Nerbio supraeskapularra blokeatzea neurri lagungarria da sorbaldako patologia mingarri gehienentzat. Entrenatutako profesionalak egin beharreko teknika da, eta oso emaitza onak lortzen dira, minak eta funtzionalitateak hobera egiten baitute, pazienterik gehienetan hiru hilabete baino gehiagoz ondorio analgesikoak dituelako.
Sorbaldako inerbazio sentsitibo gehiena hartzen dute nerbio supraeskapularrak eta nerbio axilarrak; ondorioz, garrantzi handia dute errehabilitazio prozesuan.
Nerbio supraeskapularrak zuntz motorrak, sentsitiboak eta sinpatikoak ditu. Zuntz sentsitiboek honakoen sentsibilitatea jasotzen dute: sorbaldako artikulazioaren %70arena, akromion azpiko poltsarena, sorbaldako eta akromion-lepauztai artikulazioetako lotailuena, periostioarena eta errotatzaile zorroaren tendoiena, baina ez ditu sorbaldaren aurreko edo barreneko eremuak eta azala inerbatzen. Zuntz motorrek inerbatzen dituzte: muskulu supraespinosoa, infraespinosoa eta muskulu biribil txikiaren zati bat.
Min akutua eta kronikoa tratatzeko eraginkorra da eremuaren blokeo nerbiosoa, 3 arrazoi hauengatik:
- Estimulu nozizeptoreak jatorritik eteten dituelako.
- Nerbio periferikoen, bizkarrezurrekoen eta kranialen zuntz nozizeptiboak blokeatzen dituelako.
- Nerbio autonomikoekin doazen zuntz nerbioso aferenteak blokeatzen dituelako.
Mekanismo erreflexuen aferentzia anormalak ere eteten ditu blokeoak, min kronikoaren sindrome batzuk sortu baititzakete.
Gomendioak:
Sorbaldako minaren tratamenduan erabiltzen da, batez ere patologia hauetan: kapsulitis itsaskorrean, sorbalda izoztuan, errotatzaile zorroaren lesioan, endekapen prozesu batek edo hanturazko gaixotasun batek eragindako sorbaldako artritisean, sorbaldaren haustura anitzean, kirurgia ondorengo minean, etab. Tratamendu honen ondoren errehabilitazioko programa bat egiten da artikulazioaren biomekanika lehengoratu eta gaitasun funtzionala hobetzeko.
Teknika:
Pazientea eseri egiten da.
Ekografia bidez identifikatzen da nerbioa non dagoen, eta, horretarako, zunda ekografiko lineala (7-13 MHz) erabiltzen da; zunda hau plano koronalean jartzen da hodi supraeskapularraren gainean, nahiz eta batzuetan zunda convex bat ere (2-5 MHz) erabiltzen den gorputz handiagoa duten pazienteetan.
Nerbio supraeskapularraren irrati-maiztasuna sortzen duen orratz berezi bat erabiltzen da, eta orratzaren punta aktiboa nerbioaren ondoan jartzen da.
Tratamendua hasi aurretik, estimulu sentsitibo bat eta estimulu motor bat egiten dira erantzun zuzena ematen duela ziurtatzeko.



Azkenean, irrati-maiztasunaren tratamendua egiten zaio nerbioari zenbait minutuz.
Tratamendu anbulatorioa da, anestesia lokalarekin egiten da, eta tratamendua egin eta 30-60 minutura ematen zaio alta pazienteari.

Mutualian, Medikuntza Fisikoan eta Errehabilitazioan espezialista
