
SPKL berriarekin, kontratazio publikoari buruzko arau nazionalak Europako Legediaren ildotik berrikusi eta modernizatzeko prozesua amaitutzat eman da. Prozesu horren helburua gastu publikoaren efizientzia handitzea da eta enpresa txiki eta ertainei (ETEak), bereziki, kontratazio publikoan parte hartzea erraztea. Duela urte batzuetatik, kontratazio publikoa gizarte-, berrikuntza- eta garapen-arloko, ingurumen-balioen babesaren arloko eta merkatuetan libreki lehiatzea defendatzearen arloko hainbat politika publiko bideratzeko tresna bat izan da.
Mota horretako auziak dira azaroaren 8ko 9/2017 Lege berriaren helburu eta ardatz nagusiak. Lege horrek aipatutako helburuak berdintasunaren, diskriminaziorik ezaren, gardentasunaren, proportzionaltasunaren eta integritatearen oinarrizko printzipioetan oinarrituta lortu nahi ditu.
Lege berriak kontratazioak efizienteagoak izatearen aldeko apustua egiten du, baita kontrola handiagoa izatearen alde ere. Horretarako, sektore publikoko kontratu-jardueretan legea betetzea bermatzeko mekanismo eraginkorrak ezartzen ditu.
Lizitazio-jarduera handitzen ari da eta Espainiako ETEen partaidetza hazi egingo da lege berriari esker, kontratuak sortatan zatitzea bultzatzen baitu, enpresa gehiagoren arteko elkarlana sustatzeko. Gainera, azpikontratista gisa jarduten duten konpainiei ordainketa bermatzeko neurriak ezartzen ditu.
Mutualia, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den erakunde gisa, Legearen aplikazio-eremuaren barruan dago, sektore publikoko subjektu gisa, eta beraz, obra, ondasun eta zerbitzuak kontratatzeko gure prozesuak kontratatzeko araudi publikoaren betetzea bermatzen duten lizitazio publikoen bitartez bideratzen ditugu.
Badakigu aldaketa horiek gure lizitazioetan eta sektore publikoko beste edozein subjekturen lizitazioetan parte hartzeko interesa duten ETEei eta enpresa eta pertsona hornitzaileei zailtasunak eragiten dizkietela, nagusiki, lizitazio elektronikoa nahitaezkoa delako, ELESEOn inskribatu behar dutelako eta prozedura bakoitzean EKABa aurkeztu behar dutelako, baina zailtasunetatik haratago, arau berriaren potentzialtasunak ikusten ditugu, hala nola horretaz baliatzeak kontratazio-espedienteetan parte hartzea erabakitzen duten enpresa eta autonomoei ekar diezazkiekeen onurak, merkatu-hobi berrietara iristeko aukera emango baitie.
Horregatik, enpresei eta autonomoei inskribatzea, eskaintza elektronikoak prestatzea eta aurkeztea eta horiek botere adjudikatzaileei Estatuko Kontratazio Plataformaren bitartez bidaltzea errazteko gida batzuk prestatu ditugu, baita Europako Kontratazio Agiri Bakarra (EKAB) betetzeko jarraibide batzuk eta Estatuko Lizitatzaileen eta Enpresa Sailkatuen Erregistro Ofizialean (ELESEO) alta emateko erabiltzaileentzako eskuliburu bat ere; laguntza-agiri horiek gure webgunean argitaratu ditugu, zuei kontratatzeko jardunbide berrian aldaketa horiek ezartzen laguntzeko.
Era berean, aholkularitza-enpresen eguneroko jardunean duten garrantzia dela medio, SPKL berriak dituen lan-arloko berritasun nagusiak nabarmentzea garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Hauek dira, adibidez:
- Adjudikaziodunak ohiko araudia bete beharra. Botere adjudikatzaileek nahitaez egiaztapen-ikuskaritzak egin beharko dituztela jasotzen da, eta arau-hausterik izanez gero, horrek kontratuak suntsiaraztea ekar dezake.
- Kontuan hartu beharreko kontratazio publikoaren arloko printzipioak birdefinitzea. Lizitazioaren prezioa eta aurrekontua banakatuta adierazi behar dira, eta erreferentziazko hitzarmenean oinarritutako soldata-kostu estimatuak, generoaren eta maila profesionalaren arabera bereizita.
- Neurri hertsatzaileak ezarri behar dira, Legea beteko dela bermatzeko, langileen lan-bermeak indartzeari begira. Neurri horiek kontratazio publikoan parte hartzea eragozten diete berdintasun- eta integrazio-printzipioak betetzen ez dituzten, laneko arau-hauste oso astun batengatik zigortu dituzten edo langileen eskubideen kontrako delitu bat egiteagatik zigortu dituzten enpresei.
- Berdintasuna eta integrazioa sustatzera zuzendutako tresnak ezartzea. Ildo horretan, esleitzeko eta berdinketa hausteko irizpideetan gizarte-irizpideak aplikatuko dira.
Mutualiako kideok kontratazio publikoko prozesuetan lehiakortasuna sustatu nahi dugu, eta zuek Sektore Publikoko Kontratuen Lege berriari esker planteatzen zaizkizuen aukerez jabetzea. Izan ere, lege horrek lizitazioak ugaritzea dakar, oro har, eta beraz, negozio-aukerak ere ugaritzea.
Lorena Aguirregabiria Castresana
Erosketa, Kontratazio eta Eraikinen Kudeaketako zuzendaria.
- Manual completo ROLECE
- INSTRUCCIONES DEUC MUTUALIA
- Guia para la preparación y presentación de ofertas electronicas
- Guia de inscripción de empresas y autonomos en la Plataforma de Contratación del Sector Público
