Itzuli

URTE BERRI, GIRO BERRI

Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko Lege berriaren arabera, 50.000 biztanletik gorako herriek Igorpen Apaleko Guneak (IAG) sartu beharko dituzte mugikortasun iraunkorreko planetan, airearen kalitatea hobetzeko eta hiri horietako zarata mailak murrizteko helburuarekin. 

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren datuen arabera, 25.000 pertsona hiltzen dira, urtero, ingurumen kutsaduraren ondorioz, eta kutsadura hori, neurri handi batean, ibilgailu motordunek sortzen dute (CO2 isurien % 30, gutxi gorabehera, ibilgailuen trafikotik datoz). 15 hilabeteren buruan, hiri horiek beharrezko neurriak hartu eta egokitzapenak egin beharko dituzte, zirkulazioa lege berriak ezarritako arauetara egokitzeko. 

“IAGak aukera ezin hobea dira kerik, zaratarik eta heriotzarik gabeko mugikortasuna lortzeko. Horrekin batera, beharrezkoak dira garraio publikoaren eskaintza ona, gutxiago kutsatzen duen eta seguruagoa den automobil parkea, bizikletaren sustapena eta oinezkoentzako espazioak. Irizpide komunak behar-beharrezkoak badira ere, horiekin batera premiazkoak dira, halaber, hirien premia berezietara egokitutako irizpideak”, uste du Alfonso Gilek, zeina baita Bilboko alkateordea eta Espainiako Udalerrien eta Probintzien Federazioko (FEMP) Garraio, Mugikortasun Jasangarri eta Bide Segurtasuneko Batzordeko presidentea. 

Bestalde, IAGa ezartzeko eskuliburu teknikoan –FEMPek egina– oinarritzat hartzen da ibilgailuak etiketatzeko DGTaren sistema, eta gomendatzen du “ahalik eta eremurik handiena” hartzea, ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuentzako mugekin, eta muga horiek are zorrotzagoak izatea alde zaharretan, erdialdeetan eta ingurune sentiberetan (eskolak, egoitzak, ospitaleak…). 

Eskuliburuak Bartzelonako Rondas-IAG esperientzia hartzen du erreferentziatzat, zeina baitago martxan 2020. urteaz geroztik. 100 kilometro koadro inguru hartzen ditu eremuak, bi milioi biztanlek dute bizilekua bertan, eta ingurumen bereizgarririk gabeko ibilgailuentzat –kutsatzaileenak– debekatuta dago ibiltzea, goizeko 07:00etatik arratsaldeko 20:00etara. Hainbat jarduera egin behar izan dira inguru horretan, noski, hala nola seinaleak eta kontrol kamerak jarri, zehapen sistema bat sortu, informazio kanpainak egin… 

Madrilen (3.334.000 biztanle), Udalak duela gutxi onartu du ‘Distrito Centro’ berriaren –hau da, ‘Madrid Central’ zenaren– araudia berria. Emaitza onenak izan dituen Europako IAGetako bat da: % 32 murriztu da nitrogeno dioxidoaren ondoriozko poluzioa, Europako Garraio eta Ingurumen Federazioaren txosten baten arabera. “Eremu hori hedatuz joango da 2025era arte, poliki-poliki, urte horretan hiri osoa izango baita Igorpen Apaleko Gune handi bat. Kutsaduraren aurkako estrategia global bat izan nahi du”, azaldu du Madrilgo Udaleko Ingurumen eta Mugikortasun ordezkari den Borja Carabantek. 

Bilbon (350.000 biztanle) ‘iragate kulturala‘ izenekoa gertatzen ari da mugikortasunari dagokionez. Hiri osoan 30 km/h-ko muga ezarri da, taxiak elektrifikatzen ari dira, eta garraiolariekin ere horixe lortu nahi du Udalak: “Aztertzen ari gara zein izango den IAG osatzeko mugatu beharreko hiri eremua, hiri osotik hasi eta erdiguneraino, bertako airea kalitate kaskarragokoa baita. Zirkulazio handieneko ordutegiak ere aztertzen ari gara. Dena dela, ez da murrizketa zorrotzik beharko”, ziurtatu du Gilek. 

Ondorio gisa, legeak hiri mugikortasun ekologikoa bultzatu nahi du, 2023. urtea baino lehen, eta, horretarako, 50.000 biztanletik gorako Espainiako 149 udalerrietan, 25 milioi pertsona baino gehiago bizi diren udalerrietan (Espainiako biztanleen % 53), Igorpen Apaleko Guneak ezarri nahi dituzte. Gainera, 20.000 biztanletik gorako hiriek ere epe berean ezarri beharko dituzte IAGak, baldin eta airearen kalitatea eskasa bada horietan. 

Lotutako berriak