Langileentzako informazioa
Adierazitako ekintza horiek behar bezala gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da gaixotasun horri buruzko informazioa ematea langileei.
Mutualiak, horretarako, dokumentu hauek eskaintzen dizkizue, zeinetan gaixotasunari buruzko informazioa eta hartu beharreko neurriei buruzko informazioa jasotzen baitira.
*Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2022ko apirilaren 8an argitaratutako Eskabiosiaren Behaketa Protokolotik jasotako definizioa.
