pertsona talde bat minibus batera sartzen
Itzuli

Mugikortasun Jasangarriari buruzko 9/2025 Legearen gakoak 

Mugikortasun Jasangarriari buruzko 9/2025 Legeak, 2025eko abenduaren 5etik indarrean dagoenak, betebehar berri bat ezartzen die enpresei: lantoki jakin batzuetan Lantokirako Mugikortasun Jasangarrirako Plan bat izatea.

Helburua honako hau da: emisioak murriztea, bide-segurtasuna hobetzea eta mugikortasun modu eraginkorragoak, inklusiboagoak eta jasangarriagoak sustatzea.

  • Zer da Mugikortasun Jasangarriari buruzko 9/2025 Legea?

Estatuko arau bat da, mugikortasunerako eskubidea berdintasun-baldintzetan bermatzeko eta, Espainiako lurralde osoan, sistema seguru, eraginkor, jasangarri eta justu bat sustatzeko esparru orokor bat ezartzen duena.

  • Zer betebehar berrik eragiten die zuzenean enpresei?

Enpresek Lantokirako Mugikortasun Jasangarrirako Plan bat ezarri beharko dute beren lantokietan, lantaldearen atalase jakin batzuk gainditzen dituztenean.

  • Zein enpresa daude behartuta Mugikortasun Plan bat izatera?

Honako hauek izan behar dute plana:

  • 200 langiletik gorako lantokiak, edo
  • lanaldiko 100 pertsona baino gehiago dituztenak,
  • betiere lekua ohiko lantokia bada.
  • 2027ko abenduaren 5a da hori betetzeko gehieneko epea.
  • Sektore publikoari ere eragiten dio?

Bai. Honako hauei ezartzen zaie betebeharra:
Estatuko sektore publikoari, atalase berberetan.
Beste entitate publiko batzuei, eskumena duen administrazioak hala ezartzen badu.

  • Zer da Lantokirako Mugikortasun Jasangarrirako Plana?

Zuzendaritzak bultzatutako eta langileen legezko ordezkariekin negoziatutako neurri multzoa da, honako hauen joan-etorriak arrazionalizatzea helburu duena:

  • Langileak
  • Bezeroak
  • Hornitzaileak
  • Bisitariak
  • Derrigorrezkoa da langileekin negoziatzea?

Bai.
Legeak Langileen Estatutua aldatu du, eta plan horiek negoziazio kolektiboaren esparruan negoziatzeko betebeharra ezarri du.

Legea indarrean jartzen denetik aurrera eratutako negoziazio-batzordeei aplikatzen zaie betebehar hori.

  • Zer jaso behar du Mugikortasun Planak?

Besteak beste, honako hauek:

Garraio kolektiboa eta mugikortasun aktiboa bultzatzea.
Emisio baxuen edo zero emisioen mugikortasuna sustatzea.
Mugikortasun partekatua edo kolaboratiboa.
Telelan-neurriak, ahal denean.
Bide-segurtasuna hobetzea eta istripuak prebenitzea.
Karbono-aztarnaren balizko konpentsazioa.
Okupazio altuko lantokietarako neurri espezifikoak (1.000 pertsona baino gehiago).

  • Zer dira okupazio altuko lantokiak?

Honako hauek:

  • 1.000 langiletik gora dituztenak.
  • 500.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan edo metropoli-guneetan daudenak.

Lantoki horiek neurri gehiago aplikatu beharko dituzte puntako orduetan mugikortasuna murrizteko eta garraio jasangarria sustatzeko.

  • Plan horien kontrol edo jarraipenik egiten da?

Bai.
Honako hau bete beharko dute planek:
EDIMeko Mugikortasun Planen Erregistroan inskribatuta egotea.
Bi urtean behingo jarraipen-txosten bat izatea, beren inplementazio maila ebaluatzeko.

  • Bada laguntza edo dirulaguntzarik?

Bai.
Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministerioak honako enpresa hauentzako dirulaguntzak onartuko ditu:

  • 100 langiletik gora dituztenak, edo
  • lanaldiko 50 baino gehiago dituztenak.

Lehia-araubidearen bidez emango dira dirulaguntzak.

  • Zer gertatzen da ez bada betebeharra betetzen?

Legeak zehapen-araubide bat jaso du.

Arau-hauste astunak:

2.001 eta 6.000 € arteko isunak (adibidez, EDIMi datu faltsuak ematea).

Arau-hauste arinak:

101 a 2.000 € arteko isunak (adibidez, ezarritako epean planik ez izatea edo jarraipen-txostenik ez aurkeztea).

  • Zein da enpresentzako mezua?

Aurrea hartzea funtsezkoa da.
Mugikortasun Plana egitea, lege-betebeharra ez ezik, honako honetarako aukera ere bada:

  • Zeharkako kostuak murriztea.
  • Langileen osasuna eta segurtasuna hobetzea.
  • ESG estrategia eta jasangarritasun korporatiboarena indartzea.

Mugikortasun jasangarria: Estatuko eta EAEko araudien artean txertatzea:

  • Zer ondorio praktiko du EAEko enpresentzat?

Abenduaren hasieratik dago indarrean Mugikortasun Jasangarriari buruzko 9/2025 Legea. Estatuko arau horrek betebehar berriak ezartzen dizkie enpresei langileen mugikortasunaren arloan. Hala ere, EAEn gai hori araututa zegoen aurretik, eta horrek funtsezko galdera bat dakar: estatuko legeak eskakizun berririk dakarkie EAEko enpresei?

  • EAEko araudia: 11/2023 Legea, Mugikortasun Jasangarriari buruzkoa

Aldez aurretik, EAEk Mugikortasun Jasangarriari buruzko 11/2023 Legea onartu zuen, Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearekin lotuta, eta betebehar espezifikoak ezarri zituen Euskal Autonomia Erkidegoko lantokietarako.

Kasu horretan, eskakizuna aktibatu egiten da lantokian, lanaldiko, 100 pertsonak baino gehiagok dihardutenean, honako hauek barne:

  • bertako langileak,
  • langile autonomoak,
  • azpikontratatutako enpresetako langileak, lantokian dihardutenak.

EAEko araudiak lantokirako garraio-plan bat egitea eskatzen du, garraio publikoaren eta mugikortasun jasangarriko beste aukera batzuen erabilera errazteko.

  • Badago bateraezintasunik bi arauen artean?

Ez.
Ez dago kontraesanik; aitzitik, estatuko araudia eta autonomikoa elkarren osagarriak dira. Estatuko legeak gutxieneko komun batzuk ezartzen ditu, estatu osoan aplika daitezkeenak; EAEko araudiak, bestalde, betebehar horietako asko barne hartzen dituen —eta aurrea ere hartzen du— eskakizun maila du.

  • Zer egin behar dute orain EAEko enpresek?

Oro har, autonomia-erkidegoko araudia betetzen duten EAEko enpresek ez dute funtsezko neurri berririk ezarri beharrik.

Hala ere, honako hau gomendagarria da:

  • Planak berrikustea, 9/2025 Legearekin formalki bat datozela ziurtatzeko.
  • Plana legezko ordezkaritzarekin negoziatu dela egiaztatzea.

Beren burua prestatzea plana EDIMen erregistratzeko eta estatuko araudiak eskatutako aldizkako jarraipen-txostenak egiteko.

  • Ondorioa

9/2025 Legea indarrean sartzeak ez dakar betebehar erabat berririk EAEn; izan ere, EAEko arau-esparruaren parte zen eskakizun bat homogeneizatzen du estatu mailan.

Enpresentzako gakoa lehendik dauden planak egokitzea eta indartzea da, eta autonomia-erkidegoko zein estatuko araudira egokitzen direla ziurtatzea

Lotutako berriak