ekfb
Itzuli

Saskibaloia: Balio eta onura fisikoak kantxan

ekfb

Ikasturtea hasia da jada, eta haurrek, klasera joateaz gain, zenbait kirol praktikatzen dituzte. Horietatik, hautatuenetako bat saskibaloia da. Izan ere, fitxa gehien dituen tokietako bat da gure ingurua. Talde asko daude gizonezkoen nahiz emakumezkoen kategorietan, besteak beste: Baskonia —Europako talderik garrantzitsuenetako bat—, Bilbao Basket, Gipuzkoa, Lointek Gernika eta Araski, zeinak txikienentzako punta-puntakoak eta erreferentzia diren. Horrez gain, Euskal Federazioaren Euskadiko gizonezkoen nahiz emakumezkoen selekzioak betidanik jaso du Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntza, eta nazioarteko selekzioen aurka jokatzen du urtero; horrek agerian uzten du erakarpen handia duen kirol-espezialitate honetan dagoen maila nabarmena. Oinarri-lana oso garrantzitsua da. Kiroldegietako eta ikastoletako saskibaloi-kantxak hilabete daramate milaka partida hartzen, eta hori egiten jarraituko dute datorren urteko maiatzera arte. Baliorik onenak transmititzen dituen eta sasoi onean egoten laguntzen duen kirol baten aldeko grina islatzen dute partida horiek. Astebururo, beharrezkoak diren entrenamenduak egin baino zenbait egun lehenago, udalerrietan, gazteen eta hain gazteak ez direnen kopuru handi batek denbora librea eta aisialdia aprobetxatzen dute saskibaloian jokatzeko eta gehien gustatzen zaienarekin ondo pasatzeko. Haien lagunekin eta kideekin esperientziak trukatzeko, etsaia errespetatzeko eta gorputzarekin ondo sentitzeko. Izan ere, kanpoan edo estalitako kantxetan —sasoiaren arabera— saskibaloia praktikatzen duten haurrek gaitasun fisiko eta kognitiboak sendotzen dituzte txikiak direnetik, eta, horiei esker, beraien helburuak lortzen dituzte; jokaldiak ikasten dituzte, baloia saskian sartzen dute eta pistan zehar mugitzen dira, trebetasun handiarekin. Saskibaloari esker, posible da zenbait egoerari azkar aurre egitea, eta horrek sormena sustatzen du. Oraingoan, gure saskibaloi-kantxetan topaketa asko ikusteko garaian gaude; izan ere, 2019-20 denboraldian, zenbait pertsonak oso zabala den kirol bat jokatu, eta prestakuntza jasoko dute.

Saskibaloiak zenbait onura fisiko ditu, besteak beste, koordinazio egokia, kontzentrazioa eta erreflexu bizkorrak. Horrenbestez, arintasuna eta zenbait gaitasun garatzen laguntzen du, eta erresistentzia ematen die praktikatzen dutenei. Kirol-modalitate honek sistema kardiobaskularra babesten du, eta muskulu-erresistentzia hobetzen du. Hortaz, lagungarria da kaloriak erretzeko orduan. Honako hauek egiten dira: blokeoak, esprintak, hainbat modutan egin daitezkeen paseak, jauziak, barne-defentsak, eraso zehatzak, driblingak, saskirako sarrerak, urrunetik egiten diren jaurtiketak, kontraerasoak, errekuperazioak… Etengabeko mugimendua dago, eta erresistentzia hobetzea ahalbidetzen duen gainesfortzu fisikoa eskatzen du kirol honek. Intentsitate handiko kirola da: gastu energetiko eta metaboliko handia eskatzen du. Horrez gain, gaitasun aerobikoa estimulatzen du, eta, hala, birikak sendotzen dira. Hori dela-eta, erresistentzia kardiobaskularra sendotzeko oso kirol gomendagarria da, bai eta gazteenen odol-zirkulazioa eta tentsio arteriala erregulatzeko ere. Arintasuna eskatzen duen kirola da saskibaloia, betiere, oinak mugitzeko eta baloiaren norabide-aldaketei azkar erantzuteko. Mugimendua etengabekoa da kantxan, gorputzaren beheko aldea garatzeko (oinak eta ipurmasailak); jaurtiketak, defentsa eta paseak egitean, berriz, mesede egiten zaio gorputzaren goiko aldeari (besoak, bizkarra eta enborra). Kirol hau praktikatzeak kaloria asko erretzea ahalbidetzen du. Hala, 75 kilo inguru dituen pertsona batek 600 kaloria baino gehiago erretzen ditu ordu batean.

Gizarte-mailan, kirol hau praktikatzen duenaren autonomia sendotzen du. Halaber, bereziki kirol honetan hasiak diren txikienen kasuan, saskibaloiak talde baten parte sentitzen laguntzen du, eta, hala, jokalariek gizartean beren tokia betetzeko prestakuntza jasotzen dute. Saskibaloiak zenbait balio irakasten ditu, besteak beste, lankidetza, laguntasuna, elkartasuna eta taldean jokatzea. Kirol honen dinamikak berak azkar jarduten, denbora-tarte txikian erabakiak hartzen eta partida bakoitzak planteatzen dituen egoera zailak konpontzen irakasten die haurrei. Saskibaloiaren baitan, zenbait gaitasun lortzeko ariketak egiten dira, besteak beste, oreka, exekuzio-erraztasuna, autokontrola, kontzentrazioa, konfiantza, gihar-arintasuna eta erreflexuak.

Lotutako berriak