Auzitegi Gorenak 2025eko urtarrilaren 23an emandako epai interesgarrian (2396/2022 errekurtsoan oinarritua) lantzen da prestazio ekonomikoak segurtasun-neurriak falta izateagatik gainordaintzearen erantzukizun solidarioaren irismena; ez du doktrina aldatzen, baina elementu interesgarriak sartzen ditu enpresa-azpikontratatzeen kasuan erantzukizunaren irismena baloratzeari dagokionez.
Beti bezala, erantzun juridikoa eman zaien gertaerak aztertu behar ditugu lehenik eta behin: enpresa batek partikular baten hiru lurzatitako zura ustiatzeko eskubidea erosi zuen, eta enplegatzaile batekin azpikontratatu zituen zura mozteko lanak; enplegatzaile hori pertsona indibidual bat zen, eta arduradunak eta hiru langilek osatutako talde batekin mozte-lan horiei ekin zieten.

Mendian ustiaketa-lanak egiten ari zirela, langile batek lesio larriak jasan zituen, eta erabateko ezintasun iraunkorra aitortu zitzaion. Enpresa kontratatzaileak egin zuen arriskuen ebaluazioan jasotzen da lanpostuan objektuak goitik erortzeko arriskua.
Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak % 30eko gainordaina aitortu zion mozketa-lanak egiten ari zen langilearen enpresari. Langileak errekurritu egin zuen, eta % 40ko gainordaina eskatu zuen, bai eta bi enpresen solidaritatea ezartzeko ere: zura ustiatzeko eskubidea erosi zuena eta lana azpikontratatuta hartu zuen enpresa —istripua izan zuen langilearen enpresaburua—.
Lan Arloko Auzitegiak % 40ko gainordaina aitortu zuen eta solidarioki ezarri zien bi enpresei. Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak, 2022ko martxoaren 24ko epaian, langilearen enpresa enplegatzaileari esklusiboki aitortu zion gainordaina. Langileak kasazio bidez errekurritu zuen epaia, eta bi enpresen solidaritatea eskatu zuen, jotzen baitzuen istripua lehenbiziko enpresaren erantzukizunaren eremuan gertatu zela eta horrek solidaritatea aitortzea justifikatzen duela.
Auzitegi Gorenak langilearen errekurtsoa ezetsi zuen. Aplikatu beharreko araudia eta bestelako erabaki jurisdikzional batzuk aztertuta, iritzi zion, indarrean den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 164.2 artikuluarekin bat etorriz, segurtasun-neurriak falta izateagatiko prestazioen gainordaina zuzenean egokitzen zaiola enpresaburu arau-hausleari; enpresaburu bat baino gehiago badira, erantzukizun solidario desegokia izango da, eta, horrenbestez, kasu bakoitzean zehaztu beharko dugu nor den enpresaburu arau-hauslea.
Adierazi zuen, halaber, Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko Legearen 24.3 artikuluaren arabera enpresa nagusiari dagokiola zaintzaren betebeharra, haren lantokiren batean egiten bada jarduera; baina horrek ez du esan nahi enpresa nagusiaren lantokian eta haren jarduera azpikontratatua egikaritzean gertatutako lan-istripu oro enpresa nagusiaren erantzukizuna denik. Prestazioen gainordainari dagokionez, beharrezkoa izango da istripua eragin duen lanean enpresaburu arau-hausleak laneko segurtasunari buruzko arau bat urratzea.
Kasuaren inguruabarrak baloratuz, Auzitegi Gorenak erantzukizunaren interpretazio murriztailea izan zuen. Istripua gertatu zen basoan, ez zegoen enpresa nagusiko langilerik; enpresa kontratatzaileak kontratatutako taldeko langileak bakarrik ari ziren lanean. Zuhaitzak mozteko, ez zen eskatzen enpresa-koordinaziorik. Enpresa nagusiak baliabide pertsonalik ez zuen toki batean gertatu zen istripua; beraz, enpresa nagusiari ezin zaio ezarri laneko segurtasuneko arauak zaintzeko betebeharretik eratorritako prestazio-gainordainik.
Jurisprudentzia-doktrinak dio erabakigarria dela egiaztatzea istripua enpresa nagusiari egotz dakiokeen arau-hauste baten ondorioz sortu den eta haren erantzukizunaren testuinguruan. Horregatik, zehaztu behar da enpresa nagusia enpresa arau-hauslea den. Eta kasu honetako gertaerak ikusita, Auzitegi Gorenak irizten dio enpresa nagusiak ez dituela urratu laneko segurtasuneko arauak eta beraz ez zuela arau-hauste batek eragin istripua; enpresa ez da enpresa arau-hauslea, eta horregatik enpresa nagusiak ez dauka erantzukizunik epaitutako kasutik eratorritako Gizarte Segurantzaren prestazio ekonomikoei dagokienez.
Horrenbestez, epai honen arabera, jarduera bera ez da enpresa nagusiaren erantzukizun solidarioa zehazteko faktore bat kontratistaren lan-istripuetan, baina kontuan hartuko da; izan ere, erantzukizuna egoteko, lotura zuzenagoa behar da enpresa nagusiaren jardueraren eta istripua gertatzen den tokiaren artean.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
