logo-ekfb
Itzuli

‘Segi jokatzen!” kanpaina, neskek kirola egiten jarraitu dezaten

Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) atal honetan, euskal kirolari, haren espezialitateei eta sentsibilizazio-kanpainei buruzko albiste esanguratsuenen berri ematen dizuegu hilero. Neska gazteek kirol-jarduera bertan behera uztearen aurkako kanpaina bat abiarazi du Euskal Kirol Federazioen Batasunak. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzarekin lankidetzan landu da ekimena. “Segi jokatzen!” esloganarekin, jarduera fisikoa eta kirola egiten jarraitzera  animatu nahi dira neska gazteak. Egiaztatu da nesken uzte-tasak mutilenak baino handiagoak direla eta gorantz doazela. Horregatik, zabaldu dira baliabide grafiko batzuk  komunikazio-kanaletan (webgunea, sare sozialak, posta elektronikoa, berehalako mezularitza, etab.), mezu hori hedatzen laguntzeko.

Kirola egiten denean, egoera bereziak sortzen dira; eta kirola egiteari uzten zaionean, desagertu egiten dira. Neska askok ez dute kirola uzteko asmorik, oso gustuko baitute. Baina gero eta neska gazte gehiagok uzten dute kirola alde batera, eta hori aldatu nahi da. Segi jokatzen!!!

Gainera, euskal selekzioen jarduerei dagokienez, Mahai-tenis Inklusiboko Euskal Selekzioa hirugarren postuan geratu zen Irungo tenis inklusiboko nazioarteko txapelketan, non Frantziako, Belgikako, Irlandako eta Galesko selekzioek ere parte hartu baitzuten. Txapelketa ligaxka-formatuan jokatu zen, hiru joko-txandatan. Euskadik 5-0 irabazi zion Frantziari, eta 3-2 galdu zuen Irlanda-Galesen aurka. Egun bat geroago, Belgikaren aurka jokatu zuen, eta 3-2 galdu zuen. Iker Sastre, Ander Cepas, Ángela Rodríguez eta Iker González izan ziren euskal ordezkariak.

Basque Country International Cup txapelketa Irungo Sonia Etxezarreta mahai-teniseko Teknifikazio Zentroan jokatu zen. Euskal Federazioak antolatu zuen, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.

Gainera, Izotz-hockeyko Euskal Koparen hirugarren edizioa (15 urtez azpikoa) egin zen Donostian, Txuri Urdin izotz-jauregian. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak antolatu zuen, eta bi taldetan banatu zen. A multzoan Txuri Urdin, Angelu, Puigcerdà eta Majadahonda taldeek jokatu zuten; B multzoan Bipolo arabarra, Uharte nafarra eta Bartzelona aritu ziren.

Bestalde, aurreratzen dugu dagoeneko ezarri dela Kirol Autonomikoaren II. Kongresu Nazionala egiteko data eta tokia: Bilboko Euskalduna jauregia, 2023ko azaroaren 11 (larunbata). CUFADEren jardunaldi horretan, kirolari buruzko zenbait alderdi esanguratsu landuko dituzte hizlari ezagunek, adituek eta mahai-inguruetako partaideek. Zenbait gai-multzotan antolatuko da egitaraua; besteak beste, hauek: kirol-kudeaketa, alderdi tekniko eta kirolekoak, eta komunikazioa eta joera berriak. Bazkide askoko erakunde bat ezagutarazi nahi zaio gizarteari, eta eguneroko kudeaketa hobetzeko tresnak eman nahi zaizkie kirol-erakundeetako buru, langile eta laguntzaileei, helburu jakin batzuk lortzen laguntzeko: oinarriko kirolean egiten den lana ezagutaraztea, oinarriko kirol-erakundeen kudeaketa hobetzeko elementuak eskaintzea, eta ideia eta proiektuak eratuko dituen eta, batez ere, lotura profesionalak eta pertsonalak ekarriko dituen eztabaidarako gunea izatea.

CUFADE Espainiako Kirol Federazioen Batasunen Konfederazioak bultzatu du ekitaldia, eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak antolatu du, autonomia-erkidegoetako kirolaren balioa nabarmentzeko gizartearen aurrean.

 Gainera, EuskalkirolaKlubak eskaintzen dituen abantailekin jarraitzen dugu hilabete honetan. Egin zaitez kide, eta deskontuak izango dituzu era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosiz gero, itsulapiko birtual batean gordetzen diren diru-itzultzeak lortzen dira. Informazio gehiago.

Lotutako berriak