
Irailaren 16ko 15/2014 Legeak, Sektore Publikoa arrazionalizatu eta administrazioa eraberritzeko beste zenbait neurriri buruzkoak (irailaren 17ko BOE), aitorpen ofiziala duten ziurtagiriak baino ez onartzeko betebeharra ezartzen du 24. artikuluan: «Herri-administrazioek Espainian kokatutako “Ziurtapenerako zerbitzu-emaileen konfiantzazko zerrenda” (TSL) delakoan jasotako ziurtagiri aitortu guztiak onartu beharko dituzte; zerrenda hori Industria, Energia eta Turismo Ministerioaren egoitza elektronikoan argitaratu da».
Era berean, zortzigarren xedapen gehigarrian trantsizio-aldi bat ezartzen du:
Bi urteko epe iragankorrean, lege hau indarrean jartzean Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioaren egoitza elektronikoan eskuragarri dauden ziurtagiriak erabiltzen jarraitzeko aukera egongo da (Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren eta Gizarte Segurantzaren erakunde kudeatzaileen zein zerbitzu komunen prozeduretan eta zerbitzuetan aitortzen ez diren ziurtagiriak), eta, aipatutako epe horretan, ez zaie aplikatzekoa izango ekainaren 22ko 11/2007 Legearen 13.2 artikuluan konfiantzazko zerbitzuen zerrendan jasotako ziurtagiri aitortuei buruz xedatutakoa.
Gaur egun, RED sistema erabiltzeko (RED Internet / RED Directo / SLD) beharrezkoa da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak baimena ematea, eta zerbitzura sartzeko ezinbestekoa da SILCON ziurtagiri digitala edo NAN elektronikoa izatea. Horrek bermatzen du komunikaziorako sare irekien bitartez herritarren, enpresen edo beste erakunde publiko batzuen artean egiten diren komunikazioen konfidentzialtasuna, horrela informazioa herritarrak bakarrik ikusiko duela bermatuz eta ordezteak saihestuz.
Hala ere, kudeaketa telematikoan aurrera egiteko erabiltzaileari eskaintzen zaizkion zerbitzuen erabilera indartzeko helburuarekin, SILCON ziurtagiria 2016ko irailetik aurrera desagertzea aurreikusi da (15/2014 Legearen 8. xedapen gehigarriak aitorpenik ez duten ziurtagirientzat ezartzen duen trantsizio-aldia amaitzen denean, hain zuzen ere), ziurtagiri hori ez baitago ziurtapenerako zerbitzu-emaileen zerrendan. Horretarako bada beste arrazoi bat ere, hain zuzen, Administrazioekiko harremanetan erabiltzen diren ziurtagiri guztiak sinplifikatzeko asmoa.
Ondorioz, une horretatik aurrera, RED sisteman, Red Directon eta egoitza elektronikoan eskuragarri dauden beste zerbitzuetan sartzeko (tartean, NOTES zerbitzuan), baimenduek ezin izango dute SILCON ziurtagiria erabili. Horren ordez, ziurtapen-agintaritzek emandako ziurtagiri digitaletako bat erabili beharko dute beren burua identifikatzeko (Gizarte Segurantzaren webgunean daude horiek).
Horregatik, SILCON erabiltzen dutenei gomendatzen diegu ahalik eta azkarren egin ditzatela egin beharreko aldaketak, azken orduko arazoak saiheste aldera.
Arrazoi hori dela medio, eta SILCON ziurtagiria poliki-poliki ordezkatzen joateko, SILTRA eta WINSUITE programen bertsio berriak garatuko dira laster, aitorpen ofiziala duen edozein ziurtagiri digitalekin egiaztatzeko aukerarekin. Behar bezalako aurrerapenarekin emango zaizue horien berri.
