Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren hilabete honetako atalean, kirol-federazioetako eta -klubetako partaide guztiei zuzendutako kanpaina parte-hartzaile baten berri emango dugu. Ekimen hori UFDV-EKFBren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren arteko lankidetzaren emaitza da, eta kirolean euskarazko prestakuntza, kudeaketa eta sustapena bultzatzea du helburu. Hortaz, euskal kirolak bat egiten du euskararen aldeko ‘Elkar ekin euskaraz’ kanpainarekin. Proiektu honen helburu estrategikoetako bat da kirol-jarduera eta -guneetan euskararen erabilera eta presentzia areagotzea, hau da, kirol-komunitatea euskararen alde aktibatzea. Horregatik, UFDV-EKFBk kanpaina parte-hartzaile hau jarri du abian, euskararekin duen konpromisoa jendaurrean adierazteko.
‘Elkar ekin euskaraz’ kanpaina eremu digitalean garatzen da, eta sare sozialak (@euskal.kirola -Instagram) eta (www.euskal.kirola.eus) webgunea ditu ardatz. Parte-hartzea erraz-erraza da. Aski da argazki bat ateratzea edo bideo bat egitea euskaraz esaldi bat idatzita edo ahoskatuta. Kanpainaren logotipoa webgunetik deskargatu daiteke, gero sare sozialetara igotzeko, @euskal.kirola aipatuz eta #ekineuskaraz traola erabiliz.
Euskal kirolari ospetsuek parte hartzen dute kanpainan, eta horietako batzuk, euskararekiko konpromiso irmoa adierazteaz gain, parte hartzen duten klubetara hurbildu dira, kirola egiten duten gazteei entrenamendu berezia eskaintzeko. Kanpainaren amaiera oso berezia izango da, bertan parte hartutako kirolari eta erreferenteak bilduko baititu, eta mosaiko erraldoi bat eraikiko baita kanpainan jasotako argazki eta bideo guztiekin.
Duela aste batzuk ezagutzera eman zen “Kiroletik, bagoaz euskaraz” lelopean hartutako konpromisoa, eta ekitaldian Bingen Zupiria sailburua, UFDV-EKFBko ordezkariak eta Euskal Herriko Txirrindularitza, Surf, Errugbi, Gimnasia eta Pilota federazioetako ordezkariak izan ziren. Ekitaldi eta hitzarmen horien helburua izan zen kiroletik euskara sustatzea. Dokumentu estrategiko honekin, kirol-jardueretan euskararen erabilera normalizatzea guztion ardura da: instituzioak, kirol-federazioak, kirol-klubak edo kirol-elkarteak, zuzendaritza, entrenatzaileak, gurasoak edo jokalariak izan. Tresnetako bat ‘Elkar ekin euskaraz’ izeneko ekimen berria izango da, kirol-sektoreko eragile guztien lankidetza behar duena. Eta, eragile nagusietako bat izanik, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta kirol-federazioek ahalegina egingo dute helburu hori gauzatzeko. Kanpainaren webgunea: www.euskalkirola.eus/eu/elkar-ekin-euskaraz. Instagram: @euskal.kirola.
Gainera, azaroan adierazpen batzuk grabatu ziren, urte honetan euskal selekzioekin parte hartu duten kirolariek eta federazioek egindakoak.
Bestalde, Autonomia Erkidegoen Kirolaren I. Biltzar Nazionala egin zen Valladoliden, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuna bertan zela. CUFADEk, Espainiako Kirol Elkarteen Konfederazioak, sustatutako topaketa horren helburua izan zen Espainiako autonomia-erkidegoetako kirola gizartean balioestea eta haren funtzionamendua modernizatzeko finantziazio egonkor eta independentea izateak duen garrantzia azpimarratzea. Espainiako autonomia-erkidegoetako kirolaren lehen topaketa nazional honetan, funtsezko hiru alderdi jorratu ziren –kudeaketa, komunikazioa eta zuzendaritza teknikoa–, aditu handien, eztabaida-mahaien, elkarrizketen eta tailer praktikoen bidez.
