vision zero
Itzuli

VISION ZERO IKUSPEGIA. ADIERAZLE PROAKTIBOAK

Gizarte Segurantzaren Nazioarteko Elkartearen (GSNE) gida bat da “Adierazle proaktiboak” dokumentua, eta VISION ZERO estrategia eta haren urrezko 7 arauak osatzen ditu (ikusi VISION ZERO IKUSPEGIA. URREZKO 7 ARAU. artikulua). Laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea ebaluatzeko eta haiek kudeatzeko diseinatutako 14 adierazle proaktibo aurkezten ditu gida honek. Adierazleak ez dira arauak; VISION ZEROrekin bat egiten duen edozein enpresa edo erakundek erabiltzeko tresna gehigarriak dira, edozein dela ere enpresa eta erakunde horien tamaina eta esperientzia-maila.

Etengabeko ebaluazioa egiteak eta adierazleak erakunde bakoitzaren premia espezifikoetara egokitzeak duen garrantzia nabarmentzen da dokumentuan, alderdi garrantzitsuak baitira prebentzioaren eta etengabeko hobekuntzaren kultura sustatzeko. Sei ataletan egituratzen da:

  1. Hitzaurrea eta testuingurua: Gidaren sarrera eta VISION ZERO ikuspegiarekin duen lotura; nabarmentzen da adierazle proaktiboek zer-nolako garrantzia duten laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea ebaluatzeko eta hobetzeko.
  2. Definizioak eta kontzeptu gakoak: Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen terminoak azaltzen dira, bai eta “segurtasun”etik “segurtasuna, osasuna eta ongizatea” izaterako bidea ere.
  3. VISION ZERO ikuspegiaren urrezko 7 arauak: VISION ZERO estrategiaren oinarria osatzen duten arauen deskribapena.
  4. Adierazle proaktiboak: 14 adierazle proaktiboen xehetasuna, hiru erabilera-aukeratan banatuta (BAI/EZ egiaztatze-zerrenda, maiztasunaren zenbatespena eta neurketa kuantitatiboa), eta nola aplika daitezkeen antolamendu-testuinguru desberdinetan.
  5. Konparaziozko ebaluazioa eta gomendioak Adierazle proaktiboak konparaziozko barne- eta kanpo-ebaluazioetan erabiltzeko metodoak eta eraginkortasunez inplementatzeko gomendioak.
  6. Egokitzapenen adibideak: Erakunde-mota desberdinek segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen kudeaketa hobetzeko adierazle proaktiboak nola egokitu eta erabil ditzaketen azaltzen da kasu praktikoen bidez.

VISION ZERO estrategiaren oinarria osatzen duten urrezko 7 arauetako bakoitzeko, bi adierazle definitu dira. Modu horretan, 14 adierazle proaktibo sortu dira, segurtasunari, osasunari eta ongizateari lotutako prozesuak modu proaktiboan ebaluatzen eta hobetzen laguntzeko erakundeei. Hona zein diren adierazle horiek:

  1. Lidergoa nork bere gain hartzea – konpromisoa erakustea:
    1. Lidergorako konpromiso ikusgarria: Zuzendaritzak agerian jartzen du segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen esparruan (SOO) egiten duen lana eta modu aktiboan sustatzen ditu hobekuntzak alderdi horietan.
    1. Lidergo lehiakorra: Segurtasuna, osasuna eta ongizatea lantzen dituen eta haiek motibazio-iturritzat dituen zuzendaritza bat funtsezkoa da VISION ZEROren garapen-prozesuak zuzentzeko.
  2. Arriskuak identifikatzea – arriskuak ebaluatzea.
    1. Arriskuen kudeaketaren ebaluazioa: SOOren arriskuen kudeaketaren ebaluazioak erakusten du zuzendaritzak zenbateko ardura eta lana eskaini dizkion segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzeari, eta ikaskuntza eta etengabeko garapena sustatzen ditu erakundean.
    1. Planifikatu gabeko gertaeretatik ikastea: Planifikatu gabeko gertaeretan (gorabeherak, gertakizunak, kasuak) oinarritutako ikaskuntza lagungarria da antzeko gertaerak berriro jazotzea saihesteko.
  3. Helburuak definitzea – programak lantzea:
    1. Lantokirako eta enplegurako harrera egitea: Langile berriei harrera egiteko prozesuetan segurtasuna, osasuna eta ongizatea sartzeak erakusten du segurtasuna, osasuna eta ongizatea enplegu guztien eta negozio-prozesu guztien parte direla.
    1. Programa espezifikoen ebaluazioa: Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorreko programa espezifikoak ebaluatuta (adibidez, aldi baterako kanpainak), errazagoa da aurreikusitako moduan aplikatzen direla egiaztatzea eta helburuak betetzea.
  4. Sistema segurua eta osasungarria bermatzea – ondo antolatuta egotea:
    1. Lanaren aurretiko saio informatiboak: Lanaren aurretiko saio informatiboetan segurtasuna, osasuna eta ongizatea sartuz, aurretiaz identifikatzen dira arriskuak eta testuinguru espezifikoetako prebentzio-neurriak.
    1. Lanaren planifikazioa eta antolaketa: Lanaren planifikazioa eta antolaketa funtsezkoak dira erakunde guztiek arrakasta lortzeko eta segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzeko.
  5. Segurtasuna eta osasuna zaintzea makinetan, ekipamenduetan eta lantokietan:
    1. Berrikuntza eta aldaketa: Teknologia, antolamendua eta langileak aldatzea ohikoa da erakundeetan, eta modu proaktiboan egin behar da, diseinu-fasetik bertatik segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzeko.
    1. Erosketak: Erosketek arriskuak eragin ditzakete denbora askoan segurtasunean, osasunean eta ongizatean. Adierazle honen helburua da erosketak modu sistematikoan erabiltzea segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzeko.
  6. Kualifikazioak hobetzea – eskumenak garatzea:
    1. Hasierako prestakuntza: Hasierako prestakuntza erabakigarria da segurtasun-, osasun- eta ongizate-maila egokiak lortzeko eta zuzendari eta langileak lanean hasi aurretik gaitzeko.
    1. Eguneratzeko prestakuntza: Eguneratzeko prestakuntzak aukera ematen du zuzendari eta langileek segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorrean duten ezagutza eguneratzeko.
  7. Pertsonetan inbertitzea – partaidetzaren bidez motibatzea:
    1. Hobetzeko iradokizunak: Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorrean hobetzeko iradokizunek harrera ona badute, parte-hartze aktiboa bultzatuko dute eta segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzen lagunduko dute.
    1. Aintzatespena eta saritzea: Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen testuinguruan, aintzatespenak eta saritzeak berekin dakar segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen esparruan espero diren portaerekiko konpromisoa baloratzea.

Gidak 3 aukera proposatzen ditu VISION ZEROren adierazle proaktiboak erabiltzeko:

1. aukera: BAI/EZ egiaztatze-zerrenda, segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen alorreko jarduerarik egiten den zehazteko.

2. aukera: Jarduera horien maiztasuna zenbatestea.

3. aukera: Ezinbesteko jardueren neurketa kuantitatiboa.

Gainera, adierazleak erabiltzeko gomendio orokorrak ere jasotzen dira, jardunbide egokietan eta datuen kudeaketa eraginkorrean zentratuak. Hauek dira alderdi gakoak:

  1. Erantzukizuna eta kudeaketa: Garrantzitsua da erakundeko langile bat edo kanpoko aditu bat izatea adierazleak kudeatzearen arduraduna. Pertsona horrek datuak jasoko ditu, ebaluazio- eta kuantifikazio-prozesua antolatuko du, eta emaitzak goi-funtzionarioei, atal arduradunei eta gaia lantzen diharduten langileei helaraziko dizkie.
  2. Erantzukizunak esleitzea: Ziurtatu adierazlearen bidez aztertutako jardueren erantzukizuna hartzen dutela langile arduradunek, artean egin ez badute. Adibidez, erdi-mailako arduradun eta ikuskatzaile guztiek hartu behar dute lanaren aurretiko saio informatiboak antolatzearen eta gidatzearen erantzukizuna.
  3. Jardunbide egokiak: Datu-orrietan jasotako jardunbide egokiak oso garrantzitsuak dira adierazle bat esanguratsua izan dadin, nahiz eta zuzenean ez agertu ebaluazio eta neurketetan.
  4. Hileroko kontrola: Ongi dator adierazle gehienak hilero kontrolatzea, joerak eta bilakaerak aztertzeko. Hala, behar bezala egokitu daitezke planifikazioa eta egikaritzea.
  5. Enpresan integratzea: Garrantzitsua da adierazle bakoitza enpresaren kudeaketaren parte izatea eta erakundeko goi-mailako exekutiboen erantzukizuna izatea. Hala ere, erakundeko adituek paper garrantzitsua izan dezakete ekimenez jokatzen badute adierazleak txertatzeko, ebaluazio-prozesuak babesteko eta emaitzen berri emateko garaian.

Gomendio horiei jarraituta, errazagoa izango da adierazle proaktiboak eraginkortasunez erabiltzea laneko segurtasuna, osasuna eta ongizatea hobetzeko.

ADIERAZLE PROAKTIBOEN gida. Segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen kudeaketa ebaluatzeko gida.

Lotutako berriak