ekfb
Itzuli

Snowboarda

Moda-modako kirola

Bete-betean gaude neguan sartuta, eta snowboarda da, hain zuzen, kirolaren euskal zaleek sasoi honetan gehien egiten duten jarduera nagusietako bat. Neguko Kirolen Euskal Federazioak hainbat lehiaketa antolatzen ditu hilabete hauetan kirol hau osatzen duten espezialitateetan. Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren sail honetan kirol bakoitzaren abantailen berri emateko ohitura dugu, eta denboraldia hasia dela egingo dugu oraingo honetan, askok eta askok dagoeneko beraien oholak hartu baitituzte, eta ikaragarri gozatzen ari baitira. Beste kirol batzuetan gertatzen den bezala, snowboarda egitean asko handitzen da gure erresistentzia fisikoa. Izan ere, egiten diren mugimendu eta jauzietan ahalegin handia egin behar da. Pazientzia eduki behar da, hasieran emaitzak ez baitira berehalakoak izaten, baina erresistentzia poliki-poliki handitu egiten dela ikusiko dugu. Logikoa da snowboarda ikasteko hasierako fase horretan behin baino gehiagotan erortzea lurrera. Edonola ere, modalitate honetan izaten den bilakaeran, oreka ez ezik, bizitasuna ere hobetzen da. Ohola da tresna, eta hura menderatzeko jardun egin behar da, eta trebetasuna eduki. Snowboarda, beraz, erronka bat da, eta ikaskuntza faseei aurre hartu eta haiek gainditu ahala, autoestimua ere hobetu egiten da. Beste hainbat kontzeptu daude kirol honi lotuta, hala nola hobetzeko nahia eta konfiantza, gure esparru pertsonalari hain lotuak. Snowboardari esker, gainera, egiten diren mugimendu ugarien bitartez, bizkorrago ponpatzen du bihotzak, eta handitu egiten dira erresistentzia kardiobaskularra nahiz arnasketarako erresistentzia. Kirol honi esker, gure gorputzak 250 eta 630 kaloria bitartean erratzen ditu, lurraren zailtasunaren eta hankak oholari finkapenen bitartez ondo eutsita egiten diren mugimenduen arabera. Snowboarda, halaber, kirolari askoren bizitzaren parte izan liteke; izan ere, estresaren kontrako antidoto ezin hobea da. Horrez gainera, asko laguntzen dio koordinazioari, eta sentipen berri ugari bizitzeko aukera ematen du. Gaur egun, kirol honetan hasteko modu bat elurretako mendizaletasuna da, ezin hobea alor horretan barneratzeko. Kirol honen hastapenetan, oinarrizko labaintzeak egiten dira, iristen errazak diren guneetan. Snowboardak hainbat modalitate ditu, hala nola: freestylea, elurraren gainean eta airean egindako jauzietan oinarritua, eta, besteak beste, halfpipe, slopestyle, big-air aldaerak dituena; Freeridea oso leku zailetan edo pistetatik kanpoko jaitsieretan oinarritutako modalitatea da; lasterketak edo boardercross delakoa mendietan behera ahalik eta lasterren jaistean oinarritzen da; muturreko snowboardari dagokionez, modalitaterik muturrekoena denez, besteak beste, goi-mendien ezagutza sakona behar da; eta slaloma, jaitsiera banderatxoak saihestuz egiten dena, sigi-sagan. Beste edozein jarduera egitean gertatzen den bezala, snowboarda egitean, gorputzak endorfinak kanporatzen ditu, eta horrek asko laguntzen du minaren pertzepzioa txikitzen, eta askoz hobeto sentitzen dugu geure burua. Gainera, ingurune zoragarrian egiten da, naturan bertan. Eski estazioetan oso boladan dagoen kirola da. Lucas Eguibar da, snowboardaren alorrean, maila handieneko euskal kirolaria. Donostiarrak Munduko Kopa irabazi zuen 2015ean, txapeldunorde izan zen 2017ko munduko txapelketan, eta azken bi Olinpiar Jokoetan parte hartu du.

Lotutako berriak