Aitor Peña
Itzuli

VIDRALA TALDEA

Berrikuntza eta teknologia beirazko ontzien ekoizpenean, mundua eraldatzeko.

Vidrala Taldea, beirazko ontzien salmentan eta fabrikazioan erreferentziazkoa den enpresa, Laudion (Araba) sortu zen, 1965ean. Denborarekin, bere prozesuetan txertatuz joan da produktu amaituen fabrikazio eta kontroleko azken garapen teknologikoak, eta, horren ondorioz, urtean 8.000 milioitik gora beirazko ontzi ekoiztera iritsi. Enpresaren helburu nagusietako bat gizarteari ekarpena egitea da, ingurumena errespetatuko duen etorkizun konprometitu, osasungarri eta jasangarri baten aldeko apustua eginez.  

 

Elkarrizketa egin diogu Aitor Peñari, Vidralako Marketin eta Harreman Publikoetako arduradunari. 

 

Erakunde ororen zutabeetako bat giza taldea da. Vidralak bere pertsonengan jartzen du arreta, haien grinan, ezagutzan eta garapenerako borondatean. Zenbat lagunek osatzen dute Vidrala, zein dira haien profil profesionalak eta zein dira erronkak? 

Pertsonak dira gure konpainiaren oinarrietako bat. … Gaur egun, Vidralak kualifikazio handiko 3.600 langiletik gora ditu, gure 9 ekoizpen- eta betetze-instalazioetan estrategikoki banatuta. Gure taldean, nabarmentzekoa da profil profesional ugari ditugula, baita prestakuntza bikaina dutela ere, neurri batean enpresak eskainitako 130.000 ordutik gorako prestakuntzari esker.   

 

Vidralan, langile moldakorrak eta osoak izateak duen garrantzia baloratzen dugu. Gure langileek rol eta ardura ugari dituzte, eta, horri esker, gure eragiketak eraginkortasunez eta efizientziaz garatu ditzakegu, maila guztietan. Instalazioetako profesionaletatik hasi (lan tekniko eta operatiboak egiten dituzte), jarraitu bulegoko langileekin (administrazio- eta kudeaketa-arloetan funtsezko euskarria ematen dute), eta zenbait arlotan espezializatutako ingeniari eta enpresaren norabide estrategikoa zuzentzen duten zuzendarietaraino, guztiek jartzen dute beren esperientzia eta konpromisoa Vidralaren arrakastaren esku

vidrala lantegia

 

Enpresaren apustuaren beste gakoetako bat pertsonen ongizatea sustatzea da. Zertan datza “Be Healthy” programa? 

“Be Healthy” gure langileen osasuna zaintzeko ohitura osasungarriak eta ongizatea sustatzera bideratutako programa bat da. Praktikan jartzeko, gure langileei kirol- eta ongizate-programa zabal bat eskaintzen diegu. Horren barruan sartzen dira entrenamenduak, elikadura osasungarria eta, aldian behin, kirol-probetan parte hartzea, gure instalazio guztietan.  

 

Ildo horretan abian jarri den azken ekimenetako bat Vidrala-Crisnova Laneko Osasuna  programa da. Albaceten dugun Crisnova Vidrio instalazioan ezarri da, lan-inguruneko lesioei aurrea hartzeko eta ohitura osasungarriak sustatzeko. Horretarako, osasuneko profesionalen talde bat sortu genuen, langileei aholku emango ziena jarrera-, entrenamendu- eta osasun-ohiturak hobetzeko.  

botilak

 

Osalanen “Laneko Arriskuen Prebentzioa Integratzeko Jardunbide Egokien” saria jaso duzue, 3R deritzen dinamiken metodologiagatik. Zertan datza metodologia hori?  

Dinamika horiek pertsonak erdigunean jartzeko helburuarekin diseinatu ziren. Hala, R3 dinamikak honela laburtzen dira: istripu-arriskua murriztea (Reducir), ohitura seguruak birziklatzea (Reciclar) eta ikaskuntza positiboak berrerabiltzea (Reutilizar), portaeran, harremanetan, berrikuntzan eta eraginkortasun operatiboan oinarritutako kultura-eraldaketaren bidez.  

Horretarako, talde guztiek batera diseinatutako prozesu bat ezarri dugu, langileak, arduradunak, prebentzioko ordezkariak, giza baliabideen taldeak eta prebentzio-zerbitzua barne.  Ikuspegi sistemiko eta erantzukizun partekatuko horri esker, harreman-gaitasunak garatu ahal izan ditugu, portaera proaktiboak eta solidarioak sustatuz, segurtasun- eta osasun-ingurune bat sortzeko 

 

Vidralak ingurumenarekiko konpromiso argia erakutsi du eta aitzindaria da jasangarritasunean. “A” kalifikazioa jaso du Klima Aldaketan, eta “B” kalifikazioa Uren Kudeaketan, Carbon Disclosure Project-en 2022ko txostenean. Zer esan nahi dute aintzatespen horiek? 

Aintzatespen horiek beti dira pozgarriak. Uste dugu Carbon Disclosure Project-en 2022ko txostenaren arabera klima-aldaketan “A” kalifikazioa izateak eta uraren kudeaketan berriz “B” kalifikazioa izateak nolabait agerian uzten duela gure lana ongi egiten ari garela. Horiek adierazle garrantzitsuak dira eta ingurumenarekiko konpromiso argia dugula adierazten dute. Gainera, uste dugu kalifikazio hori lagungarria dela Vidrala ingurumenaren babesarekin konprometitutako enpresa gisa posizionatzeko, hots, beiraren industriako erreferente gisa, ingurumenaren jasangarritasunari dagokionez 

 

 

Vidralak berriki iragarri du industriako asmo handieneko Science-Base Target-en baliozkotzea eta zero emisioko beirazko lehen ontziak sortzeko helburua. Zer dira Science-Base Target-ak eta zer esan nahi du mugarri horrek, berrikuntzari eta jasangarritasunari dagokienez? 

Science-Base target-ak honela definitzen dira: enpresa batek zehazten duen helburu-multzoa, atmosferara isurtzen dituen berotegi-efektuko gasak murrizteko estrategia argia ezartzeko. Helburu horiei atxikitzeak, lehenik eta behin, balioa ematen dio Vidralak bere prozesuen jasangarritasuna hobetzeko hartutako konpromisoari, atmosferarako emisioak ahalik eta gehien murriztuz. Nabarmentzekoa da hain asmo handiko ingurumen-helburuak ezartzen dituzten munduko lehen beiragileak garela, eta horrek, beste behin ere, jasangarritasunaren aitzindari moduan posizionatzen gaitu sektorean. 

 

Konpromiso horrek berrikuntzan eta teknologian inbertitzera bultzatzen gaitu, gure lantegiak eta ekoizpen- eta birziklatze-prozesuak ahalik eta puntakoenak izan daitezen.  

  Oraingoz, helburu hori gauzatzeko, gure instalazio gehienetan instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko inbertsioa egin da, edo azken belaunaldiko labeekin berritzeko estrategia erabili da, hala nola Portugalgo Gallo Vidro instalazioan berriki inauguratu den labearen kasuan. Gaur egun Encirc dibisioan (Erresuma Batua) Diageorekin batera egiten ari garen asmo handieneko proiektuetako bat munduko Net Zero beirazko lehen botilak sortzea da, karbono-emisioetan ultrabaxua den beirazko labe iraultzaile bat eraikiz.  

vidrala langilea

 

 

Etorkizuneko zer erronka ditu Vidralak, eta nolakoa da sektorearen etorkizuna? 

Gero eta aldaketa azkarragoak gertatzen ari diren garaiotan eta BANI ingurunean, sektoreak eta Vidralak erronka handiak dituzte aurretik, zalantzarik gabe.  

 Aldi berean, uste dugu aukera asko ditugula gure jardueraren bidez aurrera egiteko, bizileku izan nahi dugun mundura gehiago hurbilduz, alegia, mundu konprometitu, osasungarri, errespetuzko eta planetarekin jasangarri batera hurbilduz.  

 

Vidralan gure balioen eta gure pertsonen bitartez lortu nahi dugu hori. Gaur egungo testuinguruan, jaten edo edaten dugunaren kalitatea gero eta garrantzitsuagoa izateaz gain, gero eta garrantzitsuagoa da nondik jaten dugun, esperientzia nolakoa den eta horrek guztiak gure osasunean, gure gizarte-harremanetan eta bizi garen ingurunean duen eragina ere. Prozesu horrek garrantzia ematen dio ontziari; izan ere, edukiontzi soilen espektatiba tradizionalez gaindiko ekarpenak espero ditugu gaur egun. Kontsumitzaile modernoen munduranzko bide horretan, beirazko ontziek funtsezko rola izatera eramango dituen abantaila erabakigarriak eskaintzen dituzte. 

 

Vidralaren lana gure bezeroen eta, azken batean, kontsumitzailearen beharrak asetzea da, gure beirazko ontziak fabrikatuz eta ontziratze-zerbitzuak modurik eraginkor, errentagarri eta jasangarrienean eskainiz, eta gure pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatuz 

Lotutako berriak