accidente de trabajo
Itzuli

Segurtasun-neurriak falta izateagatiko errekarguaren irismena

Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren 2023ko urriaren 11ko epaiak, doktrina bateratzeko 1719/2021 kasazio-errekurtsoan emana, aztertzen du ea heriotzagatiko eta biziraupenagatiko prestazioetara ekar daitekeen lan-istripu baten ondoriozko ezintasun iraunkor absolutuaren prestazioko segurtasun- eta osasun-arauak hausteagatiko errekargua.


Oinarri faktikoak adierazten du langile batek, kasu honetan demandatzailearen senarrak, lan-istripu bat izan zuela 2003ko otsailaren 10ean, politraumatismo bat, hain zuzen ere. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren (GSIN) 2003ko abenduaren 26ko Ebazpenak aitortu zuen enpresak erantzukizuna zuela laneko segurtasun- eta higiene-neurriak falta izateagatik, eta istripuaren ondoriozko Gizarte Segurantzaren prestazioak % 40 igo zituen, langilearen enplegatzailearen kontura.

Lan-istripuagatiko lanerako ezintasun iraunkor absolutua aitortu zitzaion langileari, dagokion oinarri arautzailearen % 100eko pentsioa jasotzeko eskubidearekin, gehi prestazioen % 40ko errekarguarekin.

2018an, langilea hil egin zen, eta alargunak alarguntza-pentsioa eskatu zuen, eta errekargua ordaindu zekiola. Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak pentsioa aitortu zuen, baina, kontuan hartuta hildakoa patologia osteoartikular baten ondorioz zela ezintasun iraunkor absolutuko pentsioduna eta enbor entzefalikoaren iktus hemorragiko baten ondorioz gertatu zela heriotza, uste zuen senarra ez zela lan-istripuaren ondorioz hil, eta, horrenbestez, ez zuen prestazioen errekargua aitortu.

Oviedoko Lan Arloko 5 zenbakiko Epaitegiak, zeinak alargunaren demandan jardun baitzuen hasieran, baietsi egin zuen langilearen alargunaren eskaera, bai eta Asturiasko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak ere. Langilearen enplegatzaileak horren kontrako errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean.

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuak (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onesten duenak), 164. artikuluan, segurtasun-neurriak falta izateagatiko lan-istriputik edo lanbide-gaixotasunetik eratorritako prestazio ekonomikoen errekarguaren figura jasotzen du; errekargu hori prestazioen % 30-50ekoa izango da, eta araua hautsi duen enpresaburuari ezarriko zaio.

Lege-testu beraren 217.2 artikuluak hau dio: heriotzagatiko eta biziraupenagatiko prestazioen ondorioetarako, “zuzenbidez” lan-istripuaren ondorioz hildakotzat jotzen dira arrazoi horrengatik ezintasun iraunkor eta absolutua aitortua dutenak. Artikulu horren bigarren paragrafoaren arabera, aurreko kasua gertatu ezean baino ez da frogatu behar heriotza lan-istripu baten ondorio izan dela.

Adierazitako 217.2 artikulu hori interpretatuta, Auzitegi Gorenak ezetsi egin du enpresaren errekurtsoa, eta berretsi egin du Lan Arloko Epaitegiaren eta Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, ulertzen baitu langileak ezintasun iraunkor absolutua aitortua zuela, eta lege-testua aplikatuko da haren heriotzaren arrazoia izandako lan-istripuarekin zuzenean lotuta egon zein ez egon, arauak adierazten baitu ez da frogatu behar heriotza lan-istripuaren ondorio izan denik baldin eta kontingentzia horrengatik aldez aurretik ezintasun iraunkor absolutua aitortua bazuen hildakoak, iure te de iure presuntzio bat baita (ez du kontrako frogarik onartzen, beraz), eta, hortaz, dagokion pentsioa eta errekargua onartu behar direla.

Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Lotutako berriak