Neguan sartuta gaude bete-betean, eta snowboarda da euskal kirolzaleek gehien egiten duten modalitateetako bat, eski alpinoarekin eta iraupen-eskiarekin batera. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak ere zenbait lehiaketa antolatzen ditu neguko hilabeteetan, espezialitate guztietan. Euskal Kirol Federazioen Batasunari buruzko atal honetan, erakundeak berak sortzen dituen albisteez gainera, euskal federazioa duten kirolen (ia 50) abantaila eta onuren berri ematen dugu.
Hilabete honetan, 2023-24 denboraldian sartuta dagoen kirol batez arituko gara. Izan ere, zale ugarik dagoeneko hartu dute ohola, eta elurretara joaten dira eguraldia lagun dutenean. Maila profesionalean, adibidez, Lucas Eguibar snowboarder gipuzkoarrak bikain hasi zuen denboraldia, aurrekoa amaitu zuen bezalaxe. Munduko zirkuituko izen handietako bat da oraingoan ere euskal kirolaria. Aurreko denboraldian ere maila gorenean aritu zen, erregulartasun bikaina izan baitzuen eta bigarren postua lortu baitzuen Munduko Kopako sailkapen orokorrean. Eta aurtengo kanpaina ere indartsu hasi du. Gipuzkoako snowboarderak Munduko Kopako podium batean (dagoeneko hemeretzigarren aldiz) hasi zuen denboraldia, Les Deux Alpes-eko proban.
Beste kirol batzuek bezala, gure iraupen fisikoa areagotzearen abantaila du snowboardak. Izan ere, mugimendu eta jauziak egiteko, ahalegina egin behar da. Nabarmentzekoa da ikasketa-prozesuan pazientzia behar dela, hasieran ez baita ikusten ia hobekuntzarik. Pixkanaka, iraupena hobetuz doala jabetuko gara. Gainera, hasi berritan, ohikoa izaten da muturra elurretan sartzea nahi baino gehiagotan. Modalitatea menderatu ahala, oreka eta bizkortasuna irabazten dira oholaren gainean ibiltzeko; izan ere, praktika eta abilezia behar dira hura erabiltzen ikasteko. Halaber, snowboardean ibiltzeko mugimendu ugari egin behar direnez, bihotzak bizkorrago ponpatzen du odola, eta, hala, iraupen kardiobaskularra eta arnasketakoa hobetzen dira. Elur-pistetan eta eski-estazioetan hain ezaguna den kirol honekin, gure gorputzak 250-630 kaloria inguru erre ditzake, zoruaren gorabeheren eta mugimenduen arabera, betiere oinak oholera ongi lotuta dauzkagula finkagailuen bidez.
Snowboarda kirolari askoren bizitzaren parte izaten da hilabete hauetan, sendagai ona baita gero eta ohikoagoa den estresaren aurka. Gainera, koordinazioa hobetzen du, eta sentsazio berri ugari sentiarazten ditu. Duela urte batzuetatik, elurretako mendizaletasunaren bidez hasten da jende asko kirol honetan, primerakoa baita horretarako.
Elurretako kirol honekin hasten denean, oinarrizko irristatzeak egiten dira toki errazetan. Snowboardak zenbait modalitate ditu, hala nola freestylea (elurretan eta airean itzulipurdiak egitean datzan modalitatea; zenbait aldaera ditu: halfpipea, big aira eta slopestylea); Freeridea, toki zailetatik eta pistaz kanpo jaistean oinarritua eta eskarmentu handiko pertsonek egitekoa; lasterketak edo boardercrossak (ahalik eta bizkorren jaitsi behar dira mendiak); muturreko snowboarda, guztietan erradikalena, ezagutza sakonak behar baitira —besteak beste, goi-mendiari buruzkoak—; eta eslaloma (sigi-saga jarritako banderatxo batzuk saihestu behar dira jaitsi ahala). Gainerako kiroletan bezala, gure gorputzak endorfinak jariatzen ditu snowboardarekin ere, zeinak lagungarriak baitira minaren pertzepzioa murrizteko eta ongi sentiarazteko. Eta, hori guztia, naturaz inguratutako toki zoragarrietan. Eski-estazioetan moda-modan diren kiroletako bat da. Snowboardean, lehenago esan dugunez, Lucas Eguibar da maila handieneko gure kirolaria. Donostiarrak Munduko Kopa irabazi zuen 2015ean, munduko txapeldunordea izan zen 2017an, eta emaitza oso onak lortu izan ditu olinpiadetan. Lucas Eguibarrek ospe handia hartu zuen 2021eko otsailean ere, Idre Fjälleko (Suedia) munduko txapelketan, fotofinisharekin erabaki zen final zirraragarri batean.
Snowboarda erronka bat da, eta, aurrera egin eta ikasiz eta hobetuz joan ahala, autoestimuan eragiten du eta onura fisiko eta psikologikoak ditu. Kirol honek baditu beste onura batzuk ere, hala nola nork bere mugak gainditzea eta konfiantza areagotzea, zeinak eremu pertsonalarekin lotzen baitira. Laburbilduz, kirol aerobikoa denez, arnasketak garrantzi handia du, eta bihotz-erritmoa areagotzen da. Eski-pistetako garaierarekin batera, odol-zirkulazioa hobetzen du, gehiegizko pisua eta kolesterola zaintzen laguntzen du, gaixotasun kardiobaskularrak saihesten ditu, eta bizitasuna, koordinazioa eta oreka hobetzen ditu. Federazioak beti ohartarazten du garrantzitsua dela federatzea, era horretan kirol bikain honetaz segurtasun osoz gozatu ahal izateko. Europa mailako estaldura duen istripu-asegurua egiteko aukera ere badago. Pistetako erreskatea eta sorospena estaltzen ditu, eta, gainera, lesioen jarraipena egiten du; nabarmentzekoa da garrantzitsua dela errehabilitazioa ere barne har dezan
