Telelana Somorrostro
Itzuli

Telelana eta laneko segurtasuna eta osasuna: alderdi juridikoak eta arrisku psikosozialak  

Martxoaren 25ean, “Telelanaren alderdi juridikoak. Arrisku psikosozialak eta teknoestresa” jardunaldia antolatu zuen Mutualiak, Somorrostroko Prestakuntza Zentroaren lankidetzarekin. Urrutiko lanaren alderdi juridikoak eta telelanaren ondoriozko arrisku psikosozialak aztertu ziren jardunaldian. 

Hizlari gisa honako hauek aritu ziren: Guillermo García González doktorea, lanaren zuzenbidearen eta Gizarte Segurantza gaiaren irakasle titularra UNIR – Errioxako Nazioarteko Unibertsitatean; Amanda Moreno Solana doktorea, lanaren zuzenbidearen eta Gizarte Segurantza gaiaren irakaslea Madrilgo Karlos III.a Unibertsitatean, eta Tatiana Cuervo Caravel doktorea, Laneko Arriskuen Prebentzioa eta SIG (KSI-Kudeaketa Sistema Integralak)-ESIT (Ingeniaritzako eta Teknologiako Goi Mailako Eskola) masterreko irakaslea UNIR unibertsitatean.  

Guillermo García González doktoreak telelanaren eta laneko segurtasunaren eta osasunaren dimentsio juridikoa landu zuen, eta nabarmendu zuen “arriskuen ebaluazioaren xedeak eta urrutiko lanaren prebentzio jardueraren plangintzak kontuan hartu beharko dituztela lan modalitate horren berezko arriskuak, eta arreta berezia jarri beharko zaiela faktore psikosozial, ergonomiko eta antolamenduzkoei…”. Ondorio nagusiak honako hauek izan ziren: telelanaren ikuspegi espezifiko baten beharra, nola maila juridikoan hala teknikoan; etxearen bortxaezintasunaren birformulazioa, prebentzio zerbitzuek arriskuen ebaluazioa egin ahal izateko; negoziazio kolektiboaren zeregina; eta prebentzioaren ikuspegitik kontratuko betebeharrak mugatzea (alone workers). 

Amanda Moreno Solana doktoreak “Telelana eta Deskonexioa, laneko arriskuen prebentziorako neurri gisa” txostena aurkeztu zuen. Deskonexio digitalak esan nahi du pertsonek eskubidea/betebeharra dutela lan denboraz kanpo deirik ez egiteko, edo posta elektronikorik edo mezurik ez bidaltzeko. Era berean, enpresak deskonexio digitalaren eraginkortasuna bermatuko duten neurriak hartzeko betebeharra du (2021eko martxoaren 9ko DBLO – STJEU, 88. art. eta DLO, 18. art. eta 1. xedapen gehigarria, 2. paragrafoa). Ondorio gisa nabarmendu zuen “Deskonexio digitalerako eskubideak hainbat ondasun juridiko aldarrikatzen dituela, hala nola intimitatea edukitzeko eskubidea, lana, familia eta bizitza pertsonala uztartzea, laneko osasuna eta atsedenerako eskubidea. Baina bereziki langileen segurtasunaren eta osasunaren ondasun juridikoa.” 

Jardunaldiari amaiera emateko, Tatiana Cuervo Carabel doktoreak telelanaren ondoriozko arrisku psikosozialetan jarri zuen arreta, hala nola teknoestresaren aldaera hauetan: teknoantsietatea, tentsioa eta IKTen gaur egungo edo etorkizuneko erabilerak eragindako ondoeza; teknonekea, buruko neke eta akidura sentimenduak, teknologien erabileraren ondorioz; eta teknoadikzioa, teknologia berriekiko adikzioa. Honako hauek dira teknoestresaren ondorioak: tentsioa, larritasuna, nekea, lanean dugun gogobetetzea gutxitzea, arazo kardiobaskularrak, urdail-hesteetako arazoak, insomnioa, giharren tentsioa… Arrisku psikosozialak kudeatu ahal izateko, beharrezkoa da arriskuen ebaluazio on bat egitea, enpresan dauden arrisku faktoreak identifikatzeko eta enpresaren eta langileen errealitatera eta beharretara egokitutako estrategiak ezartzeko.  

Lotutako berriak