Itzuli

Uretako Fisioterapiaren hastapenak

Fisioterapia, besteak beste, bitarteko naturalak eta mekanikoak erabiltzen dituen tratamendu-metodoa da. Izendapena, grekozko bi hitzen baturatik sortua da: physis (natura) eta therapeia (tratamendua). Ura elementu naturala da, gure organismoaren berezko osagai izan eta bizi-funtzioak errazteaz gain, patologia ugariren prebentzio eta tratamendurako erabiltzen dena.

 

Aisa asko aurki daitezke, ura eragile terapeutikotzat hartuta jarduerak antolatzen dituzten instalazioak, baina zentro hauek ez dituzte betetzen normalean patologia jakin batzuetako pazienteei arreta egiteko baldintzak (langile kualifikatuak, instalazio

egokiak, uraren tenperatura…). Fisioterapiak garen neurrian, uraren propietateak ezagutu eta nola aplikatu ikasi behar dugu.

 

HIDROTERAPIAREN JATORRIA ETA HISTORIA LABURRA

 

Uraren erabilera gizateria bera bezain antzinakoa bada ere, Hiprokates izan zen erabilera horri bultzada arrazionalagoa eman zion lehenengoa, naturaren ohiko oreka berreskuratzeko lagungarritzat jo zuelarik. Horren haritik, gaur egun erabiltzen diren prozedura asko berberak abiarazi zituen; esaterako, lurrun bainuak, ur gaziaz nahiz gozoaz landutako konpresa heze beroak, ur beroaren poltsak, buztin eta lokatzen aplikazioak, etab.

 

Erromatarrek hidroterapiaren teknikak garatzen jarraitu zuten, ur jakin batzuen alderdi mineral sendagarria nabarmenduz eta terma publikoak erakiz hiri handi gehienetan. Inperioa hedatu ahala, kultura hori ere Europa osoan zehar zabalduz joan zen. Erdia Aroan, Europa kristauan, uraren erabilerak egundoko inboluzioa izan zuen. Higienea eta gorputzarekiko kultua baztertu ziren, aurretik bildutako ezagutza guztia ere deseztatuz. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran, nabarmentzeko moduko aldaketa gertatu zen. Erabilera enpiriko hutsaren gainetik, urak ikuspuntu fisiko nahiz kimikotik izan ditzakeen eragin fisiologikoak ikertzearen aldeko jakinmina zabaldu zen sendagile eta zientzilarien artean. XX. mendearen lehen erdialdean, termalismoa medikuntzaren aurrerakuntzetan txertatu eta esperimentazio kliniko-zientifikoaren helburu bilakatu zen, baina II. Mundu Gerraz geroztik, baztertuta geratu zen berriro ere, medikuntza alorreko aurrerakuntza diagnostiko, terapeutiko eta tekniko berrien eraginez, gainbehera berri batean sartuz.

 

Azken urteotan, badirudi hidroterapia birsortu egin dela, beharbada Europan medikuntza natural ez-erasokorrera itzultzeko nagusitu den joeraren eraginez eta prebentzioaren alorreko terapiek hartu duten garrantziaren ondorioz.

 

URAREN PROPIETATEAK

 

Ura hiru egoeratan aurki daiteke, egoera bakoitzari dagozkion propietate fisikoak tarteko direla. Horrez gain, urak, era horretako fluido batean murgiltzean jasan behar ditugun lege eta fenomeno fisikoak biltzen ditu. Nabarmentzeko moduko efektuen artean, lehenik eta behin, presio hidrostatikoari dagozkion efektuak aipatu behar ditut, odol-zikulazioaren itzulera errazteko eskaintzen dituzten ondorio hemodinamiko mesedegarriengatik. Hauek garrantzi handikoak dira, balizko ondorio kaltegarriei aurre egiteko tratamendu bat ezartzen duten heinean, bereziki gogoan hartuta, bihotzeko arazoak edo odol-zainetako arazo baskularrak dituzten pertsonentzat kontraindikatuta egon daitezkeela.

 

Presio hidrostatikoaren efektuak arnasketa funtziora ere hedatzen dira. Ildo horretan, pareta torazikoari eta diafragmari eragindako konpresioak arnasa botatzea erraztu eta arnasa hartzea zailtzen du (diafragma jaso eta arnasa botatzea errazten da), hondar bolumena gutxituz. Hau mesedegarria da arnasketako patologia batzuetarako, baina ondo gogoan izan behar da uretan ariketak egin behar dituzten persona guztientzat, jarraibide zehatzak emanez, egoera hori ahalik eta erarik eraginkorrenean aprobetxatzeko asmoz. Igerilekuan murgilduta, pazientea, faktore askoren aldi bereko ekintzen eraginpean dago: presio hidrostatikoaz gain, biskositatea, azaleko tentsioa, turbulentziak eta larruazalaren gaineko edo gihar sakonagoetako nerbio-bukaerei eragiten dieten bestelako faktoreak aipatu behar dira. Hauek guztiak estimulu exterozeptiboak dira, propiozeptiboak, hargailu espezifikoen bidez detekta daitezkeenak, eta horiei esker, gorputz eskemaren, posizioaren eta mugimenduaren noranzkoen pertzepzio hobea lortzen da, prozesu edo ondorio postraumatiko edo neurologiko askoren mesedetan.

 

Gogoan izan, halaber, urak dituen berezko beste indar batzuk ere badaudela: kohesioa, biskositatea, azaleko tentsioa, etab. Horiek guztiek uraren barruko mugimenduei kontra egiten diete, eta erresistentzia hau airean baino 600 aldiz handiagoa izan daiteke. Honi gehitzen badiogu mugimenduaren noranzkoa eta abiadura, mobilizatu beharreko azala, eta flotagailu, hegats, paleta eta abarren erabilera bezalako faktoreen bidez mugimenduari kontra egiteko dauden aukerak, ariketa eskaintza zabala programa dezakegu, erraz-errazak nahiz erresistentzia handikoak, betiere paziente bakoitzaren beharrizana, egokitasuna eta tolerantziaren arabera.

 

Gorputzaren pisua eta bultzadaren arteko diferentziari itxurazko pisua deritzogu, eta azken hau aldakorra da murgilketamailaren arabera (Lecrenier-en eskema). Zamari eusten dioten egitura muskulo-eskeletikoak dira (aldaka, bizkarrezurraren gerrialdea, etab.) mugimendua errazteko ekintza honetatik onurarik handiena ateratzen dutenak. Aldakak, esaterako, gorputzaren pisuari eusten dio ibileran oin bakarraren gainean bermatzean, baina pazientea murgiltzen denean, leporaino urperatzen baldin bada, itxurazko pisua murriztu eta aldaka askatuta geratuko da, mugimendua errazago eta minik gabe egin ahal izateko. Hauxe da prozesu erreumatiko degeneratiboak edo ondorio postraumatiko edo postkirurgikoak dituzten erabiltzaileek lortzen duten onurarik nagusienetakoa.

 

Uraren tenperatura oso faktore garrantzitsua da tratamendua aukeratzerakoan. Normalean giza-gorputzarentzat temperatura indiferentea 31 eta 33 gradu tartekoa dela gogoan hartuta, bainuak honela sailka ditzakegu: oso hotzak 10-15º, hotzak 16-23º, epelak 24-30º, indiferenteak 31-33º, beroak 34-38º eta oso beroak +40º. Ondorioz, berreziketarako ariketa estatikoak egin nahi baditugu, 33 gradutik gorako tenperaturak erabiliko ditugu, eta gogoan hartzen badugu gure komunitatean erabil ditzakegun igerilekuetako tenperatura 30 gradu ingurukoa izaten dela, ondo baloratu beharko genuke aldez aurretik jarduera terapeutiko bat egiteko lekurik egokiena ote den.

 

UR BEROAREN EFEKTUAK (34-38º)

 

Zirkulazio-sisteman basodilatazio periferikoa gertatuko da, eta frekuentzia kardiakoa ere areagotuko da, giharretara oxigeno eta elikagai gehiago helaraziz eta tonu eta nekearen murrizketa orokorra eraginez, zuntzen erlaxazioari esker. Ur beroak nerbio-sistemari eragiten dio, sentimen periferikoa murriztuz eta minaren ataria handituz, eta honek aukera paregabea ematen dio fisioterapeutari espastizitatearen kontrola hobetzeko eta mugimenaren garapena eta portaera hobeto lantzeko.

 

Beroak arnas frekuentzia bizkortu eta arnasketan hartutako airearen ur-lurruna areagotuko du, termorregulazio-mekanismoari eraginez. Toraxaren gainean egindako presioak arnasa botatzeko muskulaturaren (saihetsartekoak eta abdominalak) aktibazioa erraztuko du, hondar bolumenaren biziklapenean lagunduz eta aretoan nekez trata daitekeen muskulatura horrekin lan egiteko aukera erraztuz. Erraien eta bestelako organoen funtzionamenduari dagokionez, ur beroak hesteetako motilitatea eta urdailaren funtzioa areagotzen ditu, behazun-jarioa sustatuz, giltzurrunen funtzioa

hobetuz eta, horrekin batera, diuresia gehituz.

 

Igerilekuan ur beroaz bainatzeak eskaintzen dituen grabitaterik ezaren esperientziak eta autonomia sentsazioak autoestimua hobetzen dute, lagun arteko harremanak errazten dituzte eta fisioterapeutari alderdi psikologikoak lantzen laguntzen diote.

 

HIDROZINESITERAPIAREN AUKERAK

 

Terapia mota honetaz balia daitezkeen pertsonen profila oso zabala da, burmuineko paralisia duten haurrak eta paraplexikoak bezalako gaixo neurologikoetatik hasi eta kirurgiaren ondoko gaitz traumatologikoak dituzten pertsonetaraino, besteak beste.  Sintomatologiagatik ur-tratamendu batez profita daitezkeen gaitz guztien kasuan, egokia izan liteke fisioterapeuta espezializatu batek errehabilitazio-programa bat hastea, sendagileak ontzat jotzen baldin badu.

 

Lesio neurologiko batean, ibileraren alterazioa faktore mugatzailea izan ohi da, eta pairatzen duen pertsona are menpekoagoa bihurtu ohi da. Orekaren alterazioagatik, koordinazio faltagatik eta mugikortasunaren galeragatik erorketak gertatzeko arriskuak pazientea gurpil-aulki batean egotera behartzen du sarri asko. Urak mugimendu-askatasunaz profitatu eta erori ondoko bigarren mailako lesioak kentzeko aukera ematen die paziente hauei.

Haurrengan, espazio berri baten deskubrimenduak eta materialarekiko kontaktuak, garapen fisiko eta psikikoa errazten duten sentsazio berrien esperimentazioa eragiten dute, norberaren gorputzaren eta uretan dituen aukeren pertzepzioa oinarritzat hartuta. Goputz-eskemaren pertzepzioak bere buruaz eta ura bezain ingurune berezi, heze eta jostagarrian gorputza luzatzeko dituen aukerez konfiantza handiagoa izateko

modua emango die.

 

Lehenbailehen ur-inguruneaz baliatzeak haurraren garapen globala erraztuko du, gorputza arinago, bizkorrago eta mugierrazago sentiaraziko dion gorputzarekiko konexio eta pertzepzioa ezarriz. Horrek guztiak gorputz-eskemaren ezagutza erraztu eta kanpoaldea eta barrualdearen arteko komunikazio sakonagoa ezarriko du, funtzioak areagotuz eta mugimen eta sentimen alorrean erantzuteko aukerak handituz. Programa hasteko, tratatu beharreko umearen balorazioa egin eta epe jakin batean lortu beharreko helburuak antolatzen dira gurasoekin eta umearekin batera, jarduera egiteko gogoan hartu behar diren arazo eta zainketa desberdinei buruzko aholkularitza eskainiz.

 

Maila terapeutikoan, mugimeneko gaigabetasuna duen ume batek uretan mugitzeko erabili behar duen indarra oso-oso txikia da, eta ondorioz, errazago kontrola daiteke grabitate konstanteko ingurunean baino. Uretan egoteak ematen dion mugimendu-esperientziaren haritik, aurreikusteko moduko mugimendu geldoak egingo ditu, eta honek, egonkortasuna, oreka, koordinazioa, mugikortasuna, mugimenduaren disoziazioa, flotazioa, erlaxazioa, irristaketak, etab. lortzea erraztuko dion sentimeneko eta mugimeneko esperientzia aberatsagoa eta grabitaterik gabekoa emango dio.

 

Meniskoko lesioak eta hausturak tarteko dituen kirurgia trumatikoaren ondoren, uretako fisioterapiak lehenago ekiteko eta giltzaduretako mugikortasunaren mugapena eta indar muskularraren galerari aurre egiteko aukera eskaintzen du. Aldakako eta sorbaldako giltzadurak errazago deskonprimatu eta aisago gida daitezke mugimendu berrietarantz min gutxiagoko ingurune batean. Era berean, gaur egungo ebidentzia zientifikoen arabera, uretako fisioterapiari esker, begibistako hobekuntzak gertatu ohi dira fibromialgia, osteoporosia eta artrosia duten pazienteengan. Fibromialgia duten gaixoen kasuan, giltzaduren mugikortasuna luzaroago eta min gutxiagorekin mantentzea lortu ohi da, hobeto atseden hartzeko aukera emanez.

 

Osteoporosia duten pazienteen kasuan, uretan ariketak egiteak hezurren trinkotasuna hobetzen laguntzen du, eta atrosia duten pazienteekin, hobekuntza lortu ohi da mina arindu eta giltzaduren mugikortasunari eusteko ahaleginean.

 

TEKNIKA BEREZIAK

 

HALLYWICK

 

Hallywick kontzeptua James McMillan-ek eta bere emazte Phil-ek garatu zuten 1950 urtean, ezintasun fisiko larriak zituzten pertsonei igeri egiten irakasteko asmoz. Bien artean, fluidoen mekanikako printzipio zientifikoak eta giza-gorputzaren urpeko errotazioak oinarri dituen metodo berri bat abiarazi zuten. Helburua lortzeko, beren-beregi lantzen dira kontrol zefalikoa, arnasketa, koordinazioa, pertzepzioa, oreka, bipedestrazioa, martxa, etab.

Egokitzapen psikikoa eta orekaren kontrola hil ala bizikoakdira eta lehen postua izaten dute uretako jardueretan proposatzen diren helburuen eskarian. Hala ere, protokolo egoki baten bitartez, onura terapeutiko handiak lor daitezke gaitasun eta trebetasun horiek lantzen diren bitartean. Guztira, 10 dira metodo hau osatzen duten puntuak, mugimenaren irakaskuntzako sekuentziatzat erabiliko liratekeenak.

 

. Doikuntza mentala (ingurunera moldatzea)

. Errotazio sagitalaren kontrola

. Zeharkako errotazioaren kontrola

. Luzetarako errotazioaren kontrola

. Errotazio konbinatuaren kontrola

. Inbertsio mentalak (urpeko jolasak)

. Oreka gelditasunean

. Turbulentziek eragindako irristaketa

. Progresio sinplea

. Oinarrizko mugimendua

 

 

BAD RAGAZ RING METHOD

 

Bad Ragaz deritzon hidrozinesiterapia-metodo pasibo edo aktiboan, pazienteak, fisioterapeutak zehaztutako puntu finkoa lantzen du, ariketa egiteko parametro guztiak zuzenduz eta kontrolatuz, ezein helduleku edo ekipamendu finkori oratu gabe, baina flotagarritasuna aldarazten duten elementu edo aparatuen laguntzaz.

URETAKO LAGUNTZA NEUROMUSKULAR PROPIOZEPTIBOA

(LNP)

 

Ariketa mota aktiboa da, baina Laguntza Neuromuskular Propiozeptiborako (LNP) metodoetan oinarrituta dago. Ondorioz, fisioterapeuta, espiralean eta diagonalean egindako mugimendu funtzionalak berregiten ahaleginduko da, ahozko, ikusizko eta ukimenezko estimuluen bitartez. Mugimenduak pazienteak egin behar ditu, era aktibo batez nahiz fisioterapiak eragindako laguntzaz edo erresistentziari aurre eginez, eta xede horretara zuzendutako tresnak ere erabil daitezke.

 

WATSU

 

Fisioterapeutak uretan eragindako flexio eta luzapen mugimendu pasiboak dira, trakzioa eta errotazioa barne. Zen Shiatsu delakoa oinarri duen teknika honek zehaztutako helburuak betetzea errazten duen erlaxazio egoera eragiten du.

 

BIBLIOGRAFIA

 

. Valeria Valim, Leda Oliveira.Alina Suda et al. Aerobic Fitness

Effects in Fibromyalgia. (J. Rheumatol 2003;30:1060-9)

. J.M Pazos Rosales, A. Gonzalez Represas. Técnicas de

Hidroterapia Fisioterapia 2002;24 (monografikoa 2):34-42

. E. Sanz Velasco, S.Crego Parra, A.Aguila Maturana. J.C et

al. Ejercicio aeróbico e hidrocinesiterapia. Fisioterapia 2005;

27(3):152-60

Lotutako berriak