luz de emergencia v16
Itzuli

V16 baliza geolokalizatuak, bide seguruagoak izateko beste urrats bat

2026az geroztik nahitaezkoak izango diren V16 gailu geolokalizatuak salgai daude dagoeneko. Oraingoz hiru dira, baina laster homologazio-prozesua gainditzen duten modelo gehiago egongo dira. Balizek arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten dituzte eta, 2026ko urtarriletik aurrera, gailu horiek izango dira onartutako gailu bakarrak. 

 

V16 gailu berria 360º-ko argi horia igortzen duen baliza txiki bat da. Argia intentsitate handiz eta aldizka igortzen du, gutxienez 30 minutuz, eta, hala, ibilgailu matxuratua kilometro bateko distantziatik ikusgai geratzen da. Gailuak gutxienez 18 hilabeteko bizitza erabilgarria duen pila edo bateria bat du, kargagarria izan zein ez. Gainera, funtzionatzeko eta konektagarria izateko behar diren elementu guztiak ditu. 

 

V16 baliza geolokalizatuen abantaila nagusia hau da: aktibatutakoan, 100 segundo igaro ondoren (hori baita funtzionamendua probatzen den bitartean nahi ez diren konexioak saihesteko epea), automatikoki komunikatzen diete matxuratutako ibilgailuaren geoposizioa fabrikatzailearen hodeiari, DGT 3.0 plataformari eta estatuko sarbide-puntuari. 

 

Behin datu horiek jasotakoan, abisua berehala ematen zaie konektatutako gainerako ibilgailuei, denbora errealean gidatzeko laguntza eskaintzen duten aplikazio guztiei eta errepideko mezu aldakorreko panelen bitartez. Hala, matxuratutako ibilgailua argiz seinaleztatzeaz gainera, gainerako gidariek ohartarazpena jasoko dute hurbiltzen diren unean, jakinarazteko ibilgailu matxuratu bat dagoela bidean. 

 

Bada beste abantaila handi bat: arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten ditu. Hala, saihestu egiten dela triangelua behar bezala jartzeko errepidean 50 metro ibili behar izateak dakarren harrapatua izateko arriskua. Gogora dezagun 2020an 107 oinezko hil zirela hiriarteko bideetan eta, 2021n, kopuru hori 118ra igo zela.   

Non eraman?

V16 gailua gidariaren postutik iristeko moduko leku batean eraman behar da (eskularru-kutxa edo autoko albo-poltsikoak), eta beti izan behar da kargatuta. Hor eramateko arrazoia da gidaria gailuaren bila autotik ateratzea saihestu behar dela, hori arriskutsua baita. 

 

Non jarri?

Ibilgailuaren zati altuenean, albait gehien ikusten dela bermatzeko. Hain zuzen ere, gailu horiek egonkor geratu behar dute gainazal lau batean (sabaia), eta baliabideren bat izan behar dute (iman bat, adibidez) gidariaren atean jarri ahal izateko. Eta, ahal dela, ibilgailuaren barrualdetik jarri behar da, leihatila jaitsiz eta besoa bakarrik ateraz. 

 

Nola jakin nire V16 baliza homologatuta dagoen?

Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean gaur egun homologatuta dauden modeloak ageri dira, eta etorkizunean gailu berriak gehituko dira, homologatzen diren heinean. 

Lotutako berriak