Somorrostro Heziketa Zentroak 75. urteurrena ospatuko du. 1947ko otsailaren 3an jarri zen martxan; garai hartan hogeita hamar ikasle eta hiru irakasle zeuden bertan, eta Marcelo Gangoiti Urrutia jauna zuten buru.
Gaur egun, erreferentziazko zentroa da, eta hezkuntza integrala eskaintzen du: DBH, Batxilergoa eta Lanbide Heziketa. Zentro honetan, arreta pertsonalizatua, aniztasuna eta berrikuntza indartzen dira; horretarako, ikaskuntza-metodologia berriak txertatzen dira, eta ikasleen nazioartekotzea sustatzen da.
Javier Laiseca, zentroaren zuzendaria, eta Txaro Fernández, kudeaketa-sistemen arduraduna, elkarrizketatu ditugu.
Nolakoa izan da zentroaren ibilbidea azken 75 urteetan?
Une desberdinetara egokituz joan gara 75 urteotan; horixe izan da gure ibilbidea. Leial mantendu gara gure identitate-ezaugarriekiko, eta ikasleak jarri ditugu gure hezkuntza-jardueraren zentroan; halaber, gure inguruko ekoizpen-ehundurarekin harremanetan egon gara beti, eraldaketa sozialeko eragileak izan nahian.
Ibilbide guztietan gertatzen den bezala, ziurgabetasun-uneak izan dira, eta beste garai batzuetan, berriz, proiektu handiak eduki ditugu, baina beti sinetsi dugu giza talde eder batekin lanean ari ginela, zeinak konpromiso-maila izugarria erakutsi baitu hezkuntza-proiektuarekiko.
Zenbat lagunek osatzen dute zentroa, langileak eta ikasleak kontuan hartuta?
2021-2022ko ikasturte honetan, 210 lagun ari gara Somorrostro hezkuntza-proiektuan lanean; horietako 190 irakasleak dira hainbat hezkuntza-mailatan.
Guztira, 2.115 ikasle dauzkagu Hezkuntza Arautuan, eta 1.500 lagun inguru Lanbide Heziketan.
Nola kudeatzen da prebentzioa zentroan?
Kanpoko prebentzio-zerbitzu batekin lan egiten dugu: IMQ-Prevenciónekin hitzartua daukagu.
Gainera, kudeaketa-sistema integratu bat daukagu, honako lege hauekin bat eginez: ISO 9001:2015, ISO 14001:2015 eta ISO 45001:2018.
Aurreko ikasturteaz geroztik, bat egin dugu Luxenburgoko Adierazpenarekin, hau da, Zentroak konpromisoa hartu du oinarrizko helburu hauek onartzeko eta martxan jartzeko: osasuna sustatzea lanean eta lantokiko estrategiak bideratzea xede horretara.
2018an Mutualia Saria jaso zenuten, “Hezkuntza-komunitate osoa PREBENTZIOAN trebatzeko Proiektua” dela-eta. Nola sortu zen proiektua, eta zein zen helburu nagusia?
Zentroko berrikuntza-taldeak sortu zuen proiektua, honako kezka honi erantzuteko ahaleginean: Zer egin dezakegu guk laneko segurtasunaren eta prebentzioaren arloan, beste ezein hezkuntza-zentrok egin ez duena? Zer berrikuntza sar dezakegu prebentzioaren eremuan?
Xede honi heldu genion: Zentroko taldeen %100 eta langile guztiak trebatuta egotea Bihotz Biriketako Bizkortzean, Desfribiladore Semiautomatikoan eta Eztarri Trabatzeetan.
Ondoren, hura guztia gauzatzeko, prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskaini genien hezkuntza-komunitateko kide guztiei, honako gai hauen inguruan:
- Nola egin bihotz-biriketako arnasketa
- Desfibriladore semiautomatikoaren erabilera
- Heimlich maniobra gauzatzea
Horretarako, honako eragile hauekin aritu ginen lankidetzan: Osakidetza, laneko arriskuen prebentziorako heziketa-zikloko ikasleak eta irakasleak, eta Muskizko Udala. Denen artean, zentroko 92 taldeak trebatu zituzten proiektuak iraundako ikasturteetan, proiektuak berak jarraitutasuna eskatzen zuelako. Pandemia iritsi zenean, ordea, bertan behera utzi behar izan genuen egitasmoa, eta “standby” egoeran dago orain; hala ere, ahal bezain laster berrabiatuko dugu prestakuntza.


Gauzagarritasuna garrantzitsua da arrisku-egoeretan, eta nabarmentzekoa da prestakuntza honek ekiteko ahalmena eskaintzen duela halako egoeren aurrean; ondorioz, oso erabilgarria da era honetako prestakuntza jaso duten pertsona guztien bizitza pertsonalerako, bizitza sozialerako zein eskola-bizitzarako, baldin eta egunen batean larrialdi-egoera batean suertatzen badira.
Beste alde batetik, egingarria da hura aplikatu nahi duten enpresentzat zein eskolentzat.
Azpimarratzekoa da, halaber, lanbide-heziketako zentro bat izanik, gure ikasle asko lan-merkatura sartzen direla ikasketak amaitzean; horregatik, proiektu honi esker, segurtasun-arloari eta arriskuen prebentzioari buruzko kontzientziazio handiagoarekin iristen dira enpresetara.
Emaitzak: xedea lortuta, erakunde laguntzaileei eskerrak emateko ekitaldi bat antolatu genuen.


Abian da Mutualia Sarien 9. edizioa.
Zer ondorio ekarri zizuen deialdira aurkezteak eta ondoren aitortza jasotzeak?
Sari batera aurkezten zaren aldiro, une ona da zure lana berrikusteko, baina, batez ere, gure kasuan erabilgarria izan zen egiten ari ginenari buruzko kontzientzia handiagoa izateko eta proiektuaren garrantziaz ohartzeko.
Ondoren, aitortza jaso genuenean, harrotasun-momentu bat izan zen jardueran aritu ginen guztiontzat, baina, batez ere, pertsonez kezkatzen den erakunde baten parte izateko sentipena areagotu zitzaigun, eta hori izan zen garrantzitsuena.
Garrantzitsua al da laneko arriskuen, segurtasunaren eta laneko osasunaren prebentzioari dagozkion esperientzia desberdinak trukatzea beste erakunde batzuekin?
Bizi garen testuinguruan inoiz baino garrantzitsuagoa da sarean lan egitea eta esperientziak trukatzea beste erakunde batzuekin; ondoren, hori guztia gure lan-sistemara egokitzen dugu, eta gure egunerokoan txertatu. Esperientziak trukatuz gero, denok irabaziko dugu.
Nola ikusten duzue heziketaren etorkizuna Somorrostro heziketa-zentroan?
Heziketa-zentro batean etorkizuna zirraragarria da beti; ikasturte bakoitzean, jende berria sartzen da gure hezkuntza-proiektura, eta beste batzuek alde egiten dute Unibertsitatera joateko edo lan-merkatuan sartzeko, eta, noranahi doazela ere, Somorrostro marka daramate beraiekin. Ondorioz, berritzen jarraitu behar dugu, gure ikasleak sartzen diren testuinguruetako premiei erantzuteko.
Gaur egun, gure lan-agendaren parte dira Garapen Jasangarriko Xedeak lortzeko konpromisoa mantentzea, trantsizio digitalaren eta energetikoaren erronkei heltzea, bai eta gure ikasleen oinarri zientifikoak eta teknologikoak indartzea ere, gure Enpresa Txiki eta Ertainetan berrikuntza hauspotuz, Lanbide Heziketako Zentroen Euskadiko Sarearekiko lankidetzan.




