Itzuli

2016ko Bonus kanpaina

Joan den abuztuaren 15ean, 2016an aurkeztutako Bonus pizgarrirako eskaerei buruzko proposamen-txosten ez-lotesleak Gizarte Segurantzako Antolamendu Zuzendaritza Nagusiari (GSAZN) igortzeko epea amaitu zen.

Bonus pizgarri-sistema arautzen duen 404/2010 EDa argitaratu zenetik urtero gertatu den bezala, aurten ere apirilaren 1etik ekainaren 30era luzatu da eskariak aurkezteko epea.

Kanpainak iraun duen hiru hilabete horietan, Mutualiaren pizgarria jasotzeko 134 eskaera aurkeztu dira, 116 enpresaren eskutik; hortaz, eskaerek % 6 baino gehiago egin dute behera 2015eko kanpainan aurkeztutakoekin alderatuta.

Aipatutako 134 eskaera horiek alde batera utzita, Mutualiako kide diren gutxienez beste 8 enpresak eskaera beste mutua batean aurkeztuko dutela uste dugu, kotizazioko kontu-kode nagusia mutua horretan babestuta daukatelako. Hortaz, gure kalkuluen arabera, kanpaina honetan Bonus pizgarria eskura dezaketen eskaerak guztira 142 izango dira, eta horietatik 6 baztertu beharko dira, atzera egin dutelako edo ezeztatu direlako.

Halaber, 136 eskaera horiek guztira 1.910.000 €-ko pizgarria lortu dezaketela kalkulatzen dugu. Horrek esan nahi du eskaeren batez besteko pizgarria 14.000 €-tik gorakoa izango dela. Guztizko zenbateko horrek Mutualiak 2016an lanbide-kontingentziengatik bilduko dituen kuoten % 0,98 osatzen du.

Eskaera bidez berreskuratutako lanbide-kontingentzietako kuoten batez besteko portzentajea ordaindutako kuoten % 8,14ra iritsi ahalko da (% 5 gutxienez eta % 10 gehienez, inbertsioen mugarekin kasu bietan).

Ikuskapen-aldiari dagokionez, eskaeren % 97k 2015eko ekitaldia baino ez du behar izan lanbide-kontingentziengatik kotizatutako 5.000 €-ko gutxiengo bolumena eskuratzeko. Eskarien % 2k ekitaldi batez baino gehiagoz osatutako ikuskapen-aldia (2014-2015 edo 2013-2015) behar izan du kotizazio-bolumen hori lortzeko; eta gainerako % 1 hori 2012-2015 ikuskapen-aldian aipatutako kotizazio-bolumenera iritsi ez den «enpresa txiki» bati dagokio.

Artikuluaren hasieran azaldu dugun bezala, kanpaina honetako proposamen-txosten ez-lotesleak GSAZNri bidali zaizkio dagoeneko, eta aurreko kanpainak oinarritzat hartuta, ez dugu uste 2017. urtearen amaiera arte ebatziko direnik. Ebatziko den hurrengo kanpaina 2015ekoa izango da (2014ko ikuskapen-aldia) eta datorren abenduan edo urtarrilean gertatuko da.

Bonusaren baldintzak betetzen diren kontrolatzeko kanpaina

Azkenaldian Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza (LGSI) aurreko kanpainetan Bonus pizgarria eskatu duten enpresen artean Bonus pizgarriaren eskaeran adierazitako informazioa dokumentalki egiaztatzeko kanpaina bat egiten ari dela jakinarazten dizuegu. Ez dakigu LGSIa zer hautaketa-irizpide ari den aplikatzen, baina Bonusaren araudian xedatutakoari jarraiki, besteak beste, prebentzioko ordezkarien adostasuna adierazten ez duten eta horien alegazioak jaso dituzten eskaera guztiak aukeratuko dira.

LGSIa honako dokumentazioa eskatzen ari da: arriskuak ezabatzen edo murrizten dituzten LAParen arloko inbertsioak justifikatzeko dokumentazioa, eskaeran aurkeztutako adierazpena betetzen dela bermatzen duten LAPeko Kudeaketa Sistemaren agiriak (arriskuen ebaluazioa, LI edo LG ikerketak, osasun-zaintza, prestakuntza, informazioa, etab.), eta, bereziki, 404/2010 Errege Dekretuaren 2.1.g artikuluan jasotako bost ekintza espezifikoetatik bi gutxienez gauzatu izana frogatzen duena.

Era berean, ezbehar-tasa orokorraren eta muturrekoaren mugak gainditzen ez direla egiaztatzen duen agiri bat aurkeztu behar da (Mutualiak emango die eskatzen duten enpresei).

 

Diego Badosa Quintana. LAJU prozesuaren zuzendaria

Lotutako berriak