Itzuli

“Zure gizarte segurantza” web atari berria

Uztail honetan, “Zure Gizarte Segurantza” ataria jarri da abian, www.seg-social.es orriaren barruan; herritarrekin harremanetan jartzeko ingurune elektroniko berri bat da, eta helburua da erraztasunak ematea erabiltzaileei, , hala nahi badute, bide telematiko berri hori erabil dezaten Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalarekin (GSIN) dituzten harremanetan.
Sistema horren oinarria da erabiltzaile bakoitzari “kontu pertsonal bat” ematea interneten, eta abantaila argi bat du: erabiltzailearen eta gakoaren bidez jarduten du, eta, hortaz, ez da beharrezkoa ziurtagiri digital bat edukitzea. GSINek herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzurik gehienak egin ahal izango dira atari honen bidez, pixkanaka-pixkanaka (lehen zerbitzuak abian dira uztailetik, beste batzuk urrian egongo dira erabilgarri, eta azkenak, 2015eko lehen seihilekoan).
Horretarako,  Harreman eta Argibideetarako Zentroren batean, edozeinetan, erregistratu behar duzu, telefono mugikorreko zenbakia eta helbide elektronikoa emanez.
Lehendabizikoz, herritarrak modu automatiko eta pertsonalizatuan eskuratuko du Gizarte Segurantzari buruzko bere informazioa.
Zure Gizarte Segurantza desberdina izango da erabiltzaile bakoitzarentzat, haren egoerari eta lan-baldintzei egokituko baitzaie; horixe da, hain zuzen, atariaren diseinuaren gauzarik berritzaileena. Espazio pribatu bat da, eta hor herritarrak Gizarte Segurantzarekin duen edozein harremani buruzko informazio osoa aurkitu ahal izango du (langile, pentsiodun, osasun-laguntzaren onuradun eta abar). Era guztietako izapideak egin ahal izango dira, eta edozein prestazio eskatu, bai eta edozein txosten edo ziurtagiri eskuratu ere.
Eroso eta erraz, honako zerbitzu hauek egongo dira eskura, beste askoren artean:
•Osasun-laguntza jasotzeko, aseguramendua egiaztatzeko agiria lortzea.
•Europako Osasun Txartela eskatzea (eta aldi baterako ordezko ziurtagiria lortzea).
•Pentsioaren ziurtagiria lortzea, edo pentsioduna ez dela ziurtatzen duen agiria.
•Erretiroko adinari buruzko informazioa, kotizazio-aldiaren arabera, eta kotizazio-aldiak lan-bizitzan.
•Erretiro-pentsioaren simulagailua, erretiro-modalitate guztiak kontuan hartuta.
•Erretiroa, alarguntza edo zurztasuna aitortzeko espedientearen izapidea zertan den kontsultatzea.
•Onuradunak sartzea osasun-laguntza jasotzeko.
•Pentsiodunak behar dituen gestio guztiak (pentsioa lekualdatzea helbide-aldaketagatik, PFEZa aldatzea berak hala nahi duelako…).
•Amatasuneko eta aitatasuneko prestazioen eskabideak automatikoki tramitatzea.
•Erretiro-pentsioa, alarguntza-pentsioa, zurztasun-pentsioa eta heriotzagatiko laguntza eskatzea.

Lotutako berriak