Maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatzen da. Mutualiak bat egiten du Erizainen Nazioarteko Kontseiluak aurtengo hautatutako leloarekin: “Gure erizainak. Gure etorkizuna. Erizainak zainduz ekonomia indartzen dugu”. Izan ere, aurtengo leloak erizainen osasunean eta ongizatean eta horrek ekonomian eta osasun-sistemetan duen eragin positiboan jartzen du arreta.
Mutualiaren hiru ospitaleetan eta anbulatorioetan, 130 erizain profesionalek baino gehiagok egiten dute lan egunero pazienteak zaintzen eta artatzen. Erizaintzako Zuzendaritzak asistentziaren kalitatea eta praktika kliniko bikaina bermatzen ditu, eta, gainera, konpromisoa du erizainen garapen profesionalarekin.
Izan ere, etengabeko prestakuntza funtsezkoa da Mutualian asistentziaren kalitatearen bikaintasuna eta pazientearen segurtasuna bermatzeko. Horregatik, Mutualiako erizainek diziplina anitzeko zenbait talde zuzentzen dituzte, eta pertsonen zaintzari, arretaren humanizazioari eta pazientearen segurtasunari lotutako proiektu berritzaileak bultzatzen dituzte.
Erizainen Nazioarteko Kontseiluaren txosten batek aditzera ematen duenez, badira zantzu batzuk erizainen ongizatearen krisi global gero eta handiago batez ohartarazten dutenak. Halaber, azpimarratzen du garrantzitsua dela erizainei babesa ematea, “ez soilik zuzenena delako, baizik eta modu bakarra delako osasun-sistema, ekonomia eta gizarte indartsu eta erresilienteak eraikitzeko. Mutualiak konpromiso argia du bere pertsonen zaintzarekin. Horregatik, Mutualiako erizaintzako taldeak ere parte hartu du María Egea Carro erizain eta Deustuko Unibertsitateko doktoregaiak egindako doktore-tesian: “Erizainen funtzionamendu psikosozial eta laboralerako, bizi-kalitaterako eta ongizaterako arrisku- eta babes-faktoreak”. Haren helburu nagusia da erizainen bizi-kalitatea eta ongizatea aztertzea; Mutualiako erizainena, bereziki.
Erizaintzaren Egun honetan, ezin dugu aipatu gabe utzi Frantzisko Aita Santuak egindako hausnarketa, esan baitzuen erizainak “itxaropen-aingeruak” direla. Haien ezagutza zientifiko-teknikotik harago, jendea entzuten, ulertzen eta kontsolatzen egunero egiten duten ahalegin biziak pertsona guztien osasuna zaintzeko egiten duten bokaziozko lanari buruz hausnartzeko bidea ematen digu. Maiatzaren 12 honetan, Mutualiak bere esker ona adierazi nahi die erizain guztiei, harremanaren bidez gizartea humanizatzen eta etengabe hartaz arduratzen egindako ekarpenagatik.
