conducir en otoño
Itzuli

Udazkenean gidatzea: beti erne

Meteorologia-aldaketa bortitzak gertatzea da udazkenaren ezaugarri bat. Ohikoa izaten da eguzki betetik behe-lainoa izatera igarotzea, edo ustekabeko euri-zaparradak; edo haize bortitzak direla-eta alertak izatea, oraintsu bezala. Bestalde, eguzki-orduak murrizten direnez eta arian-arian tenperaturak jaisten direnez, zuhurtzia handiagoz jokatu behar dugu urtaro aldakor honi lasaitasunez aurre egiteko.

Zein izango lirateke oinarrizko aholkuak urtaro polit bezain aurreikusgaitz honi segurtasunez aurre egiteko?

  • Kontsultatu eguraldia aldez aurretik. Ezinbestekoa da joan-etorria egin aurretik iragarpen meteorologikoa kontsultatzea. Sasoi ezegonkorra da, eta errepideko kondizioak asko alda daitezke egun berean.
  • Berrikusi ibilgailua bidaiatu aurretik. Komeni da ibilgailua puntuan jartzea udaren ondoren. Jarri arreta berezia pneumatikoei, haiek baitira gure ibilgailuaren eta asfaltoaren arteko lotunea; haiek egoera onean egotea lehentasunezkoa da segurtasunez bidaiatzeko.
  • Euria ari duela gidatzean. Galtzada bustita egoteak, euriaren eraginez ikuspena gutxitzeak edo abiadura desegokia izateak galaraz dezakete ibilgailuaren gaineko kontrola. Hala, euriarekin gidatzeko, neurri batzuk hartu behar ditugu segurtasun-maila egokia bermatzeko.
    • Zuhurrago jokatu. Egokitu abiadura bidearen egoerara. Gogoan izan balaztatze-distantzia bikoitza dela. Hori dela eta, handitu segurtasun-distantzia, eta beste gidariek ikusi ahal izateko adinako denboraz seinaleztatu maniobrak. Saiatu gainerako ibilgailuen arrastoari jarraituz gidatzen, eta ez gelditu ibilgailua.
    • Ez aurreratu ikuspen txikiko egoeretan, batez ere bi noranzkoko bideetan.
    • Ikusi eta ikus zaitzatela. Piztu dagozkion argiak. Piztu aireztatze-sistema, beira lurrundu ez dadin. Gorabeheraren bat izanez gero, ez geratu ibilgailuaren barruan. Seinaleztatu egoera larrialdi-argien bidez, gainerako gidariak ohartarazteko. Jantzi txaleko islatzailea; irten ibilgailutik euria egin arren, eta, trafikoaren egoerak aukera ematen badu, jarri hesiaren atzean edo trafikotik ahalik eta urrunen dagoen leku batean.
  • Behe-lainoarekin gidatzean. Behe-lainoarekin ere, gidatzean arreta handiagoa jarri behar da istripuak saihesteko, ikuspena murrizten eta zorua bustitzen baitu. Aurreko gomendioak ez ezik, beste gomendio espezifikoago batzuk ere izan behar dituzu gogoan:
    • Egokitu abiadura, eta ez aurreratu ikuspen gutxiko egoeretan. Saiatu beste ibilgailuen abiadura berean joaten, eta gogoratu behe-laino itxiarekin gerta daitekeela abiadura-sentsazioa galtzea.
    • Utzi segurtasun-distantzia handiagoa aurreko ibilgailuarekin, baina begien bistatik galdu gabe. Ez egin bat-bateko maniobrarik.
    • Ez geratu, ezta bazterbidean ere. Konponbiderik seguruena iruditu arren, istripua eragin dezakezu beste ibilgailuek ikusten ez bazaituzte.
    • Erabili argi laburrak eta laino-argiak, hobeto ikus zaitzaten. Argi luzeak aktibatzea izaten da joera naturala, baina, ispilu-efektua eragiten dutenez, gidaria itsutu eta ikuspena zailtzen dute.
    • Erabili galtzadaren eskuineko ertzeko marra gida gisa. Horrek lagunduko dizu hautematen zenbateko lainoa dagoen, eta hobeto eusten galtzadako kokapenari.
  • Etengabe begiratu galtzadari. Sasoi honetan, zikinkeria eta oztopo txikiak aurki ditzakegu galtzadan, zuhaitzen hostoak erortzen eta haize-bolada handiak izaten baitira.
  • Animaliak. Udazkenean, maizago gertatzen dira, bai animaliak harrapatzea, bai animaliak saihesteko ahaleginaren ondorioz istripuak izatea. Zehazki, egunsentian eta ilunabarrean izaten dira. Gidariak animalia saihesten beranduegi saiatzen direlako eta abiadura desegokian doazelako gertatzen dira istripuak. Landa-eremuetan gidatzen baduzu, kontuz ibili, eta arreta jarri haien presentziari.
  • Haizea. Alboko haizeak eta haize-boladek dute arriskurik handiena, kontrola galaraz baitiezaiokete gidariari. Haizea 70 km/h-tik gorakoa bada, komenigarria da ibilgailua etxean uztea, arriskutsua izateaz gain, erregai-gastu handiagoa eragiten baitu egoera horretan gidatzeak. Ezinbestean autoa hartu behar baduzu, adi egon aholku hauei:
    • Murriztu abiadura. Haizearekin zein beste fenomeno meteorologiko batzuekin, zuhur jokatu behar duzu. Abiadura txikitu eta martxa laburrekin gidatzen badugu, hobeto heltzen diote pneumatikoek galtzadari.
    • Eutsi bolanteari. Eutsi tinko bolanteari gidatzen duzunean, indarrez helduta. Maniobrek leunak eta kontrolatuak izan behar dute. Haize-boladek zabuak eragin diezazkizukete.
    • Erreiaren erdialdetik. Erreiaren erdialdetik zirkulatu behar da, hartara, haizeak autoaren ibilbidea desbideratzen badu, beste errei bat ez inbaditzeko eta, hala, istripurik ez eragiteko.
    • Aurreratzea. Agian aurreratzea da mementorik kritikoena haizearekin gidatzen dugunean. Ondo aztertu behar da nondik jotzen duen haizeak eta zer arrisku izan ditzakegun aurreratzean. Haizeak aurrez aurre jotzen badu, nabarmen murriztuko da autoaren abiadura, aurreko ibilgailuaren babesetik atera bezain laster. Horren ondorioz, baliteke maniobra motelago egitea eta ohi baino denbora luzeago behar izatea.
    • Haizea albokoa bada, zailagoa da aurreratu nahi den ibilgailua handia bada. Haizea eskuinetik badator, autobusak edo kamioiak haizea estaliko dute, eta, beraz, ibilgailu handienak bereganantz erakarriko du ibilgailu txikiena. Ibilgailu handia aurreratu bezain laster, kontrakoa gertatuko da, eta arekan bukatu dezakezu alboko haizearen ondorioz. Fenomeno horri “pantaila-efektua” esaten zaio, eta haizearekin gidatzean dugun arriskurik handiena da.
    • Kontuz SUVekin (kirol-ibilgailu utilitarioak) eta lur orotarikoekin. Kontuan izan behar da bolada handiek auto txikienei baino are gehiago eragiten dietela kamioiei eta autobusei. Arrazoi beragatik, auto handienek gehiago nabarituko dute haizea, grabitate-zentroa altuago baitute eta ezegonkorragoak baitira. Dena den, pisu eta altuera handiagoak izateak arindu dezake puntu hori, nolabait.
    • Tunelak eta zubiak. Ibilgailu handi bat aurreratzean bezala, zubi edo tunel batean sartzean, horrek haizetik babesten gaitu, baina, handik ateratzean, haize-bolada horiek itzuli egingo dira. Hori dela eta, aurreko zenbait puntu hartu behar dira kontuan: aurreikusi behar da autoa erreitik kanpo bultza dezakeela haizeak, eta, beraz, irmo-irmo eutsi behar zaio bolanteari, baliteke-eta gidariak ez jakitea haizeak nondik joko duen.

Aholku horiek lagunduko dizute bidaiak prestatzen eta joan-etorriak kontrolatzen, eta udazkenean seguru gidatzen.

Lotutako berriak