Itzuli

Walking Football. ‘Futbola oinez’ modalitatearen abantailak adinekoentzat

ekfb

Oraingo honetan, adinekoentzako kirol modalitate berri eta berezi baten berri emango dugu Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan. ‘Walking Football’ modalitatearen euskal selekzioak, Euskadiko Futbol Federakundearen laguntzarekin, urriaren amaieran ekin zion bere ibilbideari, Ingalaterrako taldearen kontra, Athleticen instalazioetan (Lezama).

‘Walking Football’ modalitatea futbolari asimilatutako kirola da, eta 50 urtetik gorakoek baino ezin dute horretan jardun. Oinez jokatzen da, horixe du berezitasun nagusia, jolas-eremu txiki batean; baloiari ezin zaio buruaz jo, ezta 183 zentimetrotik gora bota ere. Arau nagusiak dira ezin dela korrika egin, ezta baloia buruaren gainetik jaso ere. Eta zigortu egiten dira kontaktuak. Orain arte gizonezkoek jokatu dute ia beti, baina orain emakumeak ere hasi dira, Euskadiko Futbol Federakundeak adierazitakoaren arabera.

Espezialitate honetan, nazioarteko erakunde bat dago arauak erregularizatzen eta interesak defendatzen dituena: FIWFA. Futbol tradizionalean gertatzen den moduan, ingelesak hartzen dira ‘Walking Football’ espezialitatearen aitzindari. Orain dela hamar bat urte hasi zen jokatzen, adinekoen isolamenduari eta jarduerarik ezari aurre egiteko helburuarekin; era horretara, zahartze aktiboa sustatzen da.

Euskal Selekzioak eta Ingalaterrako taldeak 50 urtetik gorakoen eta 60 urtetik gorakoen kategorietan jardun zuten. ‘Walking Football’ modalitatearen Euskal Selekzioak nazioarteko ibilbideari ekin dio horrela, eta “hurrengo hilabeteetan sustatu eta bultzatzeko asmoa dago, ahalik eta sendoen iristeko 2022ko maiatzera, ‘Walking Footbal’ modalitateko selekzio nazionalen munduko lehenengo txapelketa izango baita Manchesterren (Ingalaterra), FIWFAk antolatuta”, jakinarazi du Euskal Federazioak.

‘Walking Football’ kiroleko euskal selekzioak galdu egin zuen Ingalaterraren kontra egindako estreinaldian: 2-12 galdu zuen 60 urtetik gorakoen kategorian eta 1-9 50 urtetik gorakoetan, Lezamako instalazioetan jokatutako partidetan. Partida horien irudia futbol 7ko partida batekin lotu daiteke, jolas-eremu txikiago batean eta 50 edo 60 urtetik gorakoek egin dezaketen abiaduran.


‘Walking Football’ kirolak jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatzen ditu; gaixotasunei eta osasunerako jokabide kaltegarriei aurre hartzen die; talde bateko kide izatearen sentipena eta akonpainamendua bultzatzen ditu, bai eta komunikazioa eta susperraldi psikologikoa ere; hobetu egiten ditu pertsonen arteko harremanak; autoestimua, autokonfiantza, ahalduntzea eta independentzia handitzen ditu; eta, era berean, nork bere mugak gaintzeko nahiak, motibazioa eta erresilientzia sustatzen ditu.

Azpimarratzekoa da ‘Walking Football’ modalitateak abantaila handiak dituela osasun fisikoari eta buru osasunari dagokienez. Jokalariak argaldu egiten dira, hobetu egiten dute bihotzeko osasuna, arintasuna eta mugikortasuna, eta oreka berreskuratzen dute. Eta hori oso positiboa da, erorikoak izaten baitira adinekoen istripu gehienen jatorria. Ohiko futbolaren arrisku fisikoak murrizteko helburuarekin, arauak egokitu egin dira futbol modalitate honetan.


‘Walking Football’ 2011n sortu zen, eta helburu nagusia izan zen adinekoak sasoi betean egotea, gustukoen duten kirola egiten: futbola. Partidak erritmo mantsoagoan jokatzen dira, noski, giharretako, giltzaduretako edo bestelako lesioak murrizteko, eta orobat arintzeko oinazeari, minari, deserosotasunari, gehiegizko nekeari eta abaildurari lotutako sintomak edo bestelako nahasketak. Modalitate berri honek interes eta jakin-min handia sortu du, eta horren erakusgarri da euskal selekzioaren osaera.

Mantsoago egiten den kirol honen onurak hauek dira: hobetu egiten da arterien presioa eta baita bihotz-arnasketari dagozkion parametroak eta parametro baskularrak ere. Eta bereziki aipagarria da pertsonentzat hain garrantzitsua den asebetetasun sentipena, horrek oso modu positiboan eragiten baitu pertsonaren osasunean oro har. Bestalde, estres maila murritza da, eta kirol hau egiten den bitartean ez da gehiegizko ahalegina egiten denaren sentipena edukitzen.

Lotutako berriak