generacion z
Itzuli

Z Belaunaldia mugimenduan

Internetekin batera jaio dira, mugikor adimendunekin hazi dira, eta klima-aldaketaren zama astuna bizkarrean dutela sartu dira helduaroan. Beharbada, horiek izango dira Z belaunaldiak talde gisa dituen ezaugarri komun nagusiak. Z belaunaldikoak dira, hain zuzen, gutxi gorabehera 1996tik 2009ra jaiotako biztanleria-segmentua. Gaur egun 15 eta 28 urte bitarte dituzte, munduko biztanleriaren laurdena osatzen dute, eta errealitate geografiko eta sozioekonomiko oso desberdinak bizi dituzte. 

 Estatu mailan, Estatistikako Institutu Nazionalak 2001ean egineta 2023an eguneratutako “Biztanleriaren eta etxebizitzen funtsezko ezaugarriei buruzko inkesta”n jasotzen denez, lantokira/ikastetxera joateko eguneroko garraiobide nagusiari dagokionez, 30 urtetik beherakoek erabiltzen dute gutxien ibilgailu partikularra (% 45ek; 30-49 adin-tartean, % 71,7k); gainera, 30 urtetik beherakoek erabiltzen dute gehien garraio publikoa (% 29), eta beste asko oinez joaten dira (% 21,6). 
Datu horiek bat datoz Europa osoko datuekin; McKinsey aholkularitza-enpresak 2023an argitaratutako inkestaren arabera —Frantziako, Alemaniako eta Erresuma Batuko 4.000 pertsona baino gehiagoren ohiturak eta lehentasunak jaso zituen—, Z belaunaldikoen % 32k baino ez zuten lehenetsi ibilgailu pribatua etorkizunerako garraio nagusi gisa, garraio publikoaren azpitik (% 43) eta mikromugikortasunaren (mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak, bizikletak eta motor elektrikoak) azpitik, zeina % 41era iristen baita dagoeneko. Gainera, McKinseyk nabarmendu zuen multimodalitatea hedatuago dagoela gazteen artean, haien malgutasunari eta gaitasun digitalei esker. 

Inkesta horiei erreparatuta, argi dago zerbait aldatzen ari dela, eta, Mariano Urracok (Soziologian doktorea Madrilgo Unibertsitate Konplutentsean) azaldu duenez, garrantzitsua da azpimarratzea belaunaldi hori krisialdi-testuinguruan hazi izan dela ia etengabe 2008tik, eta prekaritatea eta aldakortasuna naturalizatu dituztela. M. Urracok honela dio: “Lehen, gure bizimodua etxebizitza bat edo ibilgailu bat izateak, lanpostu finko batek… markatzen zuten. Haientzat askoz zailagoa da lotura sendoak ezartzea. Hortik sortu dira mugikortasun-modu berrietako batzuk. Merkatuak onura bat sortu du premia horretatik. Ez daukat argi Z belaunaldikoei autoa partekatzea gustatzen ote zaien, baina ez dute beste aukerarik”. 

 Dena den, datuek erakusten dutenez, gazteen joerak aldatu egin dira, eta ez inkestetan bakarrik. DGTren datuen arabera, 2003an, 18 urtetik 28 urtera bitarteko gazteek eskuratzen zituzten B motako gidabaimenak; 2023an, ehuneko hori % 67ra jaitsi da. Apirilean eman zituen Pere Navarro Trafikoko zuzendari nagusiak horri buruzko azalpenak: “Landa-inguruneko Espainian, 18 urterekin ateratzen dute gidabaimena; eta, hirian, 27 urtetik aurrera; hau da, premia dutenean”. Izan ere, mugikortasun berri hori hirietan nagusitu da batez ere, eta askoz neurri txikiagoan landa-eremuetan eta biztanle gutxiagoko tokietan. 

ALDAKETA NAGUSIA HIRI-MUGIKORTASUNEAN GERTATU DA. Hona zer esan duen Pablo Morante Espainiako Gazteria Kontseiluko Klima Ekintzako arduradun eta Z belaunaldiko kideak: “Hiri-ingurunean bizi garenontzat autoa jada ez da lehentasuna, beste aukera batzuk ditugulako. Multimodalitatearekin eta mugikortasun partekatuarekin zerikusia duen guztia errazten du teknologiak. . Eta, bidaiatzen dugunean, erraz eta merke bidaiatzeko ohitura dugu. 20 euroan hegaldi bat eros daiteke, eta BlaBlaCar bat har dezakegu beste hiri bateko jaietara joateko; hala, badugu mugitzeko aukera, lan-prekaritate eta guzti”. 

Gainera, aldaketa hori globala dela ikusteko, garrantzitsua da Estatu Batuetako (automobilgintzaren gunea) egoera aztertzea: ibilgailuen jabetza eta emandako gidabaimenen kopurua nabarmen murriztu dira gazteen artean, arrazoi finantzarioengatik eta bizi-estiloarengatik; izan ere, etxebizitzak eta ibilgailuak garestitu egin dira, ikasle-bizitza luzatu da, emantzipazioa eta lanean hasteko unea atzeratu dira, eta hirietako biztanleriak gora egin du (garraio-aukera gehiago daude hirietan). 

Horrekin guztiarekin batera, mugikortasun aktiboa eta jasangarria bultzatu duten politikak garatu dira: emisio gutxiko eremuak martxan jartzea, trafikorako espazioaren berrantolaketa modala, aparkalekuak murriztea, hiriguneak oinezkoentzat egitea, garraio publikoa hobetzea eta mikromugikortasun-zerbitzuak bultzatzea. Gaur egun, EBn, ibilgailu pribatuak jarraitzen du aukera nagusia izaten adin-tarte guztietan, baina gazteen artean (15-29 urte) tarte txikia ateratzen dio dagoeneko oinez ibiltzeari, eta bizikleta eta garraio publikoa gorantz doaz etengabe. 

Azkenik, zer neurritan eragiten du klima-aldaketak mugikortasunaren inguruan hartzen dituzten erabakietan? Hau dio Pablo Morentek (Gazteria Kontseilua): “Egia da kontraesankorra dela kosta ahala kosta mugitu nahi izatea, hegaldi merkeekin, eta ingurumena zaintzea. Baina egia da, halaber, gure belaunaldia aitzindaria dela trenez joateko aukera dagoenean hegaldi laburrak bertan behera uzteko aukera bultzatzen; gainera, borrokan ari gara bizikleta eta mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak aukera erreala eta segurua izan daitezen”. 

Horregatik, hau da ondorioa: gure gazteak “gidari” dira mugikortasun berrian. 

Lotutako berriak