
Irail erdialdean, Lur Gaineko Sokatirako Munduko Txapelketa jokatu zen Getxoko Fadurako instalazioetan, eta Euskal Kirol Federazioen Batasuna lankidetzan aritu zen bertan.
Deialdia arrakastatsua izan zen, kirol- nahiz antolakuntza-arloan. Hala, Faduran, lau egunez, Kluben arteko Txapelketa eta Nazioen arteko Munduko Txapelketa jokatu ziren. Parte hartu zuten euskal kluben emaitzei dagokienez, Gaztedik lau domina lortu zituen guztira: urrea eta brontzea gizonezkoen 560 kilokoan, eta urrea emakumezkoen 500ekoan; gainera, laugarren gelditu zen emakumezkoen 540koan. Goiherrik ere brontzea lortu zuen 23 urtez azpiko gizonezkoen 600 kiloko kategorian. Mutrikuk eta Getxok, berriz, ez zuten zorterik izan, eta dominarik gabe amaitu zuten txapelketa.
Nazioen arteko Munduko Txapelketa ardatz hartuta, Basque Countryk momentu ahaztezinak bizi izan zituen, eta egindako lanak saria izan zuen: urrezko dominak eskuratu zituen gizonezkoen 560 kiloko kategorian eta emakumekoen 500ekoan. Selekzioko gazteenek ere lortu zuten domina bat: 23 urtez azpiko gizonezkoen 600ekoan.
Getxon ikusi zenez, sokatira historia luzeko kirola da. Soka bati tira egin eta kontrako taldekideak norbere eremuan sartzean datza; antzinatik datoz saioak. Baina oraindik ez da jakina noiz eta non sortu zen sokatira. Birmania, Korea eta Ginea Berrian, adibidez, sokatira-erritualen aztarnak topatu dira. Modalitate horren berri ematen dute, halaber, Asiako eta Afrikako beste herrialde batzuetako errituek, esaterako, Kongo eta Zairen, edo Ameriketan –eskimalak– eta Zeelanda Berrian. Eta, noski, sustrai sendoak ditu Euskal Herrian ere. Sokatira ongiaren eta gaizkiaren arteko borroken sinboloa da. Esaten da espezialitate horretan urte luzez jardun dutela euskaldunek. Daturik zaharrenek marinelen eguneroko lanarekin lotzen dute, zirgatik tira eginez atrakatzen baitzituzten ontziak. Baleen ehizarekin ere lotzen da; izan ere, behin zetazeoa mendean hartuta, lehorreratu egin behar zen zatitzeko, burutik eta buztanetik tira eginez. Halako zereginetan eskuratutako tira egiteko trebetasunari esker, lehiatzen hasi ziren. Gaztelaniazko soga hitzak euskarazko soka hitzean du jatorria.
Ahozko tradizioak eta oroitzapenek argitzen dute, iragan mendean, sokatira-probak oso ohikoak zirela euskal herrietan. Hemen sokatira beti egin izan da zoru gogorraren gainean. Gero, lur gaineko modalitatea ezagutu zen, hau da, Getxon ikusi dena. Eta lurrean tiratzetik goman tiratzera 1980 inguruan igaro ziren.
Sokatirako Munduko Txapelketa bi urtean behin egiten da. Euskadi eskubide osoko kidea da Sokatirako Nazioarteko Federazioan, eta duela zazpi urte aritu zen lehenengoz Basque Country gisa, Madison herrian; besteak beste, Kanada, Hegoafrika, Estatu Batuak, Suitza, Suedia, Ingalaterra, Irlanda, Txina, Belgika, Letonia, Alemania, Italia, Israel, Herbehereak eta Nigeriaren aurka. Horietako asko Getxon ere izan dira.
Lur gaineko sokatirak, duela gutxi ikusi dugun horrek, luze irautea eskatzen du, eta, beraz, tiraldiak luzeagoak dira, tiratzaileak hobeto kokatzen baitira gainazalean. Euskal taldeek erakutsi dute onenenetakoak direla. Gainerako kiroletan legez, entrenatzaileak, taldearen buru izateaz gainera, aurkariaren ahulguneak identifikatu behar ditu, une egokian aginduak emateko. Garrantzi berezia du azken tiratzaileak, berak egiten baitu ‘aingurarena’. Gainera, berak igartzen ditu ondoen sokaren presio-uneak, eta, bera jartzen denez lekurik altuenean, ikuspegi zabala du.
Sokatiran aritzen denak pasio bizia sentitzen du indarra eta talde-lana uztartzen dituen diziplina horrekiko. Sokatirak konfiantza eta indarra ematen ditu, eta beldurrak kendu; gainera, lehiaketei esker, leku askotara bidaia daiteke. Kirolariek sokaren lakartasuna nabaritzen dute eskuak urratuz, eta zangoetan tentsio ikaragarria, eremua irabazteko lehian. Beste sakrifizio handi batzuk ere badakartza: dieta zorrotzak eta kirol-saio ugari, dagokion kategorian lehiatzeko pisu egokia izateko. Kirolak eta tradizioak bat egiten dute espezialitate honetan; sakonago ezagut dezakezu Herri Kirolen Euskal Federazioan.
