bebe enciam del pecho de la madre
Itzuli

SEME-ALABAK JAIOTZEAGATIK ORDAINDUTAKO BAIMENA ETA “AITATASUNAGATIK” KONTRATUA ETETEA. BATERAGARRIAK DIRA?

Eboluzio handia gertatu da bi figura horien inguruko legegintzari dagokionez, eta haien analisia oinarrizko lanabesa izango da, baloratzeko ea seme-alabak jaiotzeagatik emandako baimenak, oraindik ere hitzarmen kolektibo ugaritan jasota daudenak, bateragarriak diren aitatasun-baimenarekin, edo, terminologia zehatzagoa erabiltzearren, jaiotzagatiko baimenarekin.    

Langileen Estatutuak (LE), zeina martxoaren 25eko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu baitzen, 37.3 b) artikuluan onartzen zuen 2 eguneko ordaindutako baimen tradizionala haurra jaiotzeagatik, eta ez zuen aitatasuna lan-kontratua eteteko arrazoitzat hartzen. Bai, ordea, amatasuna, eta huraxe besterik ez, 45.1 d) artikuluan, hamasei astez.

Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoak sortu zuen kontratua eteteko beste arrazoi bat: aitatasuna. Hala, LEren 45.1 d) artikulua aldatu, eta lege-testuari artikulu bat erantsi zion, 48 bis zenbakiduna eta aitatasunagatik kontratua etetea izenekoa, hain zuzen ere. Lege Organiko horren zioen azalpenean esaten zen aitatasunagatik kontratua etetea zela bizitza pertsonala, familia eta lana bateragarri egiteko neurririk berritzaileena, eta azpimarratzen zen aitari besterik ez zegokion eskubide indibiduala zela. 

Haurra jaiotzeagatik legez edo konbentzionalki aurreikusitako baimena bukatu ondoren has zitekeen gauzatzen eskubide hori. Beraz, oso erlazio argia zuten haurra jaiotzeagatiko 2 eguneko baimen ordainduak eta aitatasunagatiko etete-kausa berriak: lehenik 2 eguneko baimenaz gozatzen zen, eta, hura bukatutakoan, 13 eguneko kontratu-etenaldia hasten zen, aitatasunagatik. 

Urriaren 6ko 9/2009 Legeak 4 asteraino luzatu zuen aitatasun-baimenaren iraupena, etetearen zioa hasteko denbora-unea aldatu gabe.

2018rako Estatuaren Aurrekontu Orokorren uztailaren 3ko 6/2018 Legeak, 38.1 Azken Xedapenaren bidez, 5 asteraino luzatu zuen aitatasunagatiko kontratu-etetea, eta, azkenik, 6/2019 Errege Lege-dekretuak aldaketak ezarri zizkion Langileen Estatutuaren testu bateginari, zeina urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartu baitzuen, eta gaur egun indarrean baitago. Batetik, seme-alabak jaiotzeagatiko baimen ordainduari buruzko aipamen oro ezabatu zen (37.b) artikulua), eta, bigarrenik, amatasunak eta aitatasunak utzi egin zioten kontratua eteteko arrazoi bat izateari, eta haien ordez jaiotza ezarri zen etete-kausa berri gisa (LEren 45.1 d) artikulua).              

Kontratua “jaiotzagatik” eteteak “ama biologikoaren” lan-kontratua eteten du 16 astez, eta “ama biologikoa ez beste gurasoaren” lan-kontratua eteten du 16 astez, halaber. Era horretan, parekatu egiten du jaiotza dela-eta bi gurasoei ezartzen zaien lan-kontratuaren etenaldiaren iraupena, gizon eta emakumeen arteko berdintasun eragingarria lortzeko, eta bizitza pertsonala, familia eta bi gurasoen erantzukidetasuna sustatzeko. Parekatze hori erabatekoa da 2021eko urtarrilaren 1etik.        

Bi gurasoen lan-kontratuaren etenaldia legez parekatu eta haren iraupena 16 astekoa dela ezartzeak ekarri du ordaindutako 2 eguneko baimena ezabatzea LEren testutik. Ohikoa izaten zen negoziazio kolektiboak legezko baimen horren iraupena hobetzea, eta, hortaz, geure buruari galdetzen diogu nola interpretatu behar diren ezabatutako legezko baimen bat hobetzen duten Hitzarmenak.       

Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salaren 2021/01/27ko epaiak, Doktrina bateratzeko Kasazio-helegitean emanak, araudiaren bilakabide hori aztertu eta xehatzen du. Haren izaera teleologikoaren arabera, bi gurasoek jaiotzagatik duten kontratu-etenaldiaren iraupena parekatzearen ondorio zuzena da haurra jaiotzeagatiko ordaindutako 2 eguneko baimena kentzea; horrez gain, eutsi egingo balitzaio haurra jaiotzeagatiko ordaindutako 2 eguneko baimenari (zeinak oso lotura estua baitzuen lehengo aitatasuneko kontratu-etenaldiaren iraupena laburragoa izatearekin), paradoxa bat gertatuko litzateke: ama biologikoa ez den gurasoak lan egiteko beharraren salbuespen-aldi luzeagoa edukitzea ama biologikoak berak baino.          

Hitzarmen Kolektiboaren aurreikuspenak lotzen badira LEren 37.3 b) artikuluan legez ezarritako baimenarekin, hark ezin du autonomia izan, legez ezabatu eta indargabetu baita baimen hura aitortzeko justifikazioa.  

Raquel Martínez.


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Lotutako berriak