
“Sustainable PURCHASING leadership Council (SPLC)” gobernuz kanpoko erakunde estatubatuarrak, erosketen trantsizio jasangarrirako lidergoa babestu eta aintzatesteko xedea duenak, Eusko Jaurlaritzaren Erosketa Publiko Berdearen Programa saritu du, erosketa jasangarriaren arloan Administrazio Publiko onena bezala.
Erosketa eta Kontratazio Publiko berdea Programak 2016an onartu zen, eta haren xedea 2020rako kontratazio publikoan ingurumen irizpideen erabilera gutxienez %50 izatea zen. Horretarako urte hauetan EAEko Administrazio Publiko osoa bere erosketa- eta kontratazio-prozesuetan ingurumen-irizpideak txertatzera bultzatu dute. Erosketa Berdearen programak –haren idazkaritza teknikoaren lanak Ihobe sozietate publikoak betetzen ditu– erosketen % 46 berdetzea lortu duten 38 erakunde publiko ditu, besteak beste, Mutualia.
Arantxa Tapia sailburuak, saria jasotzean, erakundeek eta atxikitako enpresek elkarrekin egindako ahalegina aitortu zuen:
“Sari honek duela 15 urte baino gehiagotik euskal administrazio publiko osoak erosketak ingurumen-irizpideen arabera prestatzeko egiten ari garen lanari balioa ematen dio eta programaren arrakasta Eusko Jaurlaritzaren eta enpresa pribatuen arteko lankidetzari esker lortu da, erosketa publikoetan eskatzen diren ingurumen-irizpideak definituz, produktuen eta zerbitzuen 28 kategoriatan. Horri esker, gure merkatuak aukera izan du ingurumen-abantailak dituzten produktuak eta zerbitzuak eskaintzeko “
Iturria: Irekia (euskadi.eus)